Igor Sarriegi
Bazen ordua. Beharrak, krisiak eta diru faltak egin du akuilu lana. Dirua zegoenean, laguntzak erruz eman ohi ziren, zertarako, zeinentzat eta zein helbururekin begiratu gabe. Herriaren irudi, edo afizioaren aitzakia pean, hau denona da esanez, asko arrazoitu gabe, diru asko xahutu da.
Kirol kazetari bezala, ez naiz ni izango, kirolak bultzada eta laguntzarik ez duela behar esango duena. Are gehiago, askotan derrigorrezkoa da, bereziki sarrera gutxiago dituzten kiroletan. Hala ere, denak bere neurria du. Saskibaloiean hiru talde ditugu ACBn, hori bai, bakoitzak bere Foru Aldundiari direnak eta gehiago eskatu eta gero. Hauek kendutakoan, estutasuna eta kaka larria. Futbolean ere beste horrenbeste, bakoitzak duen zelaiarekin nahikoa ez, eta berria egin behar. Baina talde profesionalek ez, denon artean egin behar ditugu, gizartearentzat ezinbestekoak omen direlako.
Beste kirol apalagoetan sartzera ez noa, esan nezake, zertan ari gara, gure taldea bultzatuz uztaila heltzen denean, inork ezagutzen ez dituen kirolariak ekartzeko. Zertarako, eta lotsaren arrastorik ez duten gutxi batzuk gure larrutik bizitzeko.
Kirola bultzatzea ongi dago, baina talde profesionalek, enpresa profesionalek bezala, bere etekina atera behar dute, eta gero etorkizuna prestatu behar dute. Bakoitzak bere erantzukizuna izan behar du. Ez da posible, dagoenean bon-bon eta ez dagoenean… denon artean.
Jon Balentziaga
Ez dago eztabaidarik Igor. Agerikoa da. Egoera ekonomikoa oraingoa baino hobea zenean oso gutxi ziren kirol talde profesionalek diru laguntzak jasotzearena gaizki ikusi eta esatera ausartzen zirenak. Beharbada, asko izango ziren ondo ikusten ez zutenak, baina zenbait kirol erakunde gizartean oso errotuta daudelako edo, apenas ausartzen zen inor kritika egitera.
Egungo egoera gordinak, ordea, zentzuz jokatzea eskatzen du. Irabazteak, besteen gaindi nabarmentzeak, halako prestigio bat eman ohi badu ere, azken finean, beste ezaugarri batzuk dira gizarte baten balioa neurtzen dutenak. Espainiaren kasua da esaten ari naizenaren adibide garbia.
Futbol zein saskibaloi selekzioak, Rafa Nadal, Alberto Contador, Fernando Alonso… Kirol arloan gutxi dira aspaldian Espainia bezain beste nabarmendu direnak. Futbol selekzioa esaterako, marka guztiak hausten ari da. Irabazi ez ezik, goraipatzeko moduko jokoaren jabe da. Mundu mailako ospea eman dio ordezkatzen duen herrialdeari, baina herrialde horrek berak duen arazo ekonomikoa ere, mundu mailan da ezaguna. Herriko neska- mutikoak futbol federatuan aritzeagatik ordaintzen ari dira. Gurasoek hartu behar izan dute euren umeek partidetara eramatearen ardura dirurik ez dagoelako. Hori hala izanik, nor kexatuko da dirutza irabazten ari diren jokalarien taldeak laguntza publikorik gabe geratu direlako? Lehentasunak finkatzeko garaia da. Premiazko beharretara bideratu behar dira laguntzak, eta elitezko kirola, bere horretan, ez da beharrezkoa.