Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna da igandean, eta eskualdeko Asmube, Eraldatzen eta Kimetz emakume elkarteetako kideak hilabeteak daramatzate genero indarkeria prebenitzeko zein lan egin dezaketen aztertzen.
Emakumeenganako indarkeriaren inguruan eskualdeko emakume elkarteek zein lan egin dezaketen aztertzen ari dira Asmube, Eraldatzen eta Kimetz elkarteak. Ia urtebete daramate lan hori nola egin aztertzen.
Beasaingo, Ordiziako eta Urretxuko eta Zumarragako elkarteetako ordezkarien iritziz, emakumeen aurkako indarkeria saihesteko beharrezkoa da prestakuntza. Hala, 25 lagun inguru dira hiru elkarteen lankidetzatik antolatutako jardunaldietan parte hartzen ari direnak. Urrian izan zuten jardunaldiko lehen saioa, eta datorren urteko urtarrilaren bukaerara arte iraungo du.
Ordiziako Kimetz elkarteko Belen Balerdik dio jardunaldietan ikasten ari direna «erabilgarria» eta oso garrantzitsua dela. «Gaia oso delikatua da eta tailerra oso ondo datorkigu indarkeria jasan duen emakumeren bat gerturatzen zaigunerako». Goierri garaiko Eraldatzen elkarteko Nilda Gorveinek elkarteek indarkeria jasaten dutenen eta instituzioen arteko bitartekari lana egin dezaketela uste du. «Batzuk ez dira Gizarte Zerbitzuetara joatera ausartzen», eta elkarteek bide hori egiteko laguntza eskaini nahi dute.
Izan ere, Goierrin ere badaude tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak. Eskualdeko kasuen datu zehatzik ez dute elkarteek, «baina gu ez gara gainontzekoen ezberdinak», zehaztu du Balerdik. «Duela gutxi bizilagun bat etorri zitzaigun, baina seguru kasu gehiago ere badaudela. Dena den, guregana gerturatzea ere oso zaila egiten zaie».
Beasaingo Asmube elkarteko Maria Jesus Auzmendik gai hau «ezkutukoa» dela gehitu du. «Badakigu gertatzen dela, baina… Indarkeria hau bestelakoen oso ezberdina da, eta askotan ezkutuan gelditzen da». Horregatik, eta kasu horiek guztiak ezkututik ateratzeko salaketa jartzeak duen garrantzia azpimarratu dute: «Susmoa dagoenean salatu egin behar da. Baina, euren ondoan ere egon behar da, eta une horietan babesa eman».
Balerdiren ustez gizartea eta instituzioak ez daude nahikoa inplikatuta gai honekin. Hori dela eta, aurten Kimetzekoek deklarazio instituzionala ez irakurtzea erabaki dute. «Hor esaten dena, gero ez da betetzen».
Instituzioen inplikazioa ere eskatu du Kimetzeko ordezkariak. «Egia bada arazoa benetan larria dela uste dutela, gehiago egin dezatela, ikastetxeei gai hau lantzeko bitarteko gehiago eskainiz, adibidez. Kanpainak urte osokoak izan behar dira».
Auzmendi ere bat dator Balerdirekin. «Emakumeek zergatik ez dute salaketarik jartzen? Babesik sentitzen ez dutelako». Gorveinek dio legeak baliabide asko eskaintzea aurreikusten duela, baina benetako orduan ez dagoela baliabiderik. Instituzioen eta emakumeen arteko elkarlana ez dela behar bezain ona ere badio: «Guk, adibidez, –Zumarragako– udalaren batzordeetan parte hartzen genuen, eta deitzeari utzi zioten. Kimetzek bere udalaren –Ordizia– babes handiagoa duela ere iruditzen zait, eta gizarteak batasunik nabaritzen ez badu, borrokak indarra galtzen du».
Hala ere, zenbait gauza lortu dituzte. «Goierri garaian indarkeria kasuetarako protokoloa sinatu dugu, Zumarragan Berdintasun saila dugu (nahiz eta aurrekontua garai bateko laurdena den), mankomunitateak berdintasun teknikaria du… Nire ustez, horretan guztian Eraldatzenek zeresan handia izan du. Are gehiago, gure elkartea sortu aurretik, ez zen tratu txarrez hitz egiten», azaldu du Gorveinek.
Gizarteari dagokionez, herritarrek gehiago egin behar dutela uste dute hiru elkarteetako kideek. «Dena ezin da instituzioen eta elkarteen esku utzi». Balerdiren ustez, «isiltasunak konplize egiten gaitu. Indarkeriaren aurkako kontzentrazioetara, adibidez, oso jende gutxi etortzen da», eta jendea norberaren inguruan kasuren bat ematen denean bakarrik mobilizatzen da».
Hori ikusita, Eraldatzenek hilean behineko elkarretaratzeak egiteari utzi zion. «Gizartea ez dago nahikoa kontzientziatuta: gehiago inplikatu behar da eta kontzentrazioetan parte hartu. Gizarteak erasotzaileak baztertu egin behar ditu, hori bakarrik baita eraginkorra. Baina, zoritxarrez, gizarteak ez dio ezer leporatzen erasotzaileari», dio Gorveinek.
Gazteen artean ikusten dituzten jarrerek ere kezkatzen dituzte elkarteetako ordezkariak, tratu txartzat hartu daitezkeen jarrerak normaltzat hartzen baitituzte. Hori dela eta, eurei zuzendutako ekitaldiak ere antolatzen dituzte elkarteek.
Hiru talde hauetako kideek emakume elkarteek gai honetan zeresan handia dutela uste dute, eta iaz erabaki zuten jardunaldia egitea. Aurten bigarren zatia ari dira osatzen; Beasain, Ordizia, Urretxu eta Zumarragako Udalen, Foru Aldundiaren, Emakunderen eta Kutxaren laguntza dute.