Aurrean daukan babarrun platerari begira dago Kepa. Beroak daude. Beroegiak. Eta haietatik gorantz ateratzen den kea bezalaxe joan zaio urrunera pentsamendua. Oraingoz badauka zer sabeleratua, baina zer-nolako atarramentua izango du aurrerantzean?
Dena den, norberaren goseak baino gehiago kezkatzen du bere bi seme-alabenak. Ez ahal ditu sufritzen ikusiko! Ez luke jasango. Julenen kopeta izerditua ikusi du parez pare, mahaiaren beste aldean. Etenik gabe ari da mutikoa koilarakadak irensten, lepoa beherantz makurtuta duela. Izatez, oso jatun ona baita. Edonork esango luke jango dituen azkenak direla! Miren, aldiz, jale kaskarragoa da. Ezin platerekoa sekula santan amaitu, arraioa! Baina hark ere ez daki zer izan litekeen goseak akabatzen egotea.
«Zergatik niri?», galdetzen dio bere buruari, ia ohartu ere egin gabe bera bezalaxe dagoela gizartearen gehiengoa. Burumakur eta urduri jaso zuen, bere garaian, nagusiaren azalpena: «Sentitzen dut, Kepa. Lanpostua utzi beharko duzu. Ez da zure errua. Langile ona izan zara beti, baina badakizu zein den enpresaren egoera. Ezin dugu langile guztien karga jasan».
Eta karga da, hain zuzen, harrezkero Kepak izan duena. Emaztea eta seme-alabak mantendu izan ditu beti. Erraz mantendu ere, ordainsari polita jasotzen baitzuen hilero. Baina albiste hori jaso zuenetik, ordura arteko bizimoduari nola eutsi izan da bere buruhauste nagusia; bere karga.
«Irabaziak behar bezala kudeatu izan banitu…», pentsatzen du, damututa. Izan ere, dirua sartu ahala ateratzen zen etxetik. Hau erosi, hura alokatu eta hurrengoan inbertitu. Diru iturriak etenik izan zezakeela inoiz burutik pasatu ere egin gabe. Ondo bizi izan dira orain artean, batere kezkarik gabe. Baina badira hilabete batzuk langabezia saria jasotzen ari dela, aurretik zeukan soldata baino kopuru kaskarragoa jakina, eta badaki horrek ere berandu baino lehen izango duela amaiera. Negargura dauka, eta babarrun usainak okada eragin dio.
Urteetan aurrera doa Kepa. Ez da zaharra, baina ezta hogei urteko gaztetxoa ere. Ondotxo daki lanerako aukera gutxi izango dituela aurrerantzean. Jasotzen zuen soldata ederraren aitzakian, emazteak ere aspaldi utzi zion etxetik kanpo lana egiteari. Julen jaio zenean, hain justu. Eta hark are gordinagoa izango du lanposturen bat aurkitzea. Beraz, ez dute panorama ederra! Inolako gogorik gabe, baina koilarakada txiki bat ahoratu du, senitartekoen aurrean neurriz jokatze aldera, nahiz eta haien hitz aspertuei ez dien inolako arretarik jartzen.
Bolo-bolo dabiltzan kontzeptuak, erreskatea, arrisku saria… urrunegikoak iruditzen zaizkio, martetarrak ia. Eta nazkatuta dago egunero horiek entzun edo irakurri beharraz, nola albistegietan, hala egunkarietan edo aldizkarietan. Kepari bost axola estatuak erreskatea eskatuko ote duen edo zer puntutan dagoen arrisku saria. Familia mantentzeko beharrezkoa duen dirua irabazi ahal izatea da bere desio nagusia. «Lan egin nahi, eta ezin! Hau da marka!», dio hausnarrean.
Irailaren 26an egindako kale agerraldian ere parte hartu zuen, barne-barnean ezer lortzeko itxaropenik ez bazuen ere. Etsipena nagusi. Sekula ez du bere burua berekoitzat jo, baina munduarekin haserre dagoen honetan, edonoren jarrera iruditzen zaio gogaikarria, baita funtzionarioena ere. «Gabonetako saria kendu dietela eta egundokoak esaten ari ez dira, ba, txepel horiek! Zer egingo lukete nire egoeran baleude? Langabezia saria amaitzen zaidanean zer demontre egin behar dut nik, e? Haiek, behintzat, hilero jasoko dute poltsa bete diru. Alde ederra, alajaina!». Ustel zaporea hartu dio hurrengo babarrun koilarakadari.
Emaztea ere arduratu antzean sumatu du azkenaldian, baina ez dute arazoari buruz txintik ere aipatzen. Biek dakite, haatik, komeriak izango dituztela aurrera egiteko. Eta haurrei nola azaldu? Gerrikoa estutzen hasiak daude aspaldi honetan, baina azken zulora eramanda ere ez dute nahikoa izango hemendik gutxira. Bai ala bai ordaindu beharreko zorrak ere hortxe dituzte, eta horietan huts eginez gero, ez dago barkamenik.
Mahai tresnek plateren aurka jota egiten duten soinuak diruaren txintxin hotsa gogorarazi dio. Hara zenbaterainokoa den bere paranoia! Premiak beti premia. Arrosa koloreko iraganaren ostean, gogo txarrez amaitzear dituen babarrunak bezain gorria aurreikusten da, tamalez, Keparen etorkizuna.