Segura eta Zegama batzen dituen bidean badira hainbat txoko berezi, alboko errepideak ezkutatu dituenak. Segurako Magdalena auzotik hasi eta Zegamako Intxaustiko industriagunearen atarira arte bi herrien historian garrantzitsuak izan diren hainbat gune ezkutatzen dira; errepide nagusia gertu egon arren, 2009an inauguratutako bidegorriak batzen ditu denak.
Santiagora bidean hainbat erromesek eta herritarrek garia eskuratu zuten lekutik hasten da ibilbidea, Madalenako errota egon zen ingurutik. Haren aztarnak herri sarrerako biribilgunean daude, apaingarri, eta aurrerago, baita presa ere. Haren gaineko zubitik igaroz iritsiko gara Lesaka errota parera, eta bidean aurrera jarraituta Armaola izango da hurrengoa. Eta Errota Berrikoa laugarrena. Denen aldaparoak eta presak desgertuta daude jada, baina, Segurak gariarekin zuen lotura erakusten duten elementuen aztarnak ikus daitekezke ibilbidean zehar. Zegamara arte Arrabiolako burdinola da antzinako beste aztarnetako bat.
Erroten eta aztarnen zerrendak Zegaman du jarraipena; baita ibilbide guztian zeharreko natur adierazpena ere, erabat nabarmena dena. Madalenatik hasi eta Maduran barrena txorientzako kabiak, zaldiak eta behorrak, astoak, oiloak eta oilarrak ibaiko zubia zeharkatzen… ikus daitezke. Mota guztietako zuhaitzak eta landareak ere ezagutu daitezke, eta izei handien artean oinez igaro.
Bideak ez du galbiderik, egurrezko hesiek eta lurreko marrazkiek gidatzen baituzte bisitariak bidegorrian aurrera, zuzen, bidegurutzerik gabe. Galbiderik ezean, gozamenerako eremua da bi herrien lotunea, oinez, bizikletan zein patinetan egiteko egokia, eta familia giroan ariketa eginez historiaz eta naturaz gozatzeko aproposa.