Andoni Salamero Alberdi
Irakaslea
Eckart Tolleren ‘Isiltasuna mintzo’ liburua dut eskuetan eta gozatu ederra hartzen ari naiz orrialdeok irakurtzen, hain zuzen premiazkoak diren hainbat beharri buruz ari baita idazlea: izanaz, egoaz, naturaz, orainaz eta iraganari zein etorkizunari diogun ezinbesteko morrontzaz. Garai honetako maisu izpiritual honek gizakiaren nikeria hutsean erreparatzen du bere begirada, eta nikeria edo ego horrek, zoritxarrez, gugan sortarazten duen ezinegonaz eta desgogoaz. Antza, zoriontsu izateko aukerak dituen egungo gizakiak ez omen du zoriontasuna lortu, edo agian, itsuegi dabil, berean, zorion une horien printza aurkitzen.
Askoren ustez, garai hau ez da izango onena, agian, baina garai hau bizitzea egokitu zaigu, eta bizi dugun gizartea geuk besterik ez dugu sortu, asmoz eta jakitez, ustez eta kaltez, geu sortzaile eta birrintzaile izanez. Batera eta bestera noraezean gabiltzan honetan, sarri, ez dugu sakon-sakonetik izaten asmatu, bizi behar dugun orain honetan, unean unekoan nahiko buruhauste izan dugu, egin ez duguna edo gaizki egin duguna gogoratuz, eta baita egin beharko duguna pentsatuz. Iraganean egin ez dugunaren sufrikarioa geurekin hartuz eta egin beharko dugunaren estutasuna bidelagun besarkatuz, gure barruek eta larruek emaitza onik izan dezakete horrelako menturan? Ez alajaina!
Ingurura begiratuz, Tollek dioen bezala, gizakiaren bizitza desioek eta beldurrek gobernatzen dute. Batetik, norberak zerbait gehituz oso beteta sentitzeko desioa. Bestetik, ezer galtzeko beldurra, besteen aurrean gutxitua sentitzeko izua. Gure benetako izana nola ager dezakegu besteen aurrean besteekiko kezka eta ardura horren handia dugunean? Nire ustez, ezinezkoa da. Gizarteak ondo onartzen du norberaren fisikoa zaintzea, ezinbesteko lan bihurtu da askorentzat. Zer esanik ez, alderdi psikologikoak, arazoak ugariak izanda ere, psikearekin zerikusia duen edozer gauza onartzea asko kostatzen zaigun. Eta izaten erakutsiko dion hirugarren alderdiak, izpiritualak, gizarte handi baten ukazioa jasotzen du.
Norberaren mundu ikuskerari azalpena emateko bide asko daude, guztiak zilegiak, norberaren bilaketan eta bilakaeran lagungarri badira, norbera eta bestea mintzea bilatzen ez badute, jakina. Larrituta, gure barruko urduritasuna baretzen ez duen ezertxoren aurrean aurkitzen bagara, gizaki orok, barruak hala eskatzen diolako, bide berri bat urratzen hasi behar luke, bide horretan dituen zalantzetan argitu beharko dituen arrastoak topatuz.
Gogoaren baitako elkarrizketa horretan zeresan handia du isiltasunak, honek bakea aurkitzeko aukera aparta ematen baitigu, baina berori aditzea beldurra ematen digunez, eta, askotan, gardenak izan baino, gure mugak ez onartu eta gure niaren goraltza etengabea egiten gabiltzalako, arrazoi gehiago izan nahian, ondokoarekin pipertuz, bestea azpiratuz, baztertuz, ausarkeriaren bandera muturreraino ematea nahiago dugu; ondorioz, gure niak, nitxoak, puztuz eta puztuz, erraiak ozpinduta, askok kanposantuko nitxoetan bukatzen du, bakean? Auskalo!
Egoera honek lasaitasuna ematen badio bati baino gehiagori, aukera polita izan daiteke berori onartzeko eta erabiltzeko; baina, egunez egun kaltegarri den ezerezera eramaten gaituela antzemanda bestelako norabiderik hartzea zentzuzkoagoa dela ondorioztatzen dut. Ez ote du nikeriak ekarri haserrea, ezikusia, txutxumutxua, bekaitza eta bestelako jokabide makurrik? Pentsu ederra ematen ari gatzaizkio buruari!
Isiltasunaren berri izateko norberak bere baitan hutsean egotea baino ariketa ederragorik ez dago, ezer pentsatu gabe. Presentzia horren bidez norberak bere nia, bera nor den ezagutuz. Bada isiltasun horrekin batera lekuko izango duzun beste ezer: natura. Tollen hitzak oso lagungarri dira esaten ari natzaizuna ulertzeko: «Naturak irakas zaitzan behar duzu, zure benetako izanarekin bat egiteko. Zu ez zara beharra duen bakarra, berak ere zu behar zaitu. Natura eta zu ez zaudete bereiztuta. Guztiok gara Biziaren zati, unibertso guztian. Zuhaitz edo lore batean dagoen edertasuna, geldotasuna eta duintasuna onartzen dakizkizunean, zuk lore edo zuhaitz horri zerbait eransten diozu. Zure onarpenaren, kontzientziaren bidez naturak bere burua ezagutzen du. Berak, aldiz, bere edertasuna eta sakratu denaren izatea ezagutzen du zure bidez».
Loreari eta zuhaitzari hori eskaintzeko gaitasunik izan badezakegu, gure gogoaren isiltasunetik besteen isiltasunera irakaspen hori ematen ausartu gaitezela, emanez zabaldu guk zein besteek ere oreka eta bake egokia izateko. Jaso ezazu, zinez, isilpeko besarkada.