Duela 30 urte, gaurko egunez, azaroaren 23an, eguerdiko 12:00etan esan zituen Julian Belokik (Legazpi, 1956) lehenengo hitzak Euskadi Irratian. Aurretik, Herri Irratian aritu zen. Dena den, txikitatik izan zuen harremana ahozko komunikazioarekin: Arantzazun egin zituen ikasketak Belokik, Gandiagaren ikaslea izan zen eta «berehala jarri gintuzten pulpitotik zerbait esaten. Lektore ofiziala ere izan nintzen», dio Telleriartekoak.
Nola gogoratzen duzu 1982ko azaroaren 23a?
Gure seinaleei ofizialtasuna eman nahi zitzaien, ordurako gutxi asko, probatan, musika sartzen ari ginen eta. Azaroaren 23an, eguerdiko 12etan, minutu erdiko halako iragarki instituzional bat egin genuen, eta ahotsa jartzea egokitu zitzaidan. Agur Jaunak kantua erabili genuen, momentu hartan, instituzionalena bera iruditu zitzaigulako. Eusko Jaurlaritzak hedabide publikoak sortzen zituela, euskararen alde, Euskal Herriaren alde… minutu erdian hori esan eta hortik aurrera musika sartzen hasi ginen.
Euskadi Irratira iritsi aurretik, ba al zenuen esperientziarik irratigintzan?
Herri Irratitik nentorren, 1978an Herri Irratian hasi nintzen. Herri Irratiak halako aldaketa bat egin zuen urte hartan: bere autonomiaren alde egin eta loraldi bat izan zuen. Juan Lekuonak deitu ninduen, 1978ko irailean, euskarazko edukiei indar gehiago emateko. Hasieran kolaborazio gisa hasi nintzen, eta gero 6 orduak euskaraz proiektua etorri zen, Jaurlaritzaren babesarekin… Arratsaldeko 6etatik gaueko 12etara euskara hutsean egiten genuen. 6 ordu horietan, euskarazko lehendabiziko informatiboak egiten hasi ginen. 1982an Euskadi Irratia sortzeko deia egin zuten. Herri Irratian genbiltzan jende batek Euskadi Irratirako pausoa egin genuen, Jose Mari Otermin zuzendari genuela.
Aldaketa handia izan al zen?
Guretzat aldaketa izan zen, 6 ordutan egiten ari ginena, egun guztian egin behar baitzen Euskadi Irratian. Abantaila bat bazuen Euskadi Irratiak: irrati berria zen, eta alderdi teknikotik gozamena zen. Herri Irratiak zeukan arazoetako bat zen, gauzak zahartzen ari zitzaizkiela. Gauzek funtzionatzen zuten, baina batzuetan erdizka. Ez ziren garai errazak; ekonomian ere, orain bezala, larria zen egoera, eta inbertsio berriak egitea konplikatua zen. Bat-batean irrati berri batekin topo egin genuen Andia kaleko 13an. Baina beste guztia eginkizun zegoen: fonoteka osatzea, nolako programazioa egin behar genuen erabakitzea, euskarekiko kezka, geure burua ezagutzera ematea…
Urte hauetan, aurrerapen teknologiko handiak izan dira.
6 orduak egiten hasi ginenean, guretzat asmakizunik handiena teletipoa izan zen. Ordura arte ez zegoen teletiporik. Teletipoa erdaraz bakarrik zegoen, teletipoari tira egin, moztu eta bat-batean itzultzen genuen. Bat-bateko itzultzaile ofiziorako ere asko ikasten zen gurean. Orain, berriz, irratian zuzenean aireratzen duguna gero Nahieran eskaintzen ari gara Internetez, norberak egokien datorkionean entzun dezan…
Euskara hutsean lan egin behar izateak zailtasunik ba al zuen?
Zaila izan zen, programazioa bete behar zen, eta geuk gauzak kontatzeaz gain elkarrizketa bidez nork kontatua ere behar genuen. Harripeetan begira ibiltzen ginen, gaiak aukeratu eta ea euskaldunik bazen galdezka. Askotan jendea ez zegoen prest jendaurrean euskaraz hitz egiteko. Hori asko aldatu da, zorionez. Gaur egun ate asko jo ditzakezu eta beti norbait aurkituko duzu prest. Garai hartan jende askori kosta egiten zitzaion irratian euskaraz hitz egiteko baietz esatea. Jendeak lotsa hori ere galdu du, eta asko jabetu gara hizkuntza honekin ere plazan egon behar dela, ez dela etxeko hizkuntza bakarrik.
Zer ekarri dio Euskadi Irratiak euskarari eta Euskal Herriari?
Euskadi Irratiak euskaldungoak ordura arte izan gabeko hitz jarioa eman zion, egun osokoa, eta gainera etxe guztietara iristen ginen. Hitz jario hori da Euskadi Irratiak Euskal Herriari eman dion oparirik onena; egunero-egunero etxean daukazu, piztea bakarrik da lana.
Euskadi Irratiaren zuzendari ere izan zinen 1991tik 1999ra. Zein izaten zenuen buruhausterik handiena?
24 orduei eustea eta gauza berriak egitea. Gure medio honi batzuetan kosta egiten zaio bere burua berritzea. Informatiboetan gero eta autonomia gehiagorekin aritzen saiatu ginen, gero eta gai gehiago geuk ateraz… Horrek esan nahi du sendotu egin ginela garai hartan. Bi leku aldaketa egitea ere egokitu zitzaidan. Andia kalea utzi, Larramendira joan, Larramendi utzi eta Miramonera etorri. Beste aldi garrantzitsu bat ere izan zuen garai hark: digitalizazioa. 1996an Miramonera etorri ginenean, soinuen gestioa erabat digitalizatu genuen. Orain hain arrunta den hori momentu hartan abentura bat zen, oraindik merkatuan ez zegoen zerbait. Lan bikaina egin zuen orain jubilatzera doan Xabier Laskibarrek, teknika arduradunak.
Urte askoren ondoren, Euskadi Irratian zure ahotsa berriz entzuteko aukera dugu. Zure ahotsa nabarmendu izan dute beti.
Ez dakit, egunak izaten dira. Ni ofiziora iritsi nintzenean, ahotsarena elementu inportantea zen. Orduan, oraindik, Fragak egin zuen Estatuto de Radiotelevision hartan, lokutorearen figura existitu egiten zen lokutore soil bezala; orain hizlari erredaktoreak gara. Gogoratzen dut Inazio Arregi, Eusko Irratiko zuzendari izana, Vaticano Irratian nazioarteko informazio sail baten arduradun zela, hara bisitan joan nintzen batean nola lokutoreek beste batek emandako testua hartu eta pasilloan zeuden mahaitxo batzuetan ensaiatu egiten zuten. Bere ofizioa esatea zen. Ni garai hartan sartutakoa naiz eta ahotsak garrantzi handia zuen. Orain ere bai, baina orain lehentasuna dauka kazetari ona izateak, animatzaile ona izateak…
Goierritar asko aritu izan zarete eta zabiltzate.
Legazpiarrak bakarrik, nire akorduan, Gartziatarrak, Joxerra batik bat, baina baita Alberto ere eta orain Juan, Pello Zabaleta, Tere Beloki, Beatriz Zabaleta, Marian Beitialarrangoitia, Iñaki Guridi, Alberto Gartzia, Ane Santesteban, ni neu…, horrela bat batean gogoan ditudanak, hemen ibili izan direnak eta bagabiltzanak. Aldikako solaskide eta laguntzaileak ere izan dira, baina kontratupean lan egin izan duten goierritarren kontuak ateratzen hasita, berrogeiren bateko zerrenda erraz osatuko genuke.