Irailaren 26koa ez da udazken honetan antolatu den greba bakarra. Ikasleek ere protestarako arrazoiak dituzte, eta urriaren 11rako greba deitu dute. Deialdia Espainiako Estatuko hamar ikasle antolakunde ezkertiarrek egin dute. Tartean da IA Ikasle Abertzaleak . Gainontzekoak Herrialde Katalanetakoak, Aragoi, Gaztela, Galizia, Kantabria, Andaluzia eta Asturiaskoak dira.
Europako Banku Zentralaren eta Espainiako gobernuak egindako murrizketen aurrean, eskola propioaren aldeko apustua egin dute: herritarra, laikoa, ez-patriarkala, duina eta nazio guztien hizkuntza eta kultur eskubideak errespetatuko dituena.
Herri bakoitzaren subiranotasunaren alde egiteko eskatu diete ikasleei. Iñigo Etxeberria gazteaUrretxukoa da eta Goi Mailako Kirol Heziketa Zikloa ikasten ari da Arrasaten. «Manifestua izenpetu dugun ikasle mugimenduok Mariano Raxoiren erreformei, eta bereziki, Wert Hezkuntza ministroaren murrizketei gure ezezko borobilena azaldu nahi diegu», aipatu du.
Bestalde, neurri horiek guztiak administrazio ezberdinetako gobernuen babesarekin gauzatzen ari direla salatu nahi dute. Gobernu zentralaren erabakiak «inongo lotsarik gabe» aplikatzen ari direla azaldu du, «nazio zapalduon subiranotasuna eta independentzia urratuz eta Europar Batasunaren eta kapital basatiaren erreformen aurrean babesgabe utziz».
Ikasle antolakundeek «erantzukizunarekin jokatu» eta «esfortzu politiko handia» egin dute, «aukera bakar gisa aurkezten den sistema itogarriaren aurrean alternatiba erreal bat sortzeko». Alternatiba ezkertiar eta burujabea aurkeztu dute, non botere ekonomiko eta politikoak herrian izango duen funtsa. Euren helburua hezkuntza, «aberastasun kolektiboa» dena, babestea da.
Izan ere, IAk eta gainontzeko ikasle taldeek, boterea krisia aitzakia bezala erabiltzen ari dela uste dute: aberatsak aberatsago eta txiroak txiroago diren sistema batera bideratzeko, hain zuzen ere. «Boteredunek, gobernu ezberdinen kudeatzaile direnak, sistema basati horretara bultzatzen gaituzte. Gainera, estatuaren indar errepresiboak erabiltzen dituzte klase zapalduaren aurka», azaldu du Etxeberriak.
Hezkuntza eta nazio txikiak arriskutan ikusten dituzte. «Krisiaren aitzakiaz, ez dute estatu barneko nazio ezberdinak uniformatzeko astirik galdu. Hezkuntzako aurrekontuak murriztu dituzte eta euren helburu bakarra nazioak desageraraztea da».
Baina Etxeberriaren eta bere kideen ustez, «dirua, egon, badago». Beste gauza batzuetan xahutzen da, ordea. «Hau dena dirurik ez dagoela esanez justifikatzen dute. Gastu militarra eta politikarien soldatak etengabean igo dira eta gure eskoletan kamera eta segurtasun indar gehiago ikusten dira. Bitartean, ikasgeletako ikasle kopurua handitzeko eta irakasleen lan orduak gehitzeko erreparorik ez dute. Edozeinek ikus ditzake zapalketa horiek».
IAk hau guztia salatzen urte asko daramatzala dio. «Urteak dira unibertsitatearen pribatizazio eta elitetzeaz hitz egiten hasi ginela. Eta ez dira gutxi izan bide horretan jasan behar izan ditugun kolpeak. Askotan ero eta estremistatzat jo gaituzte, baina egun ez da, zoritxarrez, unibertsitateak hartu duen bide elitista uka dezakeen errektorerik. Ez genuen arrazoirik izan nahi, baina…».
Hala ere, baikortasunerako arrazoiak ikusten ditu. «Ezer gutxi galtzeko dugun honetan, dena irabazteko dugula esatea dagokigu ikasleoi. Gizarte bidezkoagoa eta parekideagoa lortzeko garaia da. Boterea herriari emateko garaia da».
Horretarako, subiranotasuna landu behar dela uste dute. «Prozesu guztietan subjektu izan behar dugu eta ez salerosketarako objektu huts». Egunez egun, ikastetxez ikastetxe eta fakultatez fakultate, «inposaturiko edozein neurriren aurka altxatu» beharra azpimarratu du eta gure alternatiba propioak sortzeko eta eraikitzeko».
Etxeberriaren ustez, urriaren 11ko greba arrakastatsua izango da. Ikasle mugimendua bizirik da. Urretxu eta Zumarragan, adibidez, urte askotan IAk ez du talderik izan eta iaz berreskuratu zuen.
20 bat lagunek osatzen dute bi herriotako taldea. «Egun DBHn eta Batxilergoan daudenentzat etorkizun hobea lortu beharra dugu: unibertsitateko tasen igoeraren, masterren prezio altuen, Bologna planaren, doktoretzak egiteko bekak kentzearen, karreren debaluazioaren, enpresen praktika prekarioen, ikasle ratio handiagoen, trilinguismoaren, TIL eta British ereduen… aurka borrokatu beharra dugu», amaitu du.