Kontsumitzen dugun energiaren inguruko hausnarketa egin eta gizarteari aukera berriak emateko asmoarekin jaio da Goiener kooperatiba. Energia berriztagarriak merkaturatzea eta sortzea du helburu nagusi.
Goiener energia berriztagarria sortzeko eta merkaturatzeko helburuarekin jaiotako kooperatiba da. Goierrin sortu da ideia, denborarekin gorpuztuz dihoana. Lehenengo pausoak ematen baino ez da hasi, baina etorkizunari baikortasunez begiratzen dio enpresaren arima den Joanes Maizak. Gizarteak energia kontsumoaren kultura errotik aldatu behar duela uste dute proiektu honetan sinisten dutenek, eta horretara datoz. Etorkizuna kolore berdez margotuta irudikatzen dute.
Kooperatiba momentuz, 32 bazkidek osatzen dute, arlo ezberdinetan aritzen diren profesionalak eta goi mailako teknikariak dira. Horietatik erdia baino gehiago goierritarrak. «Irabazi asmorik gabeko enpresa da gurea», azaldu du Maizak, energia berriztagarrien bitartez, «ekonomia lokala eta sozialagoa bultzatzeko helburua duena». Energia berriztagarria sortzeko iturriak ezberdinak izan daitezke: eguzki plakak edo ur saltoak argindarra sortzeko, aerosorgailuak, biomasaz baliatuta beroa sortzeko edo biogasa, hondakinetatik sortutako gasa argindar bihurtzeko, adibidez.
Dena den, oraingoz Goienerren helbururik behinena, bazkideei energia berriztagarria erraztea da. «Gure kooperatibak merkatu elektrikoan ziurtagiri berdea duen energia berdea erosiko du, ondoren kontsumitzaileei saltzeko». Horretarako, telefonia mugikorrean aurretik gertatu den bezala, jada badauden azpiegitura elektrikoak baliatuko dituzte, energia erosleen etxeetara helarazteko. Momentuz, bazkideen artean probak egingo dituzte, energia behar den moduan iristen den ala ez ikusteko. «2013ko udaberrian, energia Goierrira eta Euskal Herrira zabaltzeko moduan izatea espero dugu». Horretarako energia salduko dien bitartekari baten bila dabiltza merkatuan. Komertzializagailu bat eta sistema informatiko bat ere jarri behar dituzte martxan horretarako.
Behin pauso hori gaindituta etorriko da energia berriztagarria sortzeko lana. Horrek kooperatiba lantegi bat egituratzea suposatuko luke, «proiektu zehatzagoak aurrera eraman ahal izateko». Sorkuntza instalazioak bi motatakoak izan litezke. Handiak, bazkide guztien artean finantzatu beharrekoak, argindarra sortzeko ur salto bat, adibidez . Edo txikiagoak, familia baten autokontsumorako balio dezaketenak, teilatu gainetan jar daitezkeen eguzki plakak, kasu.
Goiekik Goierriko garapen agentziak antolatzen duen Enpresa Ekimen Berrien lehiaketari esker eman zen ezagutzera Goiener uztailean. Izan ere, hamabosgarren sariketa honetan, lehenengo saria irabazi zuen proiektuetako bat izan da.
Maizak azaldu duenez, «martxan dauden mota honetako enpresak ezagutu ditut Europan, eta hortik sortu zitzaidan Euskal Herrian ere antzeko zerbait sortzeko ideia. Maiza lasartearra da izatez, baina Goierrin egin du lan betidanik, eta bere ideia bideragarria izan zitekeela ikusita, Goiekirekin jarri zen harremanetan.
Maialen Sanchez, Goiekiko inkubategiko teknikaria da, eta enpresa munduan proiektu eta ideia berriak bultzatzea «ezinbestekoa» dela dio. Euskal Herrian ez dago Goiener bezalako beste enpresarik, eta «etorkizuna duen proiektu bat dela iruditu zitzaigun», esan du Ekimen Berrien lehiaketari erreferentzia eginez. Ideiak sustatzeko osagairik garrantzitsuena «beharra» dela dio Sanchezek. «Balio erantsia eman behar diegu proiektuei, baldin eta munduko merkatuan lehiakorrak izan nahi badugu»
Maizak garbi du, etorkizuna energia berriztagarriena izango dela. Batetik, egun dagoen sistema energetikoa ez delako bidezkoa. «Guztiz zentralizatuta dago, Espainian bost energia enpresek dute hartuta merkatu osoa». Eta bestetik energia merkea –orain arte erabili duguna– amaitzear dagoelako, «energia sortzeko beste bide batzuk aurkitu behar ditugu». Aipatutako arazoei irtenbidea emateko tresnak dira energia berriztagarriak Maizaren hitzetan, «ondo erabiliz gero, ingurugiroa zaintzen dutelako, eta bertan enplegua sortzeko aukerak eskaintzen dituelako».
Baina aurretik, gizartean kontsumitzen dugunaren inguruko kultura aldaketa bat beharrezkoa dela deritzo, «aurrezteaz eta efizientziaz hitz egitea beharrezkoa da». Behar duguna bakarrik kontsumitzen ikasi behar dugu, ahal den neurrian gutxiago kontsumitzen duten bitartekoak erabili eta bertakoari lehentasuna ematen saiatu.
Gizarte aurreratuetan energia eskaera gero eta handiagoa denean, energia iturrien etorkizunari buruzko eztabaida areagotu egin da. Erregai fosilak –petrolioa, gasa, ikatza– gero eta eskasagoak eta garestiagoak dira, eta inoiz baino argiago dago gizarteak norabide aldaketa baten beharra duela, bai behintzat, etorkizuna berdez margotu nahi bada.