Beasaingo kale eta plaza baten izena da Joan Iturralde. Izen horren atzean, On Juan Jose Usabiaga apaiz antifrankista dago, La guerra de Franco, los vascos y la Iglesia liburuaren egilea. Saran (Lapurdi) 1981ean hil zen beasaindarra.
Beasaingo Altamira baserrian jaio zen Juan Jose Usabiaga Irazustabarrena, 1897ko maiatzaren 20an. Lehen ikasketak herriko Loinazko San Martin ikastetxean egin zituen, eta ondoren, Tolosako Sakramentinoetan aritu zen, apaiz egin arte. Europako eta Amerikako zenbait ikastetxetan irakaslea izan zen.
Espainiako 36ko gerraren ondorioz, 1937ko maiatzaren 16an atxilotu eta Donostiako Ondarretako kartzelan sartu zuten, 15 egunez. «Aurrez libre nengoela zioten paperak sinarazi zizkidaten eta ondoren polizien kotxe batean mugaz bestaldera eraman ninduten», dio Argia astekarian, Murumendik, Iturralde: Apaiz Antifrankista izenburupean argitaratutako elkarrizketan. Donibane Lohizunen, Paben eta Vichin ibili ondoren, «Daxeko gotzainari aurkeztu nintzaion Eliza lanetarako neure burua eskainiz». Frantziako Josse herriko erretore izan zen 1945era arte.
Ondarretako kartzelan sortu zitzaion gerraz eta elizaz idazteko gogoa Argiako elkarrizketak jasotzen duenez. «Kartzelan geunden apaiz euskaldunok, egunero aztertzen genuen egoera, eta hauxe ikusten genuen: erlijioaren eta elizaren izenean ari zirenek, okerkeria eta txarkeria ugari eta heriotzeak gupida gabe egin zituztela eta inork ez zuela hitzerdirik ere aurka ateratzen. Inork ezer esaten ez zuenez, bada inoiz handik bizirik irtetzeko zoririk izaten banuen, gauza horiei buruz egia idazteko asmoa sortu zitzaidan». Pentsatu eta egin. Joan Iturralde ezezinarekin, 1956an El catolicismo y la cruzada de Franco bilduma argitaratu zuen hiru liburutan. Iturralde ezizena, haurtzaroan oso gogoko zuen jaiotetxeko jabetzetako batetik hartu zuen.
Zabalkunde handia izan zuen Iturralderen lanak, nahiz eta zabalkundea zaila izan zen. «Kontrabandistek pasatzen zuten Hego Euskal Herrira, kiloko prezioa jarririk… eta pixu handiko karga zen… Mendiko txaboletan gordetzen ziren aleak Gipuzkoan eta Nafarroan. Bizkaian eta… zailagoa zen urrutirago zeudenez…».
Madrileraino ere iritsi zen El catolicismo y la cruzada de Franco bilduma, Gregorio Marañon medikuaren bitartez. «Franco berarengana ere heldua ukan behar zuen. Nik, militar batzuren ezagupideengandik jakin ahal ukan nuenez, min handia hartu omen zuen irakurtzean eta berehala hasi omen zen nitaz ‘arduratzen’», zioen 1979ko maiatzaren 20ko Argian. Joan Iturralderen benetako nortasuna laster jakin zuen poliziak, eta Hego Euskal Herrira etortzeari utzi zion beasaindarrak. Bigarren argitalpenean, 1978an, izenburua aldatu zion: La guerra de Franco, los Vascos y la Iglesia.
Franco hilda gero, 1979an jaioterrira itzuli zenean, Beasainen omenaldia eskaini zioten ekainaren 3an, Usurbe zinean. Txistulariak, Iturralde gertutik ezagutu zutenen hitzalditxoak, eta Iturralderi buruz ikastetxeetan antolatutako idazlehiaketaren sari banaketa izan ziren. Apaiz ugarik eta euskal poltika eta kultur arloko pertsona ospetsu ugarik hartu omen zuen parte omenaldian. Juan Jose Usabiaga 1981eko azaroaren 1ean hil zen 84 urte zituela.