Gerra aurreko garaietan, EAJren inguruko emakume talde bat elkartu eta Emakume Abertzaleen Batza (EAB) sortu zuten, Irlandan zegoen Cumann na nban emakume elkartea oinarri hartuta. 1922an eratu zuten taldea, Bilbon, Karmele Errazti lehendakari zela. Primo de Riveraren diktaduraren garaiak ziren, ordea, eta EAB legez kanpo utzi zuten.
Urte batzutako etenaldiaren ondoren, 1931n berragertu zen elkartea, eta Hego Euskal Herrian zabaltzen saiatu ziren. Jaungoikoa eta Lagi-Zarra (JEL) lema mantentzen zuten, eta euskara indartzea zuen helburu nagusietako bat. Emakume elkartea izanagatik, gizonezkoek gidatutako lanaren menpeko ikusten zuten beraien egitekoa. Batez ere, irakaskuntza eta heziketa alorrean lan egin zuten, ikastoletan edota haurtzaindegietan. Gizarte arloko arazoak arintzen ere saiatzen ziren. Saiakera horietatik sortu ziren Euzko Irakasle Batza eta Euzko Ikastola Batza.
Hego Euskal Herri osora zabaltzeko ahaleginean, Emakume Abertzaleen Batzak hainbat jaialdi eta festa egin zituen herriz herri. 1934ko uztailaren 21ean, Ataunen izan ziren, EAB-ren egoitza zabaltzeko ekitaldian. Egun osoko egitaraua antolatu zuten, garaiko Euzkadi egunkariak jasotzen duenez. Meza nagusia eta txistularien biribilketa izan zituzten goizean. Eguerdian, ezpata dantzak eta aurreskua egin zituzten; baita bazkalondoan ere. Arratsaldean, Julene Urzelai eta Karla Linazasoro EABko kideek hitzaldia egin zuten; Imanol Irujo Gipuzkoako ahaldun jaunak ere hitz egin zuen. Iluntzean, Lazkaoko antzerki taldeak Neska-Zarra antzezlana eskaini zuen. Afari batekin bukatu zuten eguna.