Burdinaren bidea
Luzera: 7,2 kilometro
Denbora: 1 h, 45 min.
Altitud max: 504 metro.
Desnibela: 266 metro.
Zailtasuna: Erraza
Garai bateko meategien eta burdin bideen xarma gordetzen du oraindik Zeraingo Aizpea haranak. Hain zuzen ere, monumentu multzo izendatutako burdinaren mendian barrena eramango gaitu hurrengo ibilbideak.
Zeraingo plazatik abiatuko gara, elizaren ondoan hasten den oinezko bidea hartuta. Segituan iritsiko gara Antxaputzuko biribilgunera. Handik hasita, ondo seinaleztatuta dago bidea Aizpeako meatze guneraino. Errepidearen bazter batean hasten den oinezko pista hartu eta aldapa behera abiatuko gara. Bidean, Arane, Iñurrategi eta Etxeaundi baserriak pasa, eta Presagainera iritsiko gara. Han zubia zeharkatu eta errepidearekin egingo dugu topo. Errepidea eta zubia pasa eta eskubirantza, Aizperrekaren ondotik doan oinezko bideari helduko diogu.
Aldapan gora joan behar bada ere, erraz egiten da bidea. 40 bat minuturen buruan iritsiko gara Aizpittako adieraztegira. Bertan daude garai bateko meak urtzeko labe ikusgarriak, eta burdinaren mendiaren inguruko interpretazio zentroa. Haiek ikusteko atseden txiki bat hartu eta gero, berriz ere bideari ekingo diogu, labeak atzean utzi eta oinezko bidea jarraituz. Troskaiturrin erreka gurutzatu eta Tontortxikitik aurrera, garai batean gurdi bide izan zena jarraituko dugu, Aizpea inguruko baserrietatik.
Ordu eta erdiren bueltan, Gorostolara iritsiko gara. Han, Legazpitik datorren bide zaharra hartu eta ibilbidearen hasieran pasa dugun Presagainera iritsiko gara berriz. Atzera baserri artetik doan bidea hartuz, azken aldapa igo eta Zeraingo herrigunera iritsiko gara.