
Datorren ostegunean Santu Guztien eguna izango da, eta hilerriak sekula baino txukunago egongo dira, jendez gainezka. Lurperatzaileak arduratzen dira hildako senitartekoen eta lagunen hilobiak garbi mantentzeaz. Inork egin nahi ez duen lana egiten dute, baina gizarteak sekula ez die euren ekarpena nahikoa eskertu: askotan baztertuak izan dira eta egun, oraindik, ez da naturaltasunez hitz egiten euren lanbideaz. Patxi Lazkano (Usurbil, 1963) Urretxuko lurperatzailea da.
Nolatan hasi zinen lurperatzaile lanean?
Duela 12 urte Urretxura etorri nintzen orduko brigada-burua ordezkatzera, eta baldintzetako bat hilerriko lanez arduratzea zen. Ez zen nire gustuko lana, baina… Hasieran gaizki pasatu nuen, amesgaiztoak izan nituen: ametsetan, hilkutxak galtzen nituen. Psikologikoki lan gogorra da. Gainera, hilkutxa senitartekoen eta lagunen aurrean sartu behar da hilobian, ondo egin nahi duzu… Hori gutxi balitz, On Santiagorekin hilerriko ekitaldia oso luzea izaten zen.
Ezagunak lurperatu beharra ere ez da gozoa izango.
Ni kanpokoa naiz, baina dagoeneko herriko jende gehiena ezagutzen dut, eta jende ezaguna lurperatu beharra oso gogorra da. Batez ere, hildakoa gaztea denean, eta umea bada, zer esanik ez.
Gainera, gorpuek urte zehatz batzuk ematen dituzte hilerrian eta ondoren atera egin behar izaten dira. Baina askotan ez dira usteltzen: batzuk momifikatuta ateratzen ditugu, beste batzuk likidoa botatzen dute… Ni lan honetan hasi nintzenean, hilerrian zulo bat egin, gorpuak bertara bota eta gasolinarekin su ematen genien; baina ez zen batere ekologikoa. Egun, Zumarragako errauste-labera eramaten ditugu.
Une oro hildakoen familiekin egotea ere egokitzen zaizue.
Lurperatzaileak psikologo dohainak behar ditu. Sinestunei bizitzaren ondoren beste zer edo zer egongo dela esaten diet, sinesten ez dutenei denok halaxe bukatuko dugula… Hainbat erlijiotako jendea tokatu zait: Jehovaren lekukoak, judutarrak… Gehienek asko sufritzen dute, eta hemen ezin da barre batean ibili.
Jendearekin ondo konpontzen naiz, baina noizean behin eskakizun bereziak egiten dizkidate: bere senitartekoaren hilkutxa toki zehatz batean sartzea nahi duena, adibidez. Guk zerrenda bat jarraitzen dugu, ordea, eta bakoitza dagokion tokian sartu behar izaten dugu.
Zuena lan gogorra da, baina pasadizoetarako aproposa ere bai.
Jose Ramon Etxaniz Pitxi zenak lan samurra zela esaten zuen, baina hilerrira etortzen zen bakoitzean izaera aldatzen zitzaion. Harrotu egiten zen, baina beldur zelako izaten zen. Bestalde, norbaitek Iparragirreren mausoleoan arrautzak utzi zituela gogoratzen dut. Beste behin, zulo bat aurkitu nuen. Zizare bila zebilen arrantzaleren bat ote zen?
Lan egiteko modua asko aldatu al da hasi zinenetik gaur egunera?
Zenbait gauza aldatu ditut. Garai batean hilobia hurrengo egunean ixten zen, baina nik egunean bertan ixten dut. Ilunpetan eta eguraldi txarrarekin ibiltzea ez da batere gozoa, baina nahiago dut lehenbailehen bukatu. Dena den, panteoietan gauez ibiltzea arriskutsua da. Urretxuko panteoiak zaharrak dira eta ez da erraza hilkutxak sartzea. Argiak jartzen ditugu hobeto ikusteko. Bestalde, garai batean gu geu joaten ginen hilerriko atea irekitzera eta ixtera, eta orain programatuta dago.
Ez al da inor barruan gelditu noizbait?
Atea itxi aurretik txirrinak jotzen du eta, gainera, barrutik irekitzeko aukera dago. Dena den, jendeari ordutegia errespetatzeko esaten diot. Argia joaten bada, ezin da atea ireki eta salto egin beharra dago!
Urretxuko hilerria lan egiteko erosoa al da?
Zaharra dela kontuan izanez gero, nahiko ondo dago. Geroz eta jende gehiagok gorpua erretzea erabakitzen du, baina uda honetan sekula baino hilobiratze gehiago izan dugu. Kolunbarioa jarri genuen, errautsentzako, baina jende gutxik eskatzen du. Jendeak errautsak mendian botatzeko ohitura du, baina ez zait batere txukuna iruditzen. Bestalde, panteoia dutenek ez dute senitartekoen gorpua erretzeko ohiturarik.
Zer edo zer aldatuko al zenuke?
Hileten ordua aurreratuko nuke. Izan ere, gauez lan egitea tokatzen zaigu eta hori arriskutsua da. Asteko zazpi egunetan lan egiten dut.
Jende asko etortzen al da hilerrira?
Hona etortzen denak plaka bat besterik ez du ikusten. Batzuk askotan etortzen dira, eta besteak Santu Guztien egunean bakarrik. Egun horretan itxurakeria handia izaten da. Bat edo beste, bati loreak kendu eta besteari jartzen ere harrapatu dut.
Lehen baino gehiago pentsatzen al duzu heriotzan?
Bai, eta beldur gutxiago diot. Lehen, hilerrira gauez etorri beharra nuela esan izan balidate… Oraingoz ondo moldatzen naiz nire lanean. Bestalde, ez naiz fededuna, baina izpiritualtasuna dut. Ez dut uste dena hemen bukatzen denik. Bestela, zertarako ari gara horrenbeste gorpu sartu eta atera?
Lurperatzaileek ospe txarra dute gizartearen begietara.
Asko zurruteroak ziren, baina nik ere ez dut esaterik krisi psikologikorik izango ez dudanik. Herriko autobus batek istripua izan eta jende asko hilko balitz? Gasteizen lurperatzaileek urte jakin batzuetan lan egiten dutela, eta ondoren ordezkatu egiten dituztela entzun dut, neke psikologikoa dela eta.
Ingurukoek zure lanbideari buruz galdetzen al dizute?
Batzuek bai, baina beste batzuentzat tabu da. Hori da okerrena. Heriotzaz beste edozein gaiez bezala hitz egin daiteke.