Andoni Salamero Alberdi
Irakaslea
Gizakiak beti izan du ingurua eraldatzeko beharra, horretarako bide desberdinez baliatu izan da. Jokabide eraikitzailea izan duen alditan, edozein taldetako kidek, edo taldeak berak, gizarteari ekarpen emankorrik eskaini izan dio, eta hala, gizateria zabal batek, bere jarraibidean, maitasunez eta era atseginez egindako proiektu asko bideratu izan ditu. Halere, badira jokabide eraikitzailea baino txikitzailezalea erakutsi dutenak, eta halako gizon-emakumek, barruko gorrotoak eraginda, bazterrak hausteari eta xehetzeari denbora gehiago eskaini diote; haiek igaro diren tokitik arrasto makurra utziz, eta horrelaxe pasatu nahi izan dituzte orduak eta orduak. Eskerrak ez nahi adina, bestela denboraren orratzak puntak zorroztu balitu, gureak egina zuen aspaldian.
Eraiki, txikitu bezalako aditzok beti dauzkagu buruan, etengabeko eraikitzaile edo txikitzaile gara gizakiok sentimenduen iparrak norabidetzen gaituen bakoitzean. Zer, nola, nori, zergatik eta bestelako hitzak adierazi nahian gabiltzan unetik, sentimenduaren menpe egun eta gau izanez ibiltzen gara, geure buruari makina lan emanez, geure errotaren hegalak gehiegitxo astinduz, burutazio kaskar ugari pentsatuz, eta irina gaitza eta eskasa sortuz geuretzat.
Eraikitzearen haritik ekain, uztail aldean Fermin Goenaga Epelde urretxuarrak, Zumarraga-Urretxuko Udalek bultzatuta, taldetxo bati sendabelarrei buruz ikastaro polita eskaini die; eta elkarrekin lan polita egin dute gure bi herri hauetan. Talde horretantxe lagunak izan ditut, eta gustura ikusi ditut Ferminen irakaspenak entzuten eta beren irteeretan landareak, belarrak aurkitzen. Ziur nago bidegorrian zein bestelako tokietan ikusi izan dituzuela haiek eta hitz-aspertutxorik egin duzuela beraiekin. Gauza da sendabelarren, landareen eta zuhaitzen inguruko informazioa jaso eta sailkatu ondoren, ibiltarion erakusgarri eta irakasgarri txarteltxo batzuk jarri izan dituztela bidegorriko txoko desberdinetan. Horra Ferminen eta talde honen ekimen txalogarri-bikaina. Paseoan joaten den bidaria halako zuhaitzera edo landare ezezagunera hurbildu izan denean bere izena zein den jakiterik izan duela geure ezjakintasunaren sarrail herdoila irekiz, eta gutxi balitz, ibilbideari bestelako ukitu atsegina emanez.
Hala eta guztiz ere, ekimen txalogarri guztiek badute bere alde zabar eta okerra. Hartutako lana batzuek ez dute gustuko izan eta, zer bururatuko? Besteek maitasun handiz egindako lana izorratzea. Hala, toki askotan txarteltxo lagungarri horiek desagertuta edo puskatuta ikusi ditut, zoritxarrez. Gauza antzeko bat gertatu zen oporretan konposta biltzen duen edukiontzi batekin, Urolako errekan agertu zenean. Bi adibideotan ikusten da ezertarako baliagarri zaizkigun jokabideak, herritar askoren lana eta izerdia zein modu anker eta krudelez zanpatuak eta zapalduak diren, jokabide eraikitzailea suspertu ordez, kostatako lana era azkar eta makurrez txikituz. Ibaira edukiontzia botata, zuhaitzen eta landareen sailkapen horixe desagerraraziz zein jokabide aurrerakoi erakusten ari gara? Ekologistak deitu gaitezke eta halakoak egiten utzi?
Heziketaren urratsak eta herrigintzan ematen ditugun aurrerapausoak ez dira une batean ematen. Ez dago lasterbiderik honetan guztian, bide estua da berori, eta ezinbestez aurrera joatea dagokigu. Guztioi iruditzen zaigu herrian ezer egiteko, askotan obra handiak bakarrik ikusi behar ditugula; baina erraturik gaudela iruditzen zait. Izan ere, harrizko herria eralda dezakegu nahi dugun bezala, baina haragizko beste herria, herritar bakoitzak osatzen duena, horixe da zaindu eta hezi beharrekoa. Ezinbestekoa da elkar hartze jatorrean irakatsi nahi digutenen lanak aintzakotzat hartzea eta iturri emaro horretatik edatea, benetako jakituriaren iturriko ura bizia eta jario bukaezinekoa delako.
Beraz, horixe egin behar genuke: lehendabizi, elkarrengandik ikasi; bigarrenik, ikasitako horretatik norberak irakaspenaren hausnarketa egin; hirugarrenik, besteengandik ikasitakotik norberak dituen dohainak kontuan hartuz zein bestelako disziplinetan egoki ditzaken aztertu; eta, azkenik, ekin lanari, akatsetatik ikasiz, baina sortuz eta sortuz, emaitza guztion erakusgarri izan dadin. Hauek eginez sortzen eta eraikitzen jardungo dugu, herri sortzaile-eraikitzaileak izango gara, gizaki osatuagoak. Eta eraldatze hori ez da bakarrik guregan antzemango, baita besteongan ere. Edozein lanetan horretan ari zaretenok, zorionak bihotzez, zuongan loratzen ari da herri berri horren hazia, fruituak, zuon lanaren aleak, azkar izango ditugu ikusgai. Ordu horretan gustura zuenganatuko naiz aukera ematen badidazue. Bitartean, ondo izan eta eraiki!