Iñigo Igartza
Bankuko langilea
Aitatxooo, zer ari zara marrazki arraro horiek egiten?
– Jajajaja, ez dira marrazkiak Marina maitea, eskemak dira.
– Ta zertarako balio dute?
– Tira, buruan ideiaren bat duzunean, hori lantzen, barneratzen, aztertzen edo ulertzen errazteko bidea da. Norberak bere erara lantzen ditu eta.
– Eta eta eta… zertan dabil zure burua oraingoan? Ipuinen bat asmatu asmoz?
– Holako zerbaitetan bai. Ideia bat daukat lagun batzuekin elkarrizketa bat izan ostean, eta ulergarri azaldu nahiko nuke.
– Saiatu nirekin aitatxo, gogoko ditut zure ipuinak.
– Arthur Frinlaifen anai-arreben historia da hauxe. Hiru anai-arreba hauek, ezberdinak ziren oso eta bakoitzak bere bidea aukeratu zuen gurasoen etxetik irtetzean. Libertatearen bila.
Mendien bakardadean barneratu zen Arthur. Zuhaitz hostoen doinuaz gozatu zuen, naturaren olerkietan parte hartu eta maitasuna eskaini zion lurrari, malkoak haizeari eta laztanak goizeko ihintzari. Bere burua bere gorputzetik kanpo nabaritu zuen une askotan, inguruarekin bat egin izan balu bezala. Libre sentitzen zen askotan.
– Uauuuu! Zeinen ederra aitatxo, Arthur izan nahi dut…
– Eiiiiii, Eva txikiaren berririk ez duzu oraindik! Evatxoren oinek lurralde pobreak zapaldu zituzten. Behar zutenei laguntzen hasi zen, gaixoei zein behartsuei, eta taldeak antolatzen ikasi zuen. Bere bidean pertsonen konfiantza jaso zuen eta altxor berdinarekin aberastu zuen bere inguruko gizartea. Pixkanaka, talde horiek, lur lehorra zena, lorategi bihurtu zuten, eta irribarrerik entzuten ez zuen eskualdeak, umeak jolas alaietan besarkatu zituen. Instituzioak, entitate pribatuak, laguntza zuzen eta zeharkakoak, denek onartu zuten Eva eta haren lana. Libertatearen sentimendua nabaritu zuen isiltasuneko une askotan, besarkada eta malko alaietan.
– Joeeee! Evatxo ere izan nahiko nuke aitaaaa.
– Jajajajaja baina Andresen berri ez duzu eta?
– Bai, baina, hobea izan al daiteke?
– Hobea? Ummm. Andresek ikasketak amaitu eta lana aurkitu zuen. Familia ere osatu zuen eta haiek bihurtu ziren ia denaren helburu eta….
– Ta zein da bere meritua?
– Oreka Marina, oreka eta maitasuna. Bere bizitza eskaini zien umeei eta emazteari, pazientzia landu zuen eta eman hitzak zentzu berezia hartu zuen, interesgarriak zituen arloak landuz eta musikaz gozatu zuen, lagunez, goizaren freskuraz, itsasoaren besarkadaz eta… libertatearen laztanaz ere gozatu zuen noiz edo noiz, bere bizitzaren oihala marrazten zuen, berak aukeraturiko kolorez eta formaz.
– Baina… zein bizitza normala! Nahiz eta… aaaaaa! Oreka hori ez da erreza ezta? Eskaini eta gozatu, eman eta jaso, ikasi eta parte hartu… Eta bere bizitzaren koloreak eta musika aukeratzen ahalegindu, forma emanez, berriro hasi eta eraikiz… baina orduan…?
– Orduan denak etxeratu ziren eta bakoitzak bere kontakizuna azaldu zuen. Asko izan ziren hitz bereziak eta politak: laguntza, eskaini, libertatea, edertasuna, sentimenduak eta… Pertsonen joera izan ohi da hobea zein den esatea edo aukeratzea, eta aitak, seme alaben artean tentsioa nabaritu zuenean halaxe esan zien: «Bizitza erreka bat da, meharra eta ahula bere jaiotzean. Pixkanaka beste ur batzuk jasotzen ditu, indartu, ikasi eta bere bidea aukeratzen hasten da, oztopoei izkin eginez, eta soberakinak sedimentatuz. Zabaldu egiten da eta bizi ahala, jaso ahala, ikasi ahala, ura pilatzen du, garraiatzen eta eskaintzen. Jaiotzen garenean ur lerro bat besterik ez gara eta besteengandik edanez hazten gara, gure bidea erabakitzeko indarra eta gogoa biltzen, ikasten. Bakoitzak bide ezberdina aukeratzen dugu, baina, bata ezin daiteke bestea baino hobea izan, gure esku baitago erabakia eta hortik aurrerako bidea».
Anaia-arrebak zur ta lur geratu ziren aitaren hausnarketarekin, eta besarkada batean bildu ziren. Bakoitzak besteen ura zeraman berean, eta guzti hori konpartitzeko zina jaso zuten, ikasteko eta gozatzeko.
– Orduan aitxo… zein da hiru anaien artean arima askeagoa?
– Libertatea eta askatasuna bi kontzeptu ezberdin dira, baina zureari erantzunez, behin jaso nuen liburu bateko esaldia ekarriko dut gogora: «Libertatea ez omen den lurra da, beti izanen da lur bat harago».
– Uaaaaa, bikaina, tumatxa!
– Baina, ez nago ados, jajajaja. Libertatea ezin da kanpoan aurkitu, barruan baizik, sentimendu bat delako eta bakoitzak une batean sentituko duelako, baina betiere, bere libertatea izango da, ez besteena.
– Eta zurea aitatxo, non duzu?
– Zure irribarreak eta begirada eztiak sentiarazten didan une ikaragarria da jajajajaja baina badira beste batzuk ere.
Oharra: mila esker Guillermo Bakersville eta nire elkarrizketa bereziko lagun taldeari.