‘Sentitu, pentsatu, ekin’. Horixe da orain 25 urte sortu zen pailazo talde ezagunak urteurrena ospatzeko egin duen diskoaren izena. Urte horietan guztietan grabatutako diskoetan goierritar asko izan dituzte lagun pailazoek.
Pare bat hiru urtean Olentzeroren jaialdia antolatu ondoren sortu zen Lasarten Takolo, Pirrutx eta Porrotx pailazo taldea, 1987an. Orduan egin zuten lehen saioa izen horrekin. Agustin Mujika Takolo irakasle lanetan ari zen A ereduan Lasarten, eta gainontzekoak ere haurren eta euskararen bueltan ari ziren lanean. «Herriz herri ibili ginen bost urtean, baina ez geneukan euskarri musikalik, clown-a zen dena», gogoratu du Takolok.
Bost urteko ibili horretan, 1992. urtea mugarria izan zen. Hau umorea! izeneko lehen diskoa grabatzearekin bat, Mujika Zaldibiara joan zen bizitzera. Bertakotu da harrezkero, baita haziak erein ere. «Lasartear-goierritarrak izatera pasa ginen orduan. Entseguak bertan egiten hasi ginen, gure almazena han genuen, lokala ere bai, eta bertako jendearekin harremanak izaten hasi ginen», adierazi du Joxe Mari Agirretxe Porrotx pailazoak.
Lehen diskoa atera bai, baina aurrera begira azpiegitura musikala behar zutela ikusten zuten. «Orduan ezagutu genuen Oneka Garmendia, Ordiziako Musika Eskolako irakaslea. Haurrekin aritzen zen lanean, eta gurekin elkarlanean aritu nahi zuen proposatu genion. Gustura hasi zen», esan du Takolok. Garmendiari iruditu zitzaion «sekulako aukera» zela musika ikasten ari ziren haurrentzat urteko aste batzuetan disko baten grabazioan parte hartzea. «Eta ez grabazioan bakarrik, eszenategira igotzeko aukera ere bazuten haurrek. Jende askorentzat ametsa zen pailazoekin parte hartzea. Taldeak eta txandak egiten genituen orduan ume guztiek lekua izan zezaten».
Zaldibiako kultur etxeko dantza gela eta antzokia ziren garai haietan pailazoen entsegu lekuak. Beti martxan diskoa etorri zen 1993an, eta Ongi bizi 1994an. Aldaketa bat izan zen gero. Pirrutxek taldea utzi zuen, eta Pirritx pertsonaia sortu zen. Ainhoa Beristain zaldibiarra jarri zen haren azalean. Hiru urtean, hiru diskotan parte hartu zuen: Kili-Kili (1995), Tatanka Yotanka (1996) eta Makarroiak (1997). Pailazo taldea handitzen ari zen, eta dezente izan ziren urte haietan modu batera edo bestera taldearekin kolaboratu zuten goierritarrak.
Handitzen bai, baina herrikoitasuna galdu gabe. «Pixkanaka joan ziren pailazoak talde modura hazten. Takoloren gitarrarekin hasi ziren, gero sormena lantzen… Dekoratuak eta trajeak ere gerorrek egiten genituen, inguruko beste jende baten laguntzarekin», azaldu du Garmendiak. 1998an, Baserrian diskoa argitaratu zuten pailazoek, aurrez beste pertsonaia batzuk antzezten zituen Aiora Zulaika –gaur egungo Pirritx– hirukoan zela.
Takolok ondo gogoan ditu urte haiek. «Dena presaka egiten genuen, Oneka haserretu egiten zen… Elkarren grabatu genituen hasierako disko haiek, Amasako IZ diskoetxean ere bai behin, eta baita Beasaingo C-4 diskoetxean ere bitan». Garmendiak azaldu du «lehen egun osoa pasatzen zutela estudioan umeekin, eta «neka-neka» eginda bukatzen zutela. «Lehen hiru aste lehenago pasatzen zidaten diskoa, eta umeek 15 kanta ikasi behar izaten zituzten. Teknikari batzuk oso zorrotzak ziren gainera. Hala ere, denak prest zeuden hurrengo urtean itzultzeko».
Gerora Plista-Plasta (1999), Parrandan (2000), Aupa Kintxo (2001), Katxiporreta (2002, 15. urteurrena) eta Poxpolin marisorgin (2003) diskoak etorri ziren. Huraxe izan zen Takoloren azkena, taldea utzi baitzuen disko horren bueltako ikuskizunaren jira egin ondoren. Hala ere, elkarlana ez zen eten, eta Goierriko umeek –Ordizia, Zaldibia, Idiazabal eta Legorretakoak batez ere– diskoetan eta ikuskizunetan parte hartzen jarraitu zuten. Pirritx eta Porrotx izenpean, Patata, patata (2004), Maite zaitut (2005), Mari motots (2006) eta Eskerrik asko (2007) diskoak grabatu zituzten gero.
Eta Pirritx, Porrotx eta Mari motots izenarekin sortu dituzte gainontzeko diskoak. Piratak (2008) –Goierriko eskola txikietako ikasleek parte hartu zuten–, Irrien lagunak (2009), Ongi etorri, Pupu eta Lore (2010) eta Zazpikoloroa (2011). Hogei guztira. Eta 21. diskoa labetik ateratzear da, Sentitu, pentsatu, ekin izenekoa, pailazo taldearen 25. urteurrena gogora ekarriko duena. «Gonbidapen berezia egin genien urte hauetan guztietan gurekin ibili diren goierritarrei, eta baita Takolori ere», nabarmendu du Porrotxek.
Disko berezia izango da, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Donostiako Orfeoiarekin grabatu baitute. Teknikari lanetan, gainera, beste goierritar bat aritu da: Kaki Arkarazo lazkaotarra. Goierritarren txanda urriaren lehenean izan zen. Akelarrean eta Kintxo Barrilete abestien koroak egin zituzten. Tartean gaztetxoak zeuden, baina baita hasiera haietako diskoetan parte hartu zutenetako batzuk ere. «Ni emozionatu egin nintzen. Kuriosoa izango da diskoa, pelikula batekoa ematen du», esan du Takolok. Garmendiak ondokoa gehitu du: «Gure parte hartzea sinbolikoa izan da disko honetan».
Afizioa zena ofizio izatera pasa dela argi du Porrotxek, baina nabarmendu du taldeak «sekula» ez duela ahaztu zein den haren sorburua: «Herrigintzatik jaio ginen, eta herrigintzan ikusten dugu gure burua gaur egun ere. Guretzako lanerako iturri agortezina izan da herrigintzan txertatuta egotea». Eta hor ikusten du Oneka Garmendiak pailazo taldearen arrakastaren gakoa, hor eta lana «erro-errotik» egitean. «Taldean lanean ari den eta taldearekin kolaboratzen duen jende gehiena benetan ari da».
Baina pailazo taldearen eta goierritarren arteko elkarlana ez da diskoetara mugatzen. Urteroko Ordiziako saioa; Nazioen Mundua ekimenarekin, Goierriko Eskola Txikiekin eta Ordiziako Gaztetxearekin egindako kolaborazioak; Zeraingo aterpetxea… Eta azkena Irizar kooperatibarekin egin dute, Ormaiztegin margotu baitiete furgoneta pailazoei. «Goierri oso bizirik ikusten dugu. Ikusten da auzolana txertatuta dagoela», dio Porrotxek. Sentitu. Pentsatu. Ekin. Denok elkarrekin.
Ordizian bi saio abenduan
Legazpiko eskolaumeak izan dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsen saio berria ikusten lehenetakoak. Iparraldeko Ikastolen aldeko Ordiziako jaialdia, berriz, abenduaren 30ean izango da. Bi saio egingo dituzte Majorin, 16:00etan eta 18:30ean. Ikuskizun berrian Amona Josefinak 100 urte beteko ditu, eta ospakizun horren bueltan garatuko da istorioa.