Jon Erguin (Beasain, 1980) punta-puntan dabil neguko triatloietan eta mendiko duatloietan. Aurten bederatzigarrena izan da Munduko Txapelketan, bigarrena Europako Kopan eta bosgarrena Europako Txapelketan. Datorren denboraldirako Orbea enpresaren laguntza lortu du eta bihar Arriarango mendi duatloian parte hartuko du. Iaz, berak irabazi zuen proba hau.
Nolatan halako kirol zaletasuna?
Etxean denok egin dugu kirola, betidanik, gurasoekin. Mendira joaten ginen, bizikletan ibiltzen ginen… Kirola asko gustatzen zait eta oso gaztetatik ahal dudan kirol guztiak probatu ditut: eskia, mendiko bizikleta, surfa, snowboarda…
Nolatan erabaki zenuen lehiatzen hastea?
Tonto-tonto gaitasuna nuela konturatu nintzen, apur bat berandu izan bazen ere. Hala, 25 bat urterekin lehiaketetarako entrenatzea erabaki nuen, eta geroz eta emaitza hobeak lortu nituen.
Zein kiroletan lehiatu zinen hasieran?
Lehen urtean neguko triatloietan eta mendiko duatloietan lehiatu nintzen, eta hurrengoan ziklo-krosean eta mendiko bizikletan ere bai.
Kirol guztietan irabazi al duzu lehiaketaren bat?
Mendiko bizikletan izan ezik, gainontzeko guztietan. Ziklo-krosean Elite mailako Gipuzkoako Txapelketa irabazi nuen 2008an. Anekdotikoa izan zen, izan ere, azken urteotan Elite mailan ez da punta-puntako txirrindulari gipuzkoarrik izan. Izagirretarrak hor zeuden, baina ziklo-krosean Elite mailara iritsi aurretik errepidean profesionaletara pasa ziren.
Emaitzarik onenak neguko triatloietan eta mendiko duatloietan lortu dituzu.
Hala da. Izan ere, neguko triatloiko eta mendiko duatloiko probak izan dira beti nire helburu nagusia. Hala, mendiko duatloian hiru aldiz izan naiz Euskadiko txapeldun eta neguko triatloiari dagokionez, Espainiako Txapelketa irabazi dut. Euskadiko eski txapelduna ere askotan izan naiz. Nazioarteko mailan, emaitza onenak aurreko denboraldian lortu nituen.
Udako triatloietan ez duzu parte hartzen. Ura ez al zaizu gustatzen?
Surfa egiteko bakarrik, baina orain ez dut horretarako denborarik. Egia esan, igeri egitea aspergarria iruditzen zait. Iaz Donostiako triatloian parte hartu nuen, probatzeko, eta igeriketan dezente sufritu nuen. Ez nago oso ohituta eta, gainera, ez nengoen sasoian. Batzuetan neguaren ondoren zer edo zer egiteak tentatzen nau, baina udaberria eta uda lasai egoteko behar ditut.
Ez zara profesionala. Nola egiten duzu entrenatzeko behar adina denbora lortzeko?
Ume bat dugu eta otsailean bigarrena izango dugu. CAF enpresan lan egiten dut. Zailtasun handiak ditut entrenatzeko. Ez dut denborarik. Hori dela eta, entrenamendu motzak egiten ditut. Entrenatzeko denbora faltagatik, hain zuzen ere, uzten diot lehiatzeari udaberria heldu bezain pronto. Martxotik irailera bitartean lasaiago ibiltzen naiz.
Zeintzuk dira aurtengo negurako zure erronkak?
Umea otsaila hasieran jaioko denez, orduan bukatuko da nire denboraldia. Munduko eta Europako txapelketak otsaila bukaeran edo martxoan izaten direnez, datorren denboraldian ez dut horietan parte hartuko.
Bihar, urriak 6, Arriarango mendiko duatloia da. Parte hartzeko asmoa al duzu?
Bai. Antolakuntzan sartuta nago, baina urtero parte hartzen dut. Iaz irabazi egin nuen. Herrian irabaztea gauza polita da.
Ondo ikusten al duzu zure burua?
Berde samar nago oraindik. Haurraren zain gaudenez, denboraldia prestatu edo ez zalantzan izan naiz eta ohi baino beranduago hasi dut prestaketa. Dena den, azken urteotan egindako lanari esker, aurten ere maila ona lortuko dudala uste dut.
Hurrengo denboraldian, gainera, Orbea taldearekin lehiatuko zara.
Hiru eskaintza izan nituen eta, azkenean, Orbearekin sinatzea erabaki nuen. Izan ere, bertako marka da eta sona handia du. Ohorea da eurekin aritzea. Orain arte beste bizikleta marka batek, Beasaingo Kirol Fundazioak eta Digitalak eta Levenger enpresek lagundu didate.
Luzaroan jarraituko al duzu lehiatzen?
Kirola egiten jarraituko dut, nire zaletasun nagusia baita. Baina ez dakit zenbat iraungo dudan lehiaketen munduan. Bigarren umearekin nola moldatzen garen ikusiko dut eta ondoren hartuko dut erabakia. Egia esan, lehiatzeari uzteak pena ematen dit. Izan ere, berandu hasi nintzen eta urtetik urtera hobeto nabil.
Zer eman dizu kirolak?
Gauza asko. Nire denbora-pasa gustukoena da. Gainera, neure burua ezagutzen lagundu dit eta konfiantza eman dit. Kirolak helburuak lortzea posible dela irakasten du, eta kirolari esker jende asko ezagutu dut. Denbora pixka bat dudan bakoitzean, kirola egiten dut.
Goierrin zaletasun handia dago, ala?
Trigoi taldean lagun asko gaude, baina gehienok 30 urte inguru ditugu. Ea gazteak animatzen diren! Dena den, Goierrin kirol zaletasun handia dago. Geroz eta gehiago.
Zein duzu kirolik gustukoena?
Mendiko bizikleta eta iraupen eskia dira gehien gustatzen zaizkidanak. Surfa ere asko gustatzen zait, baina azkenaldian ez dut surfean egiteko aukerarik.
Zein duzu kirolaririk gustukoena?
Ez naiz sekula idolo zalea izan. Kontuan izateko moduko kirolari asko daude: batzuk euren ahalmen fisikoarengatik, beste batzuk sufritzeko duten ahalmenagatik edo pertsona onak direlako, saiatuak ere miresten ditut…