Igor Susaeta
Unai, konturatu al zara? Nire pertzeptzio bera al duzu? Esaten digute, adibidez, askeak izan behar dugula. Edo burujabeak. Diskurtsoak barneratzen dira, ordea, memorizatu, eta keinuez lagunduta lau haizetara hedatzen dituzte, apaizek elizetan bezala. Aita santuak Krakoweko plaza nagusian eta alderdi politikoek mitinetan bildutakoen artean ez dut alde handiegirik antzematen. Bietan adi-adi. Konbentzituta edo ohiturak bultzatuta, berdin du. Eta bukaeran, anai-arrebak moduan, kantari.
Zerbaitetan edo norbaitengan sinistu behar omen da. Herri gisa aske eta burujabe izate horretan, adibidez. Zergatik ez. Irudipena daukat, ordea, herria askatzen hasi baino lehen geure buruak lotzen dituzten sokak moztu beharko genituzkeela. Eta ez naiz ari familiaz, lanaz, bikotekideaz edo sare sozialez soilik, geure buruaz baizik. Handia da, baina, aske hitzaren esanahia. Emozionantea bezain beldurgarria. Igual horregatik beragatik ez gara askeak; ikara ere eragiten duelako aske izateak, hain zuzen. Nahiago izaten dugulako zerbaiti edo norbaiti lotuta bizi, babes horrek ematen digun segurtasunarekin, horretan edo horrengan aspalditik sinesten ez dugun arren.
Ui, ni naiz orain sotana jantzi duena, oholtzatik fededunei entzun nahi dituzten hitzak keinuez lagunduta ahoratzen ari naizena. Barkatuko didazu, Unai, baina pertsona askeak ez garen bitartean… Nahi baldin baduzu, kantuan has gaitezke zerura begira.
Unai Kerejeta
Eskolan letretan zenbakietan bezain gaizki moldatzen ziren horietakoa nauzu. Pentsamendu motzekoa ote naiz? Zuk idatzitakoari buruz ez dut gehiegi pentsatu eta, egia esan, zure mitin horretan abstenitzeko gogoa izan dut.
Hori bai, oraintxe, beste gauza batek kentzen dit loa (beno… ez da horrenbesterako) eta gazteleraz esaten den bezala, por alusiones. Antza denez, nire mendi martxa idatziak min eman zizun. Zergatik? Egia esan nuelako? Ba jakin ezazu Gorka Azkarate jendeak kalean arrazoia eman didala idatzi horri buruz. Esan iezadazu, benetan, ea ez ote den astakeria bat 166 Km egun batean, lorik egin gabe, korrika egitea, gauez, euripean…
Laster dugu Behobia-Donostia korrika lasterketa eta nago, honek ere ez ote duen Susaetak esandakoarenetik pixka bat. Hilabete bat lehenago hasi prestatzen, erosi korrika egiteko zapatila modernoak, galtza pegatuak, eta telebistan agertuz gero, hori zu zarela erraz identifikatzeko kamiseta deigarria. Hotza, euria, haizea… berdin du, 15 kilometroko penitentziarik gabe nola eseri afaltzera? Hau ere ez al da beste erlijio bat? Ematen du musulmanak Meka-ra bizitzan behin joan behar duten bezala, Behobia inoiz egin beharra dagoela. Ez al zaizu horrela iruditzen Gorka?
Susaeta, ez dakit ezer argitu dizudan, edo zure hutsune filosofala bete dizudan –ez zen nire asmoa– baina lasai geratu naiz behintzat! Gainera, konturatu zara Gorka ez dudala hitz txar edo itsusirik erabili! Hori bai seny-a! Ea hurrengoan zure partetik lorerik jasotzen dudan! Zure erantzunaren zain gelditzen naiz.