Mikel Babiano (Urretxu, 1985) Frankfurt-en (Alemania) bizi da gaur egun. Aurretik Leipzig, Nurenberg eta Berlin hirietan egonaldiak egin ditu. Itzultzailea da ikasketaz, eta Etxepare Euskal Institutuarentzat egiten du lan egun Frankfurt-en, euskara irakasle gisa.
Alemana ikasten 18 urte zituela hasi zen. «Hango kulturak eta literaturak erakarri ninduten, eta etorkizunean erabilgarria suertatuko zitzaidala pentsatu nuen». EHUn itzulpengintza eta interpretazioa ikasi zuen, Leipzing-en ikasketa egonaldia barne. Salamancan (Espainia) gaitasun didaktiko eta pedagogiko titulua lortu zuen eta, handik, Alemaniarako jauzia eman zuen; irakasle bezala oraingoan.
Orain, Frankfurt-eko Johann Wolfgang Goethe unibertsitatean lan egiten du, «hitz gutxitan esateko, euskara eta euskal kultura» erakusten ditu. Etxepare Institutuak sustatuta eta finantzatuta, hiru dira egun Alemanian dauden euskara irakasleak.
Euskara ikasle alemanak bi taldetan banatu ditu. Alde batetik, euskararen logikak erakarri dituen ikasleak eta, bestalde, hiztunen errealitateak erakarrita euskara ikasten ari direnak.
Euskara eta euskal kultura unibertsitatean erakusteaz gain, Babianok euskal kulturarekin lotutako ekintzak antolatzen ditu unibertsitatetik kanpo. Esate baterako, euskarazko irratsaioa edota Euskararen Egunarekin lotutako egitasmoak. «Frankfurt-eko euskal liburutegiaz ere arduratzen naiz. Euskal Herritik kanpo dagoen esanguratsuenetakoa da». Euskal kulturari buruzko liburua idazten eta euskal literatura antologia prestatzen ere ari da.
Alemanian Euskal Herriko senitartekoen zein lagunen falta sumatzen du. «Euskaldunak, oro har, alemanak baino askoz alaiagoak dira. Alemanak serioagoak eta korapilatsuagoak dira», baina Goierriko txokoak ez dauzka saltzeko: «Berlingo Tiergarten parkea ez nuke Irimogatik aldatuko».
Alemaniara iritsi zenean hangoen altuerak harritu zuen gehien: «dena, xehetasunik nimiñoetaraino lotu eta zehazte nahi izaten dute». Metroko, tranbiako edo geltokiko isiltasunak aho bete hortz utzi zuen. «Alemanen formaltasunak ere txunditu ninduen. Ni baino nagusiagoak diren ikasleek gelan Babiano jauna esaten didate».
Alemaniako lan egiteko modua inportatuko luke Babianok Euskal Herrira. Herrialde oso anitza da Alemania urretxuarraren iritziko: «garagardo festetako prototipoa Munich-en (Bavaria) balio dezake, baina hegoaldeko Berlingo prusiarrekin ez dator bat». Alemanian konpondu beharreko arazoak aipatu ditu: etorkinen integrazioa, mugimendu neonazien auzia edota estatuen arteko aldea.