Rufino Iraola Garmendia
Idazlea
Aspalditik nengoen usaina hartuta, eta azkenean laster ezarriko dutela gure herrian ere Atez Ateko bilketa-sistema. Neure errua ere izango da puska bat, berrikuntzen aurrean uzkur antza naizelako, baina garbi esango dut dezente kezkatzen nauela erabakiak. Ez zait gehiegi gustatzen sistema berria. Halako itolarri bat ematen dit etxean bost ontzi eduki beharko ditudala jakiteak. Txikienak izanda ere ez al dira asko? Ez zait bururatzen non gorde, oraingoz behintzat. Bestalde, kalkuluak ez al ditugu ondo atera beharko arraina-eta noiz jan-edo…, zeren hondakin mota hori egun pare batetik gora etxean eduki behar badugu, ez al du sortuko problemarik?
Eta txiparen hori zer? Identifikazio kontuek beti aztoratu izan naute, eta honek ere bai. Badakit biltzaileen diskrezio eta profesionaltasunaz mintzatuko zaizkidala. Mintzatzea baina niri zaborrontzia txiparekin ipintzen badidate, ez al da logikoa pentsatzea ez dela izango tarifan deskontua egiteko bakarrik.
Itsasondo, Legorreta eta Zaldibian AAko bilketa-sistema jartzera zihoazela jakin nuenean, ohar bat idatzi nuen prentsan azken galdera honekin: «Atez Atezko hondakin- bilketa zergatik ez hasi Beasain, Ordizia eta Lazkaotik, horiek baitira Goierriko hondakin guztien %66 baino gehiago sortzen dutenak?»
Sasieta Mankomunitateko presidenteak erantzun zidan. Funtsean hauxe zioen: bideragarritasun-estudio guztiak oraindik amaitzeko daude, eta horiek amaitutakoan ikusiko da. Hiru herri horietakoak, bai, eginak daude, eta onartuak; horregatik ipini da horietan martxan.
Sasieta Mankomunitatea 22 herrik osatzen badute, zergatik ez da guztietan batera amaitu bideragarritasun-estudioa? Ez dut konprenitzen estudio osoa amaitu baino lehen zergatik jarri nahi izan den martxan kasik herririk txikienetan sistema berria. Eta oraindik estudioa amaitzeko dagoen herri horietan bideragarria ez dela ondorioztatzen bada? Eta… Sistema berrian sartzen direnen kostua zeinek finantzatu behar du, Mankomunitateak ala herri bakoitzak?
Gauzak ondo egiteko, ez al dute 22 herrietako hiritarrek, bozketa bidez, eman behar beren iritzia, eta ateratzen dena aurrera eraman. Hori da demokratikoa, Mankomunitatean sinesten badugu.
Badira datu batzuk onartzeko zail antzak. Sortzen den hondakinaren %80 birziklatzea asko iruditzen zait. Biltzen denaren %80 ere ez da gutxi; izen ere, ez al dago arriskurik, Antzuolan bezala, hondakin asko “desagertzeko?” Bestetik, AA garestia ote den irudipena daukat. Badut datu bat: Bergara, Antzuola eta Oñatin, AA martxan jartzeko, Ingurumeneko aurrekontua % 65,58 igo dute.
Errauskailua oso txarra dela entzun dugu beti. Bada, ez dio horrelakorik Juan Carlos Alduntzinek, Ingurumeneko Foru Diputatu ohiak: «La incineradora no es mala en sí, pero obstaculiza el objetivo principal, el reciclaje.» Gauza guztiak bere tokian.
Beste gauza bat ere bada konprenitzen zaila: Foru Aldundiak zergatik ez du eramaten debatea Batzar Nagusietara, eta hantxe erabaki Gipuzkoako eremu demokratiko handienean?
Eta… birziklatzea zer da? Ontzi batzuetan etxeko zikinak banatzea? Horren erraza ote? Ez dut esango gaizki dagoenik, baina aurre selekzioa baino ez da. Benetako selekzioa hondakin-plantetan egin beharko da. Eta gero, birziklatzeko, kanpora bidali, agian oso urrutira. Horrek ez al du kostu handia izango?, eta gasolio-erreketa galanta!
Badut beste datu bat ere: dirudienez, selekzio-plantara doan beiraren %30 atzera botatzen da; baita birziklatzera bidaltzen denaren %20 ere. Agi denean, konpostajeari gagozkiolarik, tonako 400 euro kostatzen da, eta saldu 30 euro inguruan. Bestalde, konpost-plantara iristen den janari fresko zein kuzinatuaren %75 atzera bota behar izaten omen da. Merezi al %25ekin lanean aritzeak?
Ez al da alfer-gastu handiegia? Izan daiteke politikoki zuzena, baina ekologiari egiten al zaio uste adinako mesederik? Ez al da hobe bosgarren kontainerra kalean ipini, eta jendea hezi eta mentalizatzea, bere borondatez egin dezan selekzioa?. Hori da iraultza, hori da fruituak lortzea.