Oraingo honetarako gaia, uztailaren 13an, Urretxun nengoela bururatu zitzaidan. Bueno, Santa Isabeleko jaitsieran ere izan zen ekarpenik. Egun horretan Ehunmiliak mendi lasterketan parte hartzen ari ziren kirolariak pasa ziren aldamenetik, gehiengoa gainera korrika. «Eta horrela 168 kilometrotan?» pentsatu nuen. Eta hori, zer dela eta? Nire ustez gehiegizko proba da, mendia ez al da pasieraz gozatzeko? Ba froga honetan gauez ere korrika ibiltzen dira, frontal batekin mendian gora eta behera, parean hamar kiloko onddoa ere ikusiko ez luketela, horrek dakarren arrisku guztiarekin. Kirola era osasuntsuan egitearen mugak ere gainditzen dituztela iruditzen zait, 168 kilometro batere lorik egin gabe. Askok euren mugak gainditzen dituzte, eta badakizu zer pasatzen den kasu horietan. Zorionez, Ehunmiliarekin ez da istripurik izan, baina Behobia-Donostian hildakoak ere egon dira. Egia da inork ez duela inor parte hartzera behartzen, euren erabakia dela; baina, hala ere, gehitxoko proba da nire ustez. Norbaitek 500 mila antolatuko balitu, jendeak parte hartuko luke? Ba ziurrenik bai, baina normala al da? Gizon proba egiten dutenak ere hor daude!
Mendi martxekin jarraituz, tristea da baita Aitor Osak eta beste bi korrikalarik Arratzuko mendi lasterketan positibo eman izana, herri lasterketa batean… horrela dirua irabaziko balute, ba tira… baina bestela!
Igor Susaeta
Tolerantziako txapeldunak izaten irakatsi digute, Guardiola baino zuzenagoak edo eleganteagoak gara politikoki, eta, hortaz, gure (eta zuen) irakasle ilustre batek errepikatzen zigun bezala, zera esango dizut, hasteko: «Bakoitza den bezalakoa da, eta eskailerak nahi dituen bezala jaisten ditu». Nik ere eduki izan ditut zure burutazioak. Ohiko erantzuna izaten da, ba euren buruei, lankideari edo lagunari erronka jo diotelako lehiatzen direla halako astakerietan. Izan ere, erokeria horien antolatzaileek beraiek sustatzen dute norgehiagoka, denbora muga batzuk jarrita. Tira, kontrolik ez existituta ere jendea korrika batean ibiliko zen. Ziur nago. Lehia bat da. Mendian oinez ibiltzea ere gaizki ikusita dago ia-ia. Ene! Zenbat atleta dauzkagu inguruan! Izan zaitez, egin zaitez kirolari isotoniko eta histrioniko, barra, gel edo bestelako pitokeria biziberritzaileen jatun amorratu, lagun. Entrenatu ere, amorratuta.
Nire txikitasunean, tokatu zait mendi edo txirrindularitza probaren batera apuntatzea, eta, beraz, hori prestatzea. Entrenatzen ez da beti disfrutatzen, inondik ere, batzuetan behartuta egiten delako. Pentsa orduan 168 kilometroko astakeria hori egiteko zenbat aldiz behartu behar izan duten euren burua. Baina badakizu behin entrenamendua bukatuta dutxa beroa hartuko duzula, umoreak garratzetik gozora egingo dizula, eta kontatzeko zerbait edukiko duzula. Esango nuke bukaerako satisfakzio txiki, ertain edo handi horrek sufrikarioa konpensatzen duela. Finean, horregatik, eta irabazteak edo postu on bat egiteak sortzen duen asebete sentsazioak direla astakeria horiek egiteko motiboak.