Munduan zeharreko kulturak hobeto ezagutzeko bidea irekitzen du Sustraiez Blai kultur elkarteak. Munduko Kulturen Topaketa izenez bataiatu duten proiektua gauzatzen dute urtero, musika oinarri hartuta. Bihar izango da aurtengo Sustraiez Blai jaialdia, Ordizian.
Goierriko hainbat herritan izan ondoren, jaialdia Ordizian finkatzea erabaki zuten orain bi urte, eta ordutik herriko plaza nagusian eta inguruetan botatzen dituzte sustraiak mundu guztiko musikariek. Aurten lau talde iritsiko dira Ordiziara: Palocortao, Samba Dzanga, 12 tribu eta A maquina de meter miedo. Horiekin batera arituko da Global Funk Dj Set taldeko Makala disko jartzailea ere.
Bihar 18:00etan hasiko da jaialdia, eta goizeko ordu txikiak arte sustraituko dira Euskal Herriko eta Andaluziako eta Galiziako kulturak, musika bidelagun dutela.
Orain arte bezala, aurten ere estilo ezberdinetako musikak entzutzeko eta ezagutzeko aukera izango da Sustraiez Blai jaialdian. Hiru gaztek osatzen duten A Maquina de Meter Miedo talde galiziarrak irekiko du jaialdia, ahotsa, dantza eta garai bateko musika tresna tradizionalak efektu elektronikoekin nahastuz.
David de la Chica eta Diego Pozo El Raton –Los Delincuentes taldeko kide ohia– musikarien txanda izango da ondoren, Andaluziako musika flamenkoa eta rocka uztartuz.
Euskal Herriko taldeak ere izango dira kulturen topaketa honetan. Samba eta bossa nova doinu dantzagarriak ekarriko dituzte Samba Dzanga Urretxu-Zumarragakoek, eta 12 Tribu taldekoen roots reggaearekin jarraitu ahalko da dantzan Ordiziako Plaza Nagusian.
Musika gehiago Sugaar tabernan izango da, Makala. «Mundu globalizatuko musika estilo guztiak» nahasten ditu dj-ak, Sustraiez Blai jaialdiari bukera berezia emateko.