Goierriko hainbat konpontzailek diotenez egoera ekonomikoak ez du beraientzako lan gehiago sortu; dena dela, eskaria aldatu da berdin zapatetan zein autoetan: bezeroak gero eta gehiago bere kasa moldatu nahi du.
Egungo egoera ekonomikoagatik konpontzaileek lan gehiago izan dezaketenaren hipotesiaren kontra, Goierriko hainbat konpontzailek ez dituztela gauza gehiago konpontzen adierazi dute. Zapata konpontzaileak, ibilgailu konpontzaileak, bizikleta konpontzaileak, etxetresna elektriko konpontzaileak eta arropa konpontzaileak bat datoz: ez dute gehiago konpontzen. Ezberdin konpontzen dute.
Konpontzaileek egoeraz duten pertzepzioan errepikatzen diren ezaugarriak eta produktu bakoitzari dagozkion ñabardurak daude. Guztiei konponketaren aurrekontua eskatzen diete orain, lehen ez bezala. Guztiek bezeroari bere kasa konponketa egiteko asmoa antzeman diote modu batean edo bestean.
Begoña Illarduy-k Beasaingo Jokin Mujika bizikleta dendan lan egiten du. «Lehen txirrindulariak bere bizikleta konpontzen zekien arren, azken urteotan gurpiletako ganbara zuloak konpontzeko adabakiak desagertuta ote zeuden galdetu digunik egon da». Dioenez, zuzenean ganbarak aldatzeko joera handia izan da. «Orain, bizikleta konpontzeko tresnak erosten ari dira berriz», azaldu du.
Ibilgailuetan aditua da Axier Lasa. Olaberrian du konpontzeko tailerra, eta norberak bere autoaren konponketa egitea zaila dela dio. «Auto modernoak konpontzeko ordenagailuak behar ditugu, eta ez daude edozeinen eskura». Hala ere, Urretxuko Bertan tailerreko Jose Ramon Aierbe ataundarrak zehaztu du gero eta gehiagotan entzuten diela bezeroei «lagun batek badaki eta berak konponduko du» esaldia.
Etxetresna elektrikoen konpontzailea da Imanol Ormazabal. Ezkio Itsason duen pabilioian eta bezeroen etxeetan lan egiten du. Etxetresna batzuk konpontzea baino, oraindik ere, berria erosteak «merezi» duela dio, «prezioa ez delako asko igo, aldatzeko promozioak egon direlako eta konponketa garesti ateratzen delako. Argi dago egun, dena dagoela denontzat zailago».
Arroparen arloa ondo ezagutzen du Ana Sanchez jostunak. Konponketak egiteko denda dauka Urretxun. Sanchezi, azkenaldian, behin baino gehiagotan galdegin diote ea josten ikasteko eskolarik ezagutzen duen. «40 eta 50 urte bitarteko emakumeak dira, seme-alaben arropak konpontzeko gai izan nahi dutenak». Goierrin joste eskola bakarra ezagutzen duela dio, Goierri behean.
Zumarragan mertzeria dauka Nerea Mendizabalek. Jostearekin erabat lotuta dago bere jarduera. «Ez ditugu konponketak egiteko hariak eta zintak lehen baino gehiago saltzen. Dena dela, norberak bere zorroa egiteko hariek sekulako arrakasta izan dute. Zorroa erosi ordez, norberak egiteko gogoa zabaldu izan balitz bezala».
Jose Mari Nestar zapata konpontzaileak urtebete egin du Urretxuko dendan lanean. «Niri ez zait tokatu, baina aurreko jabeak zapatak etxean konpontzeko osagaiak erostera datozenak badaudela esan dit».
Konpontzaileek, konpontzen duen produktuaren berezitasunaren arabera, hainbat ñabardura egin dituzte. Bizikleta gutxiago saltzen dute Jokin Mujikaren dendan, baina zaharrak gehiago konpontzen dituzte. «Garai batean zaharra zaharregia zela eta berria erosten zuten zuzenean», dio Illarduy-k. Bizikleta zaharrak ganbaratik jaitsi, eta konpontzera eramaten dituzte orain. Konpontzaileentzat, ordea, zaila da piezak aurkitzea «jada ez dituztelako egiten». Beste zerbait ere nabaritu dute dendan, «bizikleta garestienak eta merkeenak saltzen ditugu oraindik ere. Falta dena erdibidea da».
Autoak konpontzeko orduan, «bakarrik behar-beharrezkoak diren matxurak» konpontzen dituzte orain. Aurreko urteetan, hobekuntzak egiten zituzten, eta «auto berria errazago erosten zen», dio Axier Lasa mekanikoak. Aurrekontua eskatzeko telefonoz deitzen dute bezeroek, eta tailer batean baino gehiagotan eskatzen dute aurrekontua, «merkeenaren bila». Tailer txikien mesedetan, kontzesionario ofizialak izan dira, Lasaren ustez, «kaltetuenak». Konponketak egiterakoan askoz gehiago begiratzen du orain bezeroak.
Izan ere, ibilgailuak lanerako beharrezkoak dira askorentzat. Hori da, hain zuzen, konponketa baldintzatzen duen faktorea: noraino den produktua ezinbestekoa. Beharrezkotzat jotzen dira, adibidez, arropa garbigailuak. Ormazabalen arabera, «matxuratuz gero, konponketa garestia bada berria erosten dute». Azken urteotan ontzi garbigailua ere beharrezko bihurtu dela sumatu dute, «baina konponketak zailak dira eta bezeroek ez diote teknikariari hain erraz deitzen, irteera eta matxuraren konponketa garesti ateratzen baita».
Arropa eta zapatak ohituraz konpontzen dituen jende asko dago. Sanchez jostunak dioenez, «emakume nagusiek jostunarekin harremana izan dute betidanik, eta arropa birziklatzen dute». Gazteen joera gehiago da konpontzeko arropa berria eramatea; gazte horiek emakumeak dira, jostearekin lotutako ia guztia bezala.
Guztiek diruz justuago sumatzen dute kontsumitzailea. Zaharra azkar berritzeko joera egon den arren, joera hori iraultzen ari da, eta zaharrari etekin gehiago atera nahi zaio orain. Dena erosteko edo enkarguz eskatzeko aukeraren aurrean, kontsumitzaileak berea konpondu eta egin nahi du kontsumitzaile izaerari eutsi ezinik. Muturrak argiago margotzen dituen ingurumarian, batzuen kontsumo neurria batere aldatu ez den bitartean, askorena erabat jaitsi da. Bien bitartean, ezinbestekoa denaren eta ez denaren arteko muga lekualdatzen ari da.