Rufino Iraola Garmendia
Idazlea
Zer garen jakiteko, zer ginen esaten hasiko naiz. Lehenik eta behin, esan beharko seriean egindako kristau ‘katolikoak’ ginela. Esan nahi dut ez genuela izan inolako posibilitaterik erlijioa hautatzeko. Gu mundura etortzerako, gurasoek eta gizarteak erabakita zeukaten zer erlijio onartu beharko genuen. Frankismo garaia zen, estatu konfesionalean bizi ginen: katolikoa, apostolikoa eta erromatarra.
Gure erlijioa oinarritzen zen, batez ere, errituetan, mandamenduetan, errezoan eta zigorrean. Gauzak azaltzen zizkiguten bezala, bazirudien denok infernurako sortuak ginela. Hitz batean: beldurra, beldurra eta beldurra.
Azkenean, ok egiten duzu, desesperatzen zara, eta esaten duzu: «Honaino iritsi naiz, ezin dut gehiago», eta dena zerrien askara! Gero ideologia berriak datoz: politika, herrigintza, kultur lana… Ez dira suzedaneoak, baina bai ordezkapen kontzienteak.
Urteak pasatzen dira, eta badator bigarren buelta. «Dimentsio erlijiosoa, hobeto esan, dimentsio espirituala oso garrantzizkoa duk», diozu zeure buruari. Zerotik hasi nahi duzu; ez da, ordea, posible. Bazterrera utzitako material zaharrez beteriko biltoki handi bat daukagu barnean, dena nahasian; gehiena, zaborra; balio ez duen materiala; baina badago balio lezakeenik ere. Bereizketa-lana egin behar! Zerotik hastea baino zailagoa da, baina interesgarriagoa ere bai.
Zabor artean aurkitu dituzun materialekin eta zeuk aportatzen dituzun beste batzuekin hasten zara berriro almazena betetzen, baina almazen hori erabat hornitzeko ametsik gabe. Beti faltako da zerbait. Hori, ordea, ez da gizakiaren gabezia, gizakiaren izaera bera baizik.
‘Erlijio’ hitzak, guretzat, ‘ukazioa’, ‘gurutzea’, ‘heriotza’… esan nahi zuen. ‘Herriaren opio’ deitu zion Marxek. Nietzschek ere gogor salatuko du, ‘bizitzaren ukaziotzat’ zeukan erlijioa. Ez zuten arrazoi faltarik! Baina uste horren oinarria ez dago ez ebanjelioan, ez Jesusengan; baizik eta ebanjelioa desitxuratu izanaren ondorioan, eragiten zuen sufrimen eta giro itogarrian: bekatua, erruduntasuna, zigorra, infernuaren aipamen etengabea… Gaur egun imajina ere ez gaitezkeen punturaino iristen zen giro hori.
Egia aurkitzeko, egiazko errealitatearekin topo egiteko, libre egon behar du pertsonak apainduri sasi-erlijioso eta beldur klase guztietatik. Asko idatzi da auskalo zenbat! Jainkoaren gainean, harengana hurbiltzeko zer egin behar dugun. Baina beldurrez gabiltzan arte ez daukagu zer eginik. Ilunari beldur dionak maindireaz estaltzen du burua, horrela salbu dagoelakoan. Maindirea kentzean, ordea, berriro ere egoera bera.
Ibai batera bezala inguratu behar dugu Jainkoagana: oihan sakon eta zabalean gaude, han urrun ibaiaren murmurioa entzuten dugu, baina ezin gara bertaraino iritsi. Jainkoarekin gauza bera gertatzen zaigu: sumatzen dugu, kreazioa osoan manifestatua dagoelako, baina inoiz ezin gara berarenganaino iritsi. Erlijioak ez du deusetarako balio, ibaiaren murmurioa entzuten laguntzen ez badigu, eta mundua hobetzeko balio ez badu.
Ikuspegi berri horretatik, ebanjelio osoa dei bat da: iratzartzeko deia. Hori da klabea! Iratzartzeak esan nahi du Jesusek ikusi zuena ikusi eta hark bizi izan zuena bizitzea. Jesusek ez zuen salbatu gizakia guretzeko heriotzarekin, baizik eta bere bizi-estiloarekin. Mezua da inportantea, eta haren heriotza ez zen izan bizitzaren ondorioa besterik: agintari erlijioso nahiz zibilei aurre egin, egia aldarrikatu, gaixoak sendatu, pobreak defenditu… Dogmak askatasunaren aurka daude, eta alde horretatik guztiz kaltegarriak dira.
Jesusekin eta mundu osoarekin bat eginik bizitzea, errealitate ez-separatu bezala. Hori da Jainkoaren Erreinua, Jesusen ametsa. Literalismo biblikoak, derrigorrez, fundamentalismo teologikora eramaten du agudo, eta, oro har, edozein fanatismotara. Erlatiboa absolutizatzen da, eta norbere sinestea egiarekin nahastu. Ez dago baldintza hoberik intolerantzia erlijiosoak azaltzeko, egunotan ikusten ari garen moduan edo historian zehar gertatu den antzera.