Idoia Luzuriaga
Ondoko herriko festak pasa berri dira, eta ziurrenik zuk eta nik, Tere, uste baina ordu gehiago pasa ditugu Lizeoko patioan, barraken inguruan, alegia. Hor ez dago berritasun handirik, prezioak inoiz ez helduen gustura, eta bertan igarotako denbora inoiz ez haurrentzako nahikoa. Baina gure haurrek baino urte gutxi batzuk gehiago dituztenek, beste denbora-pasa batzuk izaten dituzte. Hemen ere ezer berririk ez, alkohola gora eta bera. Baina horretara ez noa. Izan ere, gazteek alkohol asko edo gutxi edaten duten ala ez, ez da niri, orain eta hemen, dagokidan zerbait. Festatako egun horietako gau batean etxera gindoazela, gazte kuadrilla ugari zegoen bidean, kalean alkohola edaten. Pasatzen ari ginela haien itxura bikainean erreparatu nuen. Ondo orraztuta, ederki jantzita, itxura modernoa eta zaindua. Hurrengo goizean handik berriro pasa nintzanean «zerri» batzuen hondarra zegoen han. Eta sekulako kontraesana iruditu zitzaidan. Norberaren buruaren itxura hainbeste zaintzen duenak gero ingurukoa ez zaintzea.
Zaindu esaten dudanean gainera, ez nago aparteko ezer esaten; soilik erabilitakoa poltsa batean sartu eta hiru pauso harago dagoen zabor-ontzian botatzeaz ari naiz. Ulergaitza egiten zait arlo batzuetan hain garaikide eta aurrerakoi agertzen den jendea beste batzuetan erdi aroan bezala jardutea. Maila horretan ari bagara, ez noa pentsatzea zaborren kudeaketa ereduetan. Baina hori beste gai bat da.
Tere Madinabeitia
Ibili naiz, bai, jai horietan, Urretxuko jaietan, Lizeoko patioan. Egundoko klaustrofobia sentsazioarekin gainera, hainbeste jende zegoen eta barrakak bata bestetik hain gertu… (tira, esateko gogoa nuen, saltamonteak autotxokeen teilatua joko ote zuen beldurrez egon nintzen eta). Eta beste fenomeno horretaz ere konturatu nintzen iluntze aldera, kuadrilla bat, bi eta gehiago ere ikusi nituen eta plastikozko poltsak hartuta. Asko zabaldu den fenomenoa da, dudarik gabe. Guk lehen ez genuen horrelakorik egiten, imajinazio faltagatik, beharrik ez genuelako edo auskalo. Bestea, hurrengo eguneko zaborrarena, berriz, aspaldiko kontua da. Jaiak beti daude lotuta plastikozko edalontziz eta garagardo botilaz beteriko zaborrarekin. Urteak pasa eta urteak pasa, egunak beti esnatzen dira horrela jaietan. Aldatu dena da lehen taberna inguruak bakarrik zikintzen zirela, baina orain, gazteen beste mugimendu berri honekin zikinkeria leku guztietara zabaltzen dela. Baina gaurko garaietan niri ere ulergaitza egiten zait hori guztia. Paradoxikoa da gure etorkizunaz kezkatuta zaborraren kudeaketari buruz hainbeste hitz egiten ari garen honetan, gure etorkizuna osatzen dutenek batere ardurarik ez izatea gai horretaz, ez behintzat praktikan. Etxean ere zer egingo ote dute? Gure lagun batek esaten digu bere alaba gaztetxoak, kalera irten behar duenean, komunean ia ordu bete igarotzen duela bere burua apaintzen, baina gela hankaz gora izaten duela. Eta ez da kasu bakarra. Zer espero dezakegu horrelako jokaera duen belaunaldiaz?