Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua Euskaraz bizi nahi dut ekimenean murgilduta dago. Juanlu Aranburu (Urretxu, 1963) Kontseiluako kideak azaldu duenez, euskaraz bizitzeko eskubidea eta nahia adierazi eta aldarrikatu nahi dute Euskaraz bizi nahi dut dinamikarekin.
Aldarrikapen horretarako, hainbat motako ekintzak egiten ari dira. Datorren larunbatean, hilak 22, Euskal Herriko 50 bat herritan, Euskaraz bizi nahi dut herri lasterketak antolatu dituzte. Goierrin hiru herritan egin dute bat ekimenarekin: Beasainen, Zegaman eta Lazkaon. Lasterketetan parte hartzeko, aurrez izena ematea komeni da www.euskarazbizinahidut.org webgunean. Legazpin, Zumarragan eta Urretxun ere, helburu berarekin ari dira urrirako lipduba eta flashmoba antolatzen.
Bai Euskarari (1998an), Euskaraz Bai (2008an), eta orain, Euskaraz bizi nahi dut dinamika ari da egiten Kontseilua. Zein desberdintasun dago lelo batetik bestera?
Hasiera batean Kontseiluak Bai Euskarari dinamika jarri zuen martxan. Euskararen aldekotasuna adierazteko dinamika bat zen. Hamar urte pasa ondoren, Euskaraz Bai kanpaina hasi zen; euskararen erabilera bultzatzeko dinamika zen. Orain martxan jarri dugun dinamika berria Euskaraz bizi nahi dut da. Lehen mugimendua 2010eko maiatzaren 15ean izan zen, Iruñean egindako manifestazioaren ondoren.
Oraingo honetan Euskaraz bizi nahi dut mezuarekin, bi helburu nagusi adierazi nahi ditugu: batetik, euskaraz bizitzeko eskubidea, eta bestetik, norbanakoek euskaraz bizitzeko nahia edo gogoa azpimarratzea.
Euskaraz bizi nahi dut adierazteko eta aldarrikatzeko, herri lasterketak antolatu dituzue Euskal Herriko 50 bat herritan. Zergatik aukeratu duzue korrika egitea?
Mugimendu zabal bati begira dago zuzenduta dinamika hori, gizarte mugimendu zabala eratzea baita helburua. Beraz, hainbat sektoretara jo dugu, helburu horri, bakoitzak bere erara, ekarpenak egin diezaizkion. Adibidez, film laburren lehiaketa egin dugu, Hizkuntzaren keinua liburua argitaratu dute 25 idazlek eta 26 ilustratzailek, Esne Beltza taldeko Xabier Solanok Nahi dut abestia egin du, Emakumezkoen Euskal Selekzioaren partida antolatu genuen, lipdubak, flashmobak, argazkiak… bakoitzak bere erara aldarrikatu du Euskaraz bizi nahi duela.
Datorren larunbatean, hilak 22, korrika egingo dugu. Kirol ekimena da, kirola osasuntsua dela iruditzen zaigulako. Hala ere, ez da lehiakorra izango, ez da saririk egongo. Familia giroan edo lagun giroan egiteko ekimen bat izango da, hau da, komunitatean, elkarrekin, giro onean eta alaitasunean egitekoa.
Euskaraz bizi nahi dut diozue, baina zer esan nahi du euskaraz bizitzeak?
Euskaraz lan egitea, erosketak euskaraz egitea, zinea eukaraz ikustea, kirola euskaraz egitea, medikuarekin euskaraz hitz egitea, euskaraz jolastea, euskaraz ikastea, Interneten euskaraz nabigatzea, euskaraz irakurtzea, kaleetako iragarkiak eta postontzietara iristen direnak eta produktuetako etiketak euskaraz irakurtzea, euskaraz irratia entzun eta telebista euskaraz ikustea…
Horretarako, sektore desberdinetako ordezkariekin izan ditugu harremanak: sindikatuekin, politikariekin, merkatariekin, euskalgintzako eragile guztiekin, kultura munduko eragile desberdinekin… Euskaraz bizitzeko eskubidea planteatu behar dugu sektore eta esparru guztietan; ezin dugu ikastetxeetara eta hezkuntzara mugatu. Espazio guztietara zabaldu behar dugu euskara. Espazioak euskalduntzea beharrezkotzat jotzen dugu. Aukera duenak askatasuna izango du hizkuntza bat edo bestea erabiltzeko. Konpromisioak hartzeko garaia iritsi da, bakoitzak bere esparruan eta neurrian.
Datuen arabera, euskara gero eta jende gehiagok daki. Baina erabilerari dagokionean, datuak ez dira hazten.
Ezagutza maila, batez ere, gazteen artean, gehitu egin da. Hori argi dago. Baina ezagutzatik erabilerara pasatzeko espazio euskaldunak behar ditugu. Euskaraz dakitenei aukera eskaini behar zaie, dakiten hori erabiltzeko, eta hor gaude nolabait, ez aurrera ez atzera. Erabilera ez areagotzeagatik ezin zaigu euskaldunoi bakarrik errurik bota; espazioak sortu behar dira. Hau da, espazioak euskaldundu eta euskara erabiltzeko aukerak eta baldintzak sortu behar dira.
Euskararen erabileran gora egin nahi badugu, argi dago, ezagutza unibertsala dela neurri eraginkorrena. Horretarako neurri politikoak eta juridikoak hartu behar dira. Adibidez, ez daukagu eskubiderik esne kaja baten etiketa euskara hutsean jartzeko. Gaztelera hutsean berriz ez da ezer gertatzen. Merkatal gune handietan ere, euskararen erabilera oso-oso eskasa da, espazio hori euskaldundu gabekoa da, euskara erabiltzeko aukera gutxi ematen digute. Beraz, erabiltzeko aukerarik ez baldin badaukagu, jendeak ez du erabiliko.
Euskal Herrian hiru administrazio daude, hizkuntza egoera desberdinak, hizkuntza politikak ere bai…
Hizkuntza politikaren eragile nagusienetako bat hori da: politika desberdinak egotea lurralde desberdinetan. Eta ondorioz ez dugu hizkuntza politika bateratu bat, gure kalterako noski. Hizkuntza politika ez dago gure alde momentu honetan, eta aldaketa sakonak eman beharko dira. Neurri ausartak txertatu behar dira erakunde guztietan, udaletxeetan, foru aldundietan, Jaurlaritzan… Hartzen ez diren neurri horiek ere, hizkuntza politika dira. Espazioak euskalduntzeko ezinbestekoak izango dira hizkuntza politikan neurriak jartzea. Hainbat sektoretan euskara erabiltzeko aukera eskasa dago: Osakidetzan, Ertzaintzan, epaitegietan, merkataritzan, lan munduan eta abar. Neurri politikoak hartu egin beharko dira.
Sektore jakin batzutan euskara erabiltzeko aukerarik ez dugu euskaldunok, eta horietan eragiteko neurri zehatzak hartu behar dituzte. Kontseilua gizarte erakunde bat denez, guk gizarteari begira hitz egin behar dugu eta dinamika hau gizarteari begira dago planteatuta. Dinamika honen helburua presioa egitea da, beste hizkuntza politika bat eman dezaten. Hizkuntza politika ez da Jaurlaritzan bakarrik ematen: udaletxeetan, diputazioetan, mankomunitateetan… Euskaraz bizi nahi dut dinamikarekin Kontseilutik herri mugimenduari honako mezua zabaldu nahi diogu,
Hauteskundeak izango dira urriaren 21ean Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian. Euskarak lehentasunik izaten al du alderdi politikoen programetan?
Orain arte, ezer ere ez, edo behar baino gutxiago. Alderdi politikoek ere oraindik ez dute lehen mailan jarri euskararen gaia. Azken adierazpenetan badirudi ilusiorako mezu batzuk badirela, baina oraindik asko jarri beharra daukate mahai gainean. Ilusioa sortu nahi dugu dinamika honekin.
Euskararen Gizarte Eragileen Kontseiluan 46 erakunde daude. Beste eragile batzuekin ere harremanak izan dituzue. Elkarlanerako borondaterik ba al dago?
Helburu nagusia indar metaketen bidez, guztiak bide berean jartzea da. Denok erabaki dugu, Euskaraz bizi nahi dut dinamikarekin aurrera jotzea. Bakoitzak bere ekarpena egingo du bere erakundearen barruan bide horretan, Euskaraz bizi nahi dut aldarrikatzeko eta euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzearena. Gizarte eragile garen bitartean, denok bide horretatik joko dugu. Ez dakigu zer nolako olatua sortzeko gaitasuna izango dugun, baina bide horretatik jarraitu behar dugula argi daukagu. Ea gure komunitatea osatzen dugun.