Zoritxarrez puri-purian dagoen gaia da zordunena. Krisi ekonomikoak zordunen arazoak areagotu egin ditu alor guztietan, eta baita jabekideen komunitateetan ere. Ez da konponbide erraza duen arazoa. Gehienetan oso luze joaten da, eta batzuetan ez dira emaitza onak lortzen. Baina legeak baditu zordunak estutzeko hainbat mekanismo. Komunitateak zein jokabide jarraitu behar duen erabaki baino lehen, zordunaren jarrera eta egoera zein den aztertzea gomendagarria da.
Alde batetik behin-behineko zordunak daude: hau da, beti ondo ordaindu dutenak eta ordaintzeko nahia dutenak, baina une horretan duten egoera ekonomikoagatik ezinezkoa dutenak. Horrelako kasuetan zorra kitatzeko erraztasunak ematen dira batzuetan, beranduago ordaintzeko aukera emanez edo epeka dirua itzultzeko plan bat eratuz. Hori bai, onartutakoa aktan ondo zehaztu eta jaso behar da, gaizki ulerturik egon ez dadin. Beste alde batetik, epe luzeko zordunak daude. Kasu honetan prozedura judiziala jarri behar izaten da martxan, eta hala ere, diru guztia berreskuratzeko bermerik ez da izaten.
Modu batekoa ala bestekoa, zordunari erreklamazio judizial bat egiteko batzar bat egin behar da. Batzar horretako deialdiaren gai zerrendan puntu hori sartu eta ondoren aktan datu guztiak garbi jaso behar dira: jabekidearen izena, bere jabetza zein den, zenbateko zorra duen, zein kontzeptuengatik eta zein jokabide jarraitu behar duen komunitateak. Presidenteari prozedurak egiteko ahalmena ematen zaiola ere jarri behar da. Erreklamazio judizial bat martxan jartzeko erabakia onartzeko nahikoa da gehiengo sinplearekin. Aipatzekoa da batzarraren egunean zorrak dituzten jabekideek ezin izango dutela bozketetan botorik eman, beti ere deialdian zehaztuta dagoen bitartean. Prozedura martxan jartzeko erabakia hartuz gero, zordunari jakinarazi eta ordainketa egiteko epe bat eman behar zaio. Burofax bidez egin dezakegu, jakinarazpena egin diogula epailearen aurrean frogatu ahal izateko.
Puntu honetan arazoak sortzen dira batzuetan. Posible da etxebizitza baten jabea ziur nor den ez jakitea edo bere helbidea ez ezagutzea… Lehenengo kasuan, Jabetzaren Erregistrora joan eta ondasun bateko nota sinple bat eskatu dezakegu. Modu horretara jabea nor den jakingo dugu eta baita jabetza horrek dituen kargak ere.
Jabeak helbiderik eman ez badu eta non dagoen ez badakigu, jakinarazpena atarian jarriko dugu eta hiru egunez mantenduko dugu bertan. Neurri honekin nahikoa izango da.
Behin jakinarazpena egin eta emandako epean zorra kitatzen ez bada, erreklamazio judiziala egiteko aukera egongo da. Puntu honetan abokatu baten laguntza eskatzea gomendatzen dugu. Berak azalduko dizkizue eman beharreko pausoak eta kasu bakoitzean dirua berreskuratzeko dauden aukerak. Kontutan hartu behar da erreklamazio judiziala egiteko komunitateak aurreratu beharko duela gastu horretarako dirua. Hori bai, dena ongi bukatuz gero, amaieran berreskuratu egingo da.
Bukatzeko, guztiontzat desatseginak diren egoera hauetara ez iristeko, bi aholku emango genituzke. Lehenik eta behin, komunitatean edozein obra egin behar denean, lanak hasi baino lehen dirua jasotzea gomendatzen dugu. Horrela, zordunak badaude, aurretik jakingo dugu, eta obra egin ala ez erabaki ahal izango dugu. Izan ere faktura iristen denean ordaintzeko diru nahikorik ez badago, komunitate osoarena izango da ardura. Bigarrengo aholkua, ohiko kuotaren barnean erreserba-fondoa egiteko kopuru garrantzitsu bat sartzea da. Modu honetara jabekideren batek kuotak ordaintzeari utziz gero, gutxienez oinarrizko gastuei aurre egiteko diru nahikoa egongo da.