Beste ezein errepide baino lehenago, Aizkorri eta Aratz artetik galtzada doa, Lizarraten ‘ordainleku’ eta guzti. Etengabeko joan-etorriaren emariak ondu du San Adrianen historia. Antzinatetik, Altzaniako mendi multzoa zeharkatzeko errepideak bizitu zuen goi mendia, mila metro garai pasatxoren koskan, gailurrean atsedenleku-ordainleku eta guzti gainera, Lizarrateren babesean. Goierriko txoko magikoetako bat da San Adrian ingurua —Sandrati deitua bertakoek, Lizarrate pasabidea ere bai—, Aratz-Aizkorri parke naturalaren bihotzean.
Ia goraino autoan joaten denak Aldaolan (747m) utzi behar du ibilgailua. Aterpetxearekin (890m) topo egingo du ibiltariak berehala. Garai bateko mikelete etxe berregokitua da. Izan ere, mugan egoteak baldintzatu du parajearen garrantzia geopolitikoa, batik bat Gipuzkoa eta Araba Nafarroatik erauzi zituztenez geroztik.
Egia esan, mapak sortu aurretik ere berebiziko funtzioa zuen Sandratik. Muga fisikoa zen —izan da beti—, goi mendiko klimaren erasanetatik babesteko toki bakarra inguruan.
Aterpetxetik begiz parez pare ikusten da kobazuloa. Aldapa leunean garai bateko galtzada zatiak daude, orain dela denbora gutxi berreginak batzuk.
Eskuinerantz desbiratuta, merezi du Sancti Spirituko baselizara (960m) hurbiltzea. Fraide tenplarioen egoitza zela adierazten du elizako harri batean landutako gurutzeak. Fraideen bolalekutik —bidean dagoen ordeka—, jarraituko dugu.
Sandratiko koban (1.021m), orain ermita eta harri-horma batzuk besterik ez dauden arren, lau mila urteko historia dago. Brontze Arotik gaurdaino, etengabeko aztarna arkeologikoak topatu dituzte: bizitokia, gotorleku militarra, gaztelua, sutegia, ukuiluak… Baita hilerria ere. Benetako herria zen. Tunelean gora pasa, eta Erdi Aroko galtzadari segiz Azkaratzako iturrira (1.054m) iritsiko gara. Handik, ibiltariak aukera dezake nora jo: Aratzera, Arabara, Urbiara, Aizkorrira…