New Orleans jazzaren eta bluesaren hiriburua bada, Urretxu eta Zumarraga txalapartaren herriak dira. Toki gutxitan daude bi herri horietan adina txalapartari eta bihar, larunbata, egun osoan, Txalaparta Eguna ospatuko dute.
ZSK Zuhaitzaren Soinua Kolektiboak lau urtez behin antolatzen du Txalapartari Eguna Urretxu-Zumarragan. Bi herrietan aspaldikoa da txalaparta jotzeko duten ohitura, baina instrumentuarekiko duten lotura indartu nahi dute Txalapartaren Egunarekin. Zuhaitzaren Soinua Kolektiboaz gain, Iñaki eta Aitor Mendiaraz anaiak dira Urretxun eta Zumarragan txalapartarekin lotura handienetakoa dutenak.
Mendiaraz anaiek 70eko hamarkada erdialdean entzun zuten lehenengoz txalaparta. Untzilla legazpiarrak Urretxun egin zuen saio baten ondoren erabaki zuen Iñaki Mendiarazek txalaparta jotzen ikastea. Legazpiko parrokia azpian ikasi zuen, Migel Iraeta Poxpolo zumarragarrarekin batera. Ondoren, eman zuen pausoa Aitor Mendiarazek, eta elkarrekin lehen emanaldia Legazpiko Telleriarte auzoan egin zuten, San Joan festetan.
Garaiko txalapartari ezagunenak Zuaznabar aita-semeak eta Artze anaiak zirela diote bi anaiek, eta haiekin ere aritu ziren. «Zuaznabartarren baserrira joan ginen ikastera eta jotzeko esan ziguten. Hasi ginenean, zertara joan ginen galdetu ziguten, jotzen bagenekiela-eta».
Jesus Mari Domingez Bulik ere bizitza ia osoa darama txalaparta jotzen. Herriko hainbat artistek Juan XXIII eskolaren azpian zuten lokalean txalaparta bat zegoela gogoratzen du. Han ezagutu zuen instrumentua. «Jose Manuel Bereziartua Berek bikoak eta herrenak jotzen irakatsi zidan. Gainontzekoa saioak ikusiz ikasi nuen: Mendiaraz anaiekin, Hernaniko taldekoekin…».
Urretxu eta Zumarraga txalaparta munduan oso garrantzitsuak direla azpimarratu du Bulik. «70eko hamarkadatik jotzen da hemen txalaparta: Mendiaraz anaiekin batera, garai batean Berek, Koldo Cadiernok, Biain anaiek… jotzen zuten. Hernanin lan handia egin dute txalaparta zabaltzeko, baina gure bi herrietan ere bai».
Duela 20 urte Bulik eta bere belaunaldikoek aurrekoen lekukoa hartu eta Zuhaitzaren Soinua Kolektiboa sortu zuten. Gazteek euren jotzeko modua ezagutzera eman eta txalaparta suspertu nahi zuten. «UZTA talde antimilitaristaren inguruan sortu zen kolektiboa, eta pixkanaka gero eta jende gehiago hurbiltzen hasi zitzaigun; sorreratik egindako ikastaroetan 200 lagun baino gehiagok parte hartu du».
Ikastaroen helburuetako bat talderako jende gehiago lortzea da, baina Buliren esanetan ez da batere erraza: «Jendeari kosta egiten zaio taldean sartzea. Hori dela eta, hurrengo ikastaroan Sestaoko taldekoen metodoa erabiliko dugu, txalaparta jotzen erraz ikasten baita».
ZSK-koek eta Mendiaraz anaiek, ikastaroak eskaintzeaz gain, hamaika tokitan jo dute: Polonian, Frantzian, Alemanian, Suitzan, Erresuma Batuan, Espainian, Kuban… Leku guztietan ondo hartu dituztela diote. «Frantzian, behin, Bakarne Jorge legazpiarrarekin jo genuen kolektibokoek. Gu aurkeztu gintuztenean Bakarne barrez lehertzen ari zela konturatu ginen. Bukaeran zer gertatu zen galdetu genion: menditik txalaparta jotzera bakarrik jaisten ginen bi artzain ginela esan zuen aurkezleak!», kontatu du Bulik.
Euskal Herritik kanpo txalaparta oso deigarria iruditzen zaiela ere badio urretxuarrak. «Ingurumenari buruzko jardunaldi batzuetara gonbidatu gintuzten, Madrilera. Afarian soka laukote batek jo zuen eta ondoren guk. Hasi ginenean, bertan zeuden guztiek afaltzeari utzi zioten».
Mendiaraz anaiek, berriz, BBC irratian jo zutela gogoratzen dute. Ez dago urrutira joan beharrik, ordea, abenturak bizitzeko: Egile eta Editoreen Elkarteko ordezkaria Zumarragako Zelai Arizti parkean bizi zen eta, Mendiaraztarrek bertan jo zuten batean, etxetik jaitsi zen diru eske.
ZSK taldekoen, Mendiaraz anaien eta beste askoren lanari esker, txalapartak sekulako prestigioa du; instrumentuaren erabilera, ordea, aldatu egin da azken urteetan. Mendiaraztarrek garai batean komunikazio tresna zela gogoratzen dute. «Baserrietan erabiltzen zen, hileta baten berri emateko edo sagardoa listo zegoela jakitera emateko».
Egun, berriz, musika-tresna da eta notekin jotzen da. Oreka TX taldekoek mundu osora zabaldu dute, Kalakan taldeak Madonna-rekin jo du… Hala ere, oraindik askok txalapartariei deitzen die hildako senide baten errautsak bota behar dituztenean. Bulirentzat ekitaldi hauek oso hunkigarriak dira, eta «familiarentzat horren garrantzitsua den une batean parte hartzera gonbidatzea eskertzekoa da».
Txalapartak era guztietako ekitaldietan parte hartzeko aukera ere eskaini die. «Behin ahari-joko batean jo nuen. Norbaitek zer edo zer arraroa eskatzen digun bakoitzean, poztu egiten gara. Ezkontzetarako txalapartari eta dantzari enpresa bat sortuko bagenu, diru dezente lortuko genuke», dio Bulik.
Enpresa sortu beharrean, Txalaparta Eguna sortu zuten, ordea: euren poltsikoarentzat ez omen da horren mesedegarria, baina instrumentua ezagutzera emateko bikaina dela aitortzen dute. «Juan Mari Beltranek bere liburu batean Txalaparta Eguna goraipatzen du eta, Sevillako zezen-plazarekin bezala gertatzen da: txalapartari guztiek hemen jo nahi dute eta onenak hemendik pasatu dira».
Duela lau urte Oreka TX izan zen Urretxu-Zumarragan, eta aurten, besteak beste, Kepa Junkerarekin jo duten txalapartariak eta Beltranen semea izango dira. «Hernanikoaren ondoren, gurea da jaialdirik zaharrena eta garrantzitsuena. Baina festa honen arrakasta ez da soilik ZSK-ren ardura, baita gure aurretik Urretxu eta Zumarragan txalaparta jo zuten guztiena ere», dio Bulik.
Ia 40 urteko lanak bere fruituak eman ditu. «Urretxu eta Zumarragako jendea txalaparta entzutera ohituta dago eta Txalaparta Egunera ezin dugu edozein talde ekarri. Plaza jendez gainezka ikustea hunkigarria izaten da». Iñaki eta Aitor Mendiarazentzat ere oso pozgarria da. «Hasi ginenean, gure helburua instrumentua ez galtzea zen. Zorionez, lortu da. Egun, harri bat altxatu eta bi txalapartari ageri dira».
Gazteak animatu nahi dituzte. «Txalaparta jotzea ez da zaila, kideari entzutea da kontua. Batzuetan elkarren artean sekulako komunikazioa sortzen da, klimaxa, jazzean bezala».