Zortzi urte dira Elisabete Maria Santos (Porto, Portugal, 1980) Urretxura iritsi zela. Bere bikotea etorri zen lehenengo, eta ingurua zein bizi baldintzak gustatuta, emazteari eta alabari Euskal Herrira bidaia egiteko gonbitea egin zien. Beren bigarren alaba Urretxun jaioa da. Santosek harategia dauka Urretxun, eta egunetik egunera gero eta bezero gehiago ditu.
Urretxura iritsi zineko eguna gogoratzen al duzu?
Gauez iritsi nintzen, 5 urteko alabarekin. Gogoan dut hurrengo goizean leihoa ireki nuenean, paisaiak txundituta utzi ninduela, ametsetan nengoela uste nuen.
Hainbeste gustatu al zitzaizun?
Ikaragarri. Portugaleko lagunei etortzeko esaten diet, hemen dagoena ikustekoa dela. Mendiak eta landaredia ederrak baino ederragoak dira. Ni bizi naizen lurraldean eukaliptoa da nagusi baina, landaredia ez da hemen bezain oparoa.
Euskal Herriko paisaiak eta natura eramango al zenituzke Portugalera?
Bai, dudarik gabe. Eta elurra; gure hango lurraldean ez du elurrik egiten.
Beste zerbait eramango al zenuke?
Hainbat janari. Gure etxean Portugaleko janariak egiten ditugu, batik bat. Aitzitik, hasi gara hemengo zenbait plater egiten; esate baterako, arroza kubatar erara edo nahaskiak tortillen ordez. Portugalen ez dago nahaskiak jateko ohiturarik. Gu, hemen hasi gara onddo nahaskiak egiten.
Portugaletik Urretxura zer ekarriko zenuke?
Hondartza. Kostaldean hazi eta bizi izan gara, eta gustura hurbilduko nuke Urretxura Zumaiako kostaldea. Iluntzean, lana amaitzean, egunero paseoa ematen nuen hondartzako pasealekutik. Hori da, senitartekoekin eta lagunekin batera, faltan gehien sumatzen dudana. Tira, bakailaoa ere gustura ekarriko nuke. Bestela, ohitu gara hemengo bizitzara. Jendea oso zintzoa da, eta ezin hobeto hartu gaituzte.
Egun, oro har, nola ikusten duzu Portugal?
Krisia dela eta, hango eta hemengo egoera nahiko antzekoa da. Gure senitartekoak lanean ari dira, baina lehen ez bezala, asko begiratu behar dute haiek ere dirua gastatzerakoan. Nik neuk lana nuen han, baita nire senarrak ere.
Zer dela eta etorri zineten?
Bikotekidearentzat lan baldintzak hobeak ziren hemen. Ni, iritsi nintzenean, bi urtez gaztelera ikasten aritu nintzen. Gero etxeetan garbiketak egiten hasi nintzen, eta jarraian harategi batean jardun nuen hiru urtez. Azkenean, nire negozio propioa, harategia, zabaldu nuen. Oso gustura nago.