
36ko gerrak Beasainen utzitako pasarte gogorrena gogora ekarriko dute herritarrek hilaren 10ean, uztailaren 27tik 28ra fusilatu zituzten herritarrak omenduko baitituzte; Matias Enea etxea zegoen lekuan eskultura jarriko dute.
36ko gerraren itzala luzea da oraindik eskualdean, eta Francoren aldekoek eragindako sarraskia ez dute berehalakoan ahaztuko hainbat eta hainbat familiak. Desagertu ziren herritarrak dozenaka izan ziren eta beste horrenbeste izan ziren fusilatu zituztenak: Legazpin Laubideko hilerri zaharrean eta Zalduko zubian, Urretxun Laarregiko harrobian, Zumarragan Belokiko gurutzean, Gaintzara bidean, Ataunen Aia auzoan, Ormaiztegin trenbide azpian…
Fusilamenduei dagokionez, ordea, pasarte ilunena Beasainen gertatu zen, 1936ko uztailaren 27tik 28rako gauean. Gaiaren inguruko liburuetan kopuru zehatzik jasotzen ez bada ere, 35 eta 60 pertsona inguru fusilatu zituzten gau hartan. Herri zapalkuntzaren lekuko batzuk liburuan, adibidez, 32 izeneko zerrenda aipatzen du Angel Irigoras zegamarrak. Zerrendan 16 eta 72 urte arteko Zegamako, Gaintzako, Urretxuko, Olaberriako, Legazpiko eta Beasaingo herritarren izenak daude.
1936ko uztailaren bukaeran, herritarren erresistentzia gainditu ondoren, frankistak Beasainen sartu ziren, eta herri baten historia guztia aldatu. Gertatukoa ahanzturan ez geratzeko, herritar talde batek omenaldia egingo die egun hartan Beasainen fusilatu zituztenei–hilaren 10ean–.
Igartza multzotik pauso gutxira zegoen Matias Enea etxearen lekuan eskultura ere jarriko dute, bertan eduki baitzituzten atxilo goierritar horiek denak fusilatu aurretik. Herrian erail zituztenez gain, Beasaindik kanpo hildakoak ere gogoan izango dituzte omenaldian.
Inork ez daki non dauden fusilatu zituztenen gorpuak. Guztiak hobi berean sartu zituztela uste dute, kanposantu zaharrean edo kanpoaldean. Hala adierazi dute omenaldia antolatu duten taldekideek. Duela 25 urte hilerri horretako gorpu guztiak atera zituzten eta lan horretan aritu zirenek fusilatuenak ez zirela agertu diete. Andoni Sarriegi herritarren batzordeko kideak azaldu du gerra ondorengo urteetan hezurrak hilerritik atera izana litekeena dela, baina Carlos Begueren iritziz, «kanpoaldean ehortzi bazituzten oraindik han egon daitezke».
Taldeko kideak gertaeren inguruko informazioa biltzen ari dira –Aranzadi elkartearen laguntzarekin– eta, aurrerago, liburu bat argitaratzeko asmoa dute. Informazio bilketa horretan, Beasainen halako sarraskia zergatik gertatu zen azaltzeko datuak ere bilduko dituzte. Lehen azterketen arabera, eta beste hainbat arrazoiren artean, CAF izan liteke frankistak Beasainen sartzeko arrazoietako bat. Ideien zabalkunderako CAF lantegia hartu nahi zuten frankistek, bertan gudarako armak egiteko.
Langileak eta herritarrak, emaitza aldekoa izan ez bazen ere, ez ziren kikildu Francoren aldekoak Beasaina heldu zirenean, eta aurre egin zieten. Herrian oso ezaguna den istorio baten arabera, langile bat CAF enpresaren tximinira igo zen, bertako adreilu bat kendu zuen eta zulotxo hartatik etsaiak tirokatu zituen. Batzuen esanetan azkenean hil egin zuten tiratzailea, baina beste batzuen hitzetan onik ihes egitea lortu zuen. Frankotiratzailea eibartarra zela uste da.
Alde idologikoak ere izan zuen loturarik gertakariekin. Izan ere, Goierrin ez zegoen Errepublikaren alde Beasain bezain nabarmen zegoen herririk. Ezkertiarrak ziren nagusi eta, horien ondoren, EAJren aldekoak ziren gehiengoa. Beasainek gorri ospea zuen, izan ere, langileriak populazioaren zati handia osatzen zuen. Ordizian, berriz, karlistek askoz ere indar handiagoa zuten.
1936ko uztailaren 27tik 28ra bitarteko gau hartan, baina, denetariko pertsonak fusilatu zituzten: baserritarrak, ikasleak, trenbideko langileak, jornalariak, goardia zibilak edo zinpeko goardak, adibidez. Erahiltzeko arrazoiak ere hamaika izan ziren: errepidean auto bat sutan zegoela esatea, senitartekoak guduan izatea…
Beasaingo Udalak 2006an ere egin zien omenaldia fusilatuak izan ziren herritarrei, baina oraingoan herritarrak izan dira gertakariak gogora ekarri dituztenak. Hilabete honetan egingo duten omenaldiaren bultzatzaileek esan dute 2006koa ekitaldi puntuala izan zela, eta fusilamenduek «presentzia iraunkorra» behar dutela, «egungo eta etorkizuneko belaunaldiek gertatutakoa ondo ezagutu dezaten».
Gertakaria betirako herritarren artean gera dadin, Jokin Telleriak egindako eskultura jarriko dute hilaren 10eko ekitaldien barruan Matias Enea etxea zegoen lekuan. Eskultura ere herritarren diru ekarpenekin ordainduko da. Hilaren 7an, Iñaki Egañak eta Francisco Etxeberriak hitzaldia egingo dute Igartza jauregian.