Imanol Hermidak (Urretxu, 1976) krisia pairatzen lehena bera izan zela esan ohi du. Bi urte egin zituen langabezian, eta 2010ean Irlandara joatea erabaki zuen. Egun, Galesen lan egiten du.
Noiz atera zinen Urretxutik kanpora?
Legazpiko enpresa batean lan egin nuen 14 urtetan jarraian, baina azken urtebetean nirekin gaizki portatu ziren. Hala, kalte-ordaina hartu eta alde egitea erabaki nuen. Bi urte eman nituen langabezian. Oiartzuneraino joan nintzen lan bila! Oso gaizki ari nintzen pasatzen eta kanpora joatea erabaki nuen.
Zergatik joan zinen Irlandara?
Londresera joateko asmoa nuen, baina nire anaiaren neskalagunaren lehengusina bat Dublinen bizi da eta bertara joan nintzen. Irlandan ere egoera oso txarra da. Platerak garbitzen lan egin nuen. Bederatzi hilabete egin nituen Dublinen. Jende asko ezagutu nuen, baina azkenerako euskaldunez osatutako kuadrilla batean ikusi nuen neure burua. Horretarako, Euskal Herrira itzultzea hobe! Hala, Galway hirira joan nintzen. Han ere platerak garbitzen lan egin nuen.
Handik Galesera joan zinen.
Irlandan ez nuen lan txukunik aurkitzen, eta Ingalaterran eta Galesen lan eskaintza zabalagoa zegoela ohartu nintzen. Curriculuma bidali nuen eta Galesen lana lortu nuen. Latak margotzeko makinak egiten dituen enpresa batean lan egiten dut. Tornulari fresatzailea naiz, Euskal Herrian bezala. Gustura nago.
Wrexham hirian bizi zara.
Bai, baina bizitokiz aldatu nahi dut. Bertan etxebizitza lortzea oso zaila da, eta jendea ez da oso irekia. Tabernari bat dut lagunik onena. Wrexham-en unibertsitatea dago eta Bilboko ikasle batzuen eraginez, Athletic zalea da nire laguna. Derbia elkarrekin ikusi genuen.
Galesen egoera hemen baino hobea al da?
Galesen ere ez dituzte unerik gozoenak bizi, baina Euskal Herrian baino hobeto daude.
Euskal Herrira itzultzeko asmorik ba al duzu?
Itzultzeko asmoarekin joan nintzen, baina egun ezinezkoa iruditzen zait. Badakit Galesen denboraldi luze bat egin beharko dudala. Ea bi edo hiru urte barru egoera hobea den.
Zer da gehien gustatu zaizuna?
Gales iparraldea izugarri polita da. Natura da nagusi. Jendearen laguntza jasotzea ere oso pozgarria izan da. Bestalde, mundu osoko jende asko ezagutu dut.
Zer egin zaizu gogorrena?
Lehen hilabeteak oso gogorrak izan ziren, apenas bainekien ingelesez.
Zer eramango zenuke Euskal Herritik Galesera?
Familia, lagunak… eta janaria! Galesko janaria gozoa da, baina ez da batere osasungarria.