Aukeratutako titularrari erreparatuta, baten batek pentsa dezake bertso paper berriren batekin gatozela. Tamalez, ordea, ez gara hemen errima eta neurri kontuetan hasiko. Kontatzera noanak horretarako haina kategoria badu, baina bertsoak jartzeko beharrezko abileziarik ez du testua sinatzen duen honek. Batek daki hala ere. Igual GoiBerri aldizkarian bertan, aldameneko orrian, ideiak trukatu ohi dituzten bertsolarietakoren bati gaia jartzeko balioko du artikulu honek. Orain dela bi aste inguru gure etxean ikusitakoak ematen baitu, eman ere, kopla batzuetarako argumentua.
Astoa zen, bai. Astarra, hobe esanda, eta lau hankakoa gainera. Ez bikoa. Kazetariok gauzak modu xelebre samarrean kontatzen omen ditugu, eta batzuetan errealitatea puztu antzean deskribatzeko ohitura dugu. Hori leporatzen digute behintzat sarri askotan. Baina oraingo honetan gertatutakoa bere horretan kontatzera noa. Izan ere, pentsamendu serio eta gogoeta sakon franko entzun ditugu aurreko asteetan, hauteskunde kanpaina tarteko. Egunotan tentsio ugari pilatu da eta, ea ba, istoriotxo honek une batez bada ere gai handiak alde batera uzten lagun dezakeen.
Gurasoen etxera joana nintzen igande hartan. Amonari hainbeste gustatzen zaizkion familia bazkari horietako batera, hain justu. Otordu aurreko lanetan, mahaia jartzen eta entsalada prestatzen lagundu nien etxekoei. Azeituna batzuk pareko plateretik lapurtu eta atarira ateratzea okurritu zitzaidan arte. Orduan ikusitako argazkia ez dut berehalako batean ahaztuko.
Etxaurreko belardian zer ikusiko, eta ertzaina bat, borra beltza eskuetan zuela, asto sinpatiko bat zaintzen. Astoa patxada ederrean zegoen, muturra belar berde eta heze artean sartuta. Gozo-gozo, larrean. Ertzain gaztearen aldartea, berriz, ez zen hain maitekorra. «Ihes egin du bere terrenotik eta errepidera irten da. Arriskurik sor ez dezan, hona ekarri dugu», azaldu zuen poliziak.
Imajina dezakezue egoera hori parean tokatu zitzaigunon irribarrea. Ertzainari ez zion –patruilako kidea ere han gertu zuen, astoaren jabea telefonoz lokalizatu nahian– egoerak grazia handirik egiten, eta kopetilun ageri zen. Txantxetarako gogo gutxi, badakizue, emergentzia egoeretan.
Atmosferan nabari zen larritasunaz jabeturik, ertzainei galdera bat egitea okurritu zitzaidan. Giroa lasaitzeko, esan nahi dut. Ea astoak kasorik egiten zien. «Ez pentsa, nahiko tematia da», erantzun zidan gizaseme altu hark. «Amonak igual jakingo du dominatzen eta lagunduko dizue», bota nion urrena. Ordainetan jasotako begirada ez zen oso abegikorra izan eta, isilik geratzea hobe zela pentsatu nuen. Astoarekin batera atxilotuko ninduten beldur!
Ertzainen deiari erantzun eta laster zen astoaren arduraduna gertakariaren eszenan. Kargu hartu zioten segurtasun indarrek, animaliari bere esparrutik ihes egiten nola utzi ote zion, arriskutsuak direla horrelako egoerak, eta abar. Gure bizilagunak ezetz, asto hura zintzoa dela eta ez duela arazorik ematen, itxitura ongi dagoela eta, behin ihes egin zuelako, ezin ziola ezer leporatu. Ez berari eta ezta astoari ere.
Egia esateko, gure bizilagunak ederki zaintzen ditu astoak. Behar adina jan ematen die eta txukun mantentzen ditu beren inguruak. Auzoan ere jendeak asko maite ditu animalia horiek, batez ere familian haur txikiak dituztenek. Makina bat jende hurbiltzen da itxiturara, gertutik ikusteko asmoz.
Kontua da, azkenerako, astar bihurria eta jabea kargurik –eta fidantzarik gabe– libre geratu zirela. Gure bazkariari dagokionez, imajinatuko duzuen bezala, nahiko kontu izan genuen, astoen oraingo eta aspaldiko balentriak gora eta behera. Inguruan istorio asko dituen animalia baita astoa, tematia izanagatik ere, baserritarrek asko maitatua.
Bazkariaren amaieran, postre garairako, gozo zaporeko pentsamendu eder bat etorri zitzaidan burura, astoaren eszena ikusi ondoren. Hainbeste urtetan gertakari tamalgarri asko, gehiegi, ikusi izan ditugu gure herrian. Biolentziaren inguruan eztabaidatu izan dugu askotan. Orain, berriz, baketzearen bidean gauden honetan, horrelako gauza txikiei eta egunerokoei beste modu batean begiratzen die batek. Zein ederra den ertzainak astoak atxilotzen ikustea.