Eneritz Gorrotxategi
Hauteskundeak pasa berri ditugun honetan, arreta piztu didan aldarrikapen bat aipatu nahi nuke. Euskal Herria Alaiaren aldarrikapena. Krisiak kolpatzen gaituen honetan, langabeziak etengabe gora egiten duen honetan, denak kopetilun gabiltza, etorkizunari beldurrez begiratuz, zalantzaz beteta… Bada, oihu honek irribarre egiteko aitzakia eman didala aitortu behar dut. Alboratua geneukan bizitza ikusteko beste modu bat, arazoei konponbidea bilatzeko beste ikuspuntu bat, nahiz beste filosofia bat ere badagoela konturatu naiz: egoera beltz honetan bestelako koloreak ere daudela alegia.
Alaitasunaren hariari tira eginez, gogoeta hau sortu zait: herrialde burujabe bagina, alaitasuna gehiago baloratu beharreko kontua litzateke. Hemen eta orain produkzioa da neurgailu nagusia; barne produktu gordina. Baina garai batean Butan-en egin ohi zuten eran, «nazio poztasun gordina» edo «norbanakoaren poztasun gordina» izan beharko litzateke neurtu beharreko adierazlea. Ekonomiak ez badu berarekin poztasunik ekartzen, zergatik begiratzen diogu horrenbeste? Aberatsena ez da asko duena, daukanarekin konformatu eta alferrik gastatzen ez duena baizik. Bazen garaia norberak sentitzen duenari arreta jartzekoa. Nik ere, halaxe uste dut eta bat egiten dut aldarrikapen horrekin; gora Euskal Herri alaia!
Ion Muñoa
Pozten naiz, Eneritz, zu ere alaitasun mezuekin zatozelako neguaren atarian; ez du gutxi balio! Nik ordea, oraindik ez dut erabaki «gora Euskal Herri alaia!» aldarrikapenarekin bat natorren edo ez. Egia esan, nik ere erreparatu nion hauteskunde gaueko oihu deigarri horri eta burura hainbat ideia, irudi eta abesti etorri zitzaizkidan. Lehenik eta behin, gure herriko apaizarekin gogoratu nintzen. Urteak daramatza meza amaieran «bizi alai eta pozik!» esanez. Eta jarraian, Eguberritan abestu ohi den «Alai ta pozik kanta dezagun haurtxo honen etorrera» entzun nuen nire barruan. Politikaren eta erlijioaren arteko parekotasunez gogoratu nintzen orduan, eta Euskal Herri burujabe eta alaiaren desioa Mesiasen etorreratik edo Zeruko Erreinutik gertu xamar ikusi nuen.
Burutazio aldrebes xamar horiek utzi eta euskaldunon kantutegian barna abiatu zen nire burua. Bilintxen «Triste bizi naiz eta hilko banintz hobe» etorri zitzaidan lehenengo. Segidan Xabier Lete eta Lourdes Iriondo entzun nituen Errota zaharraren negarrak kantari. Eta euskal erromantzeetan barna, Alostorreko bela beltzek edo uso zuriak ez zidaten alaitasun handiegirik sorrarazi. Eta orduan, nire artean galdera hauxe sortu zitzaidan: euskaldunok gaur arte iraun badugu ez al da izango mendetan zehar bizi behar izandako gogortasunak izaera ez alaia sortu digulako? Eta ondoren etorri zen beste hau: ez al da posible herritarrak pozik biziko diren herri ez alaia izatea?
Auskalo! Burutazio hauek utzi eta lotara joan nintzen, alaitasuna, poztasuna eta baikortasuna gauza bera ez direlakoan.