Pertsona gorren irisgarritasun arazoak ikusezinak dira, komunikazio trabekin egiten dute topo egunero. Gorra den pertsonari ez zaio lehenengo begiratuan gorra dela nabaritzen. Alberto Etxeberria bergararra da jaiotzez, baina urte asko dira Ordizian bizi dela. 1963. urtean jaio zen, eta ez daki gorra jaio zen ala ez. «Amak 2 urte nituela antzeman zidan zerbait», dio zeinu hizkuntzan.
Etxeberria Gainditzen Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren elkarteko lehendakaria da. Elkarteak hamar urte bete ditu, eta aste honetan zeinu hizkuntzako hirugarren zine festibala egiten ari dira Tolosako Leidor antzokian. Elkarteak 23 bazkide ditu; guztiak ez dira goierritarrak eta tolosaldeakoak, kanpokoak ere badaude.
Etxeberriari ez zaio gorra dela nabaritzen lehenengo begiratuan. Inoiz, Ordiziako kale bat non dagoen galdetzeko atzetik ukitu duena ere ez da jabetu. Baina gorra dela konturatzean, «lasai egoteko» esan dio, beste norbaiti galdetuko diola. «Horrek tristatu egiten nau; adierazi ahal diot non dagoen kale hori, baina denbora gehiago beharko dugu elkar ulertzeko».
Etxeberria 5 urterekin hasi zen logopedekin lanean. Gorrak ez dira mutuak, baina ezin dutenez entzun, bere memoriak ez du entzule baten buruan bezala hitzen soinua gordetzen. «Ez dugu inoiz hitz egiten entzun», azaldu du Etxeberriak zeinuz, eta zeinuei ahotsa gehitu die. Eibarren hasi zituen ikasketak, gorrentzako zentro berezi batean. «Zeinu hizkuntza debekatuta zegoen, eta ahoz saiatu behar ginen nahitaez». Beretzat, halere, ahozkoa zaila zen, bakoitzaren ahoskera, bibotearen traba, bizarraren iluna… «Hitz motzak esaten nituen, baina esaldi luzerik ez». Orduan, zeinu hizkuntza erabiltzen zuen gor talde bat ezagutu zuen, eta beraiekin zeinu hizkuntza ikasi zuen. «Askoz hobea da, hizkuntza bisuala da erabat».
Irisgarritasun arazoak, traba fisikoekin ere lotu ohi dira. Izan ere, gorrek irisgarritasun arazoak izaten dituzte, komunikazio trabak ikusezinak dira, ordea. «Farmazian, adibidez, produktu soil bat eskatzeko molda naiteke, nekezagoa da eskaera konplexuagoa egitea. Pentsa medikuaren kontsultan edo abokatuaren bulegoan». Hainbat izapide betetzerakoan Eusko Jaurlaritzak itzultzaileak jartzen dizkien arren, murrizketak nabaritu dituzte eta «itzultzaile zerbitzu gutxiago dago».
Etxeberria bere lagun entzuleekin dagoenean eta haiek hitz egiten duten bitartean isilik geratzen da, «bakartuta».
Zumarragako ospitaleko otorrinolaringologo bati gorra izatearen sentsazioa deskribatzeko eskatuta, honakoa erantzun du: «Kaxa itxi batean sartuta egotearekin pareka daiteke. Entzuleak ez lituzke egoera horretan sei ordu baino gehiago jasango». Hala ere, beste zentzumen batzuk baliatuta, gela batean norbait sartu dela sentitu dezakete, bere pausoak nabaritu ditzakete, adibidez.
«Zinean, filmak mugimendu handia badauka, gerra pelikula bada, adibidez, haria jarraitu dezaket. Dena dela, azpitituluak dauden bezala, zergatik ez itzulpena keinu hizkuntzaz?», galdetu du Etxeberriak. «Ikusmena askoz garatuago daukat, kolore batek, bozgorailuaren bibrazioak edota mugimenduak soinua hor dagoela adierazten didate». Guztien artean, bateria da gehien gustatzen zaion musika tresna, «indarra daukalako».
Etxeberriari dantza egitea asko gustatzen zaio. «Lagun entzuleekin egindako afarietan, denak aho bete hortz geratzen dira dantzan ikusten nautenean. Bozgorailuaren ondoan jartzen naiz, eta bibrazioak sentituz dantza egiten dut», adierazi du zeinuekin.
Zeinu hizkuntza hizkuntza bizia da, emozioak transmititzen ditu aldi berean. Eskuak abileziaz mugitzen ditu Etxeberriak, eta esan nahi duenari nahi adina ñabardura gehitzen dio zeinuz. Ahoaren keinua ziztu bizian aldatzen jakiteak ere laguntzen dio. «Zeinu hizkuntzak espresioa lantzeko balio du. Gutako askok horrekin jolasten dugu, aktore bihurtzen gara eta pailazoarena egiten dugu», dio zeinuei barrea batuz.
Gorren komunitatea lehen itxiagoa zen, «entzuleek ez gintuzten ikusten, zeintzuk dira zoroen moduan eskuak mugitzen dituzten horiek? Galdetuko zioten beren buruari. Orain, irekitzen ari gara, pertsona orok ikus gaitzan».
Gorra den haur batek ez dauka gaur egun ikastetxe berezi batera joan beharrik. «Zeinu hizkuntza dakiten irakasleak daude. Gurasoek, hala ere, jakin behar dute pertsona gorrak edozer gauza egin dezakeela: gidatu, enpresa arruntetan lan egin edo kaleei buruzko azalpenak eman. Tarteka, itzultzailea beharko du».
Zeinu hizkuntzak norbanakoa zeinuz izendatzen du, eta Etxeberriaren zeinuak txikitan zeraman kopeta-ilea marrazten du.
Josune Mujika: «Zeinu hizkuntza ez da unibertsala, tokian tokiko hizkuntza hartzen du»
Josune Mujikak (Zumarraga, 1987) heziketa berezia ikasi zuen. Entzumen urritasuna irakasgaiarekin topo egin zuenean jakin-minak haratago joateko grina sortu zion. Zeinu hizkuntza zer zen ikasten hasi zen, eta gorrekin hartu emana izaten. Orain, zeinu hizkuntza itzultzailea da, eta berak ikasitakoa erakusten du Euskal Herriko gorren elkarteak eskaintzen dituen ikastaroetan.
Zeinu hizkuntza ikasteko aukerak zeintzuk dira? Zein bideetatik ikasi duzu zuk?
Gorren elkartean hiru mailako ikastaroa egin nuen. Behin trebetasun pixka bat hartuta, gehiago ikasteko gogoa areagotu egin zitzaidan, eta Bilbora joan nintzen goi mailako zikloa egitera; hiru urteko ikasketak dira.
Zeinu hizkuntza itzultzaile asko al dago?
Bilbon 25 lagun hartzen dituzte urtean, eta dagoen lan eskaintzarako nahikoa da.
Nola egin zenuen ikasletik irakasle izateko jauzia?
Iruñean hasi nintzen lanean, pertsona gor-itsuekin. Han nengoela Gainditzen elkartetik deitu ninduten, Tolosako eta Goierriko gorrak biltzen dituen elkartetik. Elkartean amaitu nuenean, irakasle lanetan hasi nintzen, nik ikasle gisa egindako ikastaroetan.
Zerk harrapatu zaitu gorren unibertso horretatik?
Pertsona gorren mundua ez ikusia da. Gero eta gehiago zabaltzen ari dira, baina oraindik ere errealitate ezezaguna da. Gorrek ez dute marka fisikorik ez eta bisualik. Beraientzat ez da batere erraza norbait gerturatu eta gorra dela konturatzen denean hanka egiten ikustea. Edota gorra dela jakinda, inkontzienteki ozenegi hitz egiten dionean.
Zer jasotzen duzu beraiengandik?
Beste kultura bat ezagutu dudalakoan nago, bestelako ohitura batzuk. Bakoitzak bere nortasuna du, zeinu hizkuntzan norbanakoari zeinu bat dagokio; izena ez da nahikoa.
Zein da zure zeinua?
Hartzarena. Eskolara esnatu berritan iristen nintzen, eta hartzaren itxura nuela esaten zidaten; hortik atera zen nire zeinua.
Unibertsala al da zeinu hizkuntza?
Ez, zeinu hizkuntzak tokian tokiko hizkuntza hartzen du, bigarren hizkuntza bezala. Euskal gorrena euskarak jasan duen egoeragatik, tamalez, gaztelania da. Katalunian, berriz, katalana da gorren bigarren hizkuntza.
Gorrek duten gaitasun bisualetik edan al duzu?
Bai, baina ez nahikoa. Ez naiz beraiek ikusten duten guztia ikusteko gai, eta horrek itzultzerakoan motelagoa egiten nau. Urteak beharko ditut zeinu hizkuntzan beren maila eta abilezia hartzeko.