Jon Artola
Gogoratzen orain hilabete batzuetako Loewe-ren iragarki polemiko hura Mikel? Ez gatzik eta ez piperrik gabeko neska mutikoek «nagusia egitea rollo bat da» eta antzekoak esaten zituzteneko hura. Ba azken aldian berriz ere darabilkit buruan iragarki hura, eta dezente gainera. Horrenbeste, zeren ni bezala iragarkiaren albo-ondorioez garuna kaltetutakoen elkarte bat sortzekotan nabilen. Kar, kar, kar… Baina kontua da musikaren ikuspuntutik darabilkidala buruan. Musika kritikari bati behin irakurritako Loewe poparen haritik hain zuzen. Besterik ez baitut entzuten azken aldian tabernetan eta komunikabideetan: Loewe popa edota Loewe folka, Loewe rocka eta antzekoak.
Eta zeri deitzen zion hark Loewe popa? Ba laburbilduz, aurreko esaldiaren sakontasun existentziala agertzen duen musikari. Eta badakit nik ere, musika talde batean ez dela dena hitzen edukia, jarrera eta horrelakoak. Nire azken aldiko talde gustukoenak ere estilo horietakoren batetan sartuko bainituzke gainera. Baina horrexek ematen dit zer pentsatua. Izan ere, XX. Mendeko krisi garaietan gazteek beraien ezinegona adierazi eta egoeraren aurka altxatzeko, besteak beste, musika baliatu zuten bitartean (psichodelia, punka, euskal rock erradikala, grungea… sortuz) orain, mendebaldeko ekonomia krisirik handienetakoan, ez dut estilo apurtzaile edo berritzaile baten arrastorik ere ikusten. Eta hori guztia, gaurko gazteek inoiz baino baliabide hobeak dituztenean!
Mikel Alvarez
Nagusia egiten ari zara eta baita ni ere, orain aste batzuk kontatzen nizun moduan. Baliabideak. Hitz horrekin amaitu duzu testua eta gakoa hortxe aurkituko dugulakoan naiz. Frantsez zoro batek esan zuen behin iraultzak amaitu zirela betiko, jendeak gutxieneko bat bazuela hori arriskatuz borroka eta protestetan hasteko. Aspaldi esan zuen, baina azken urteetan inoiz baino egunerokotasun gehiago du hausnarketak. Ongizate-estatuaren alde borrokan pasa ditugu urteak eta ez gara konturatu horixe dela kateatu gaituena.
Musika, lokartze orokor hori jasaten ari den arloetako bat besterik ez da, eta batenbatek esango du, agian, ez garrantzitsuena, baina ez nago ados horretan edozein lekutan, edozein unetan egiten den musika, gizarte horren kontzientziaren bozgorailua baita.
Batek baino gehiagok Postmodernitateari botatzen dio errua gaur pairatzen dugun konformismoa honen ondorio izango balitz moduan, baina ez dut uste diskoak salto hor egiten duenik. Gaurko gazteen jarrera lokartua desenkanto baten ondorio da, ez dute (ez dugu) bizi dugun gizarte-egiturarekin inolako loturarik sentitzen, eta loturarik gabe, ez dago konpromisorik, ez dago borrokarik.
Ongizate-estatuak desentxufatu egin gaitu lokartu baina gehiago, baina ondo diozu, egun gogorrak bizitzen ari gara eta gezurra dirudi inor ez esnatzea. Aldarrikapen kutsua duten kantuek 80. hamarkadako usaia duten bitartean, ez gara urrutira iritsiko, iraultza batek, kontzientzia propioa behar baitu, bozgorailua entxufatzeko lokia egokia.