Mikel Alvarez
Beste Jazpana! bat pasa da eta bizirik gaude laugarren urtez jarraian Artola. Emaitza beraz, ez da txarra! Orain pentsatzen jarrita, harrigarria iruditzen zait hemen biok hizketan hainbeste denbora egon ostean oraindik gure jaialdi maite hau aipatu ez izana… (gure lagun eta ahaidekoek badakite zein monotematikoak bilakatzen garen…). Hala ere, eta gaia atera badut ere, ez da Jazpana! gaur hizpide izan nahi dudana; Jazpanari esker ezagutu dugun beste errealitate bat baizik: SGAEko banpiro madarikatuak!
Jendeak jakin badaki, taberna bat baduzu, edo ileapaindegi bat, edo okindegi bat, edo margo denda bat, SGAEko banpiroak odola ateratzen dizula zure lokalean jartzen duzun musika dela eta, egileen eskubideak babesteko. Puntu hortararte ondo.
Zer gertatzen da, ordea, taldea zuzenean zure lokalera edo jaialdira ekartzen baduzu? (Jazpana! kasu). Ba berdin berdin kobratzen dizutela! Bai bai, ez zarete gaizki irakurtzen ari! Zuk taldeari bere cachea ordaindu diozu, dirua etxera eraman du edo bidean gastatu du (bakoitzak nahi duena egiten du diruarekin) eta SGAEko banpiroa diru eske agertzen zaizu aste betera, kobratu berri duen talde horren eskubideak defendatzeko aitzakiarekin!
Ea, taldeari ordaindu diot ba? Zein eskubide babestu behar duzu zuk? Are gehiago, lau urteko esperientziari esker, talde horiek diru horren alerik ere ikusten ez dutela jakinda! Xoxik ere ez! Azaldu idazu zerbait Artola, nik ez baitut ezertxo ere ulertzen…
Jon Artola
Nik ere ez ba Mikel! Eta ez dakit gainera ulertzen saiatzeak merezi duen ere, egoera erabat kafkiarra baita!
Baina bestalde, hasieran ulertezinak egiten zaizkigun jarreren aurrean beti da interesgarria bestearen larruan ipini eta bere jarrera eta ekintzen arrazoiak ulertzen saiatzea. Nahiz eta azkenean zentzugabekoak direnaren ondoriora iritsi, noski!
Beraz, SGAEren jarrera ulertzeko xedez interneten bilaketa azkar bat eginez (eta badakizu hori guretzat egiaren pareko dela, gure aurrekoentzat ‘irratiak esan du’ zen bezalaxe), susmoa dut, ez ote diren gauzak diruditen baino konplexuagoak. Ez ote dugun kontzertu bat antolatzean, artistari jaialdira etorri eta abestiak jotzeagatik ‘soilik’ ordaintzen, eta ez jotzen dituen abesti horien eskubideengatik. Hots, egoera ideal batean guk Egan kontratatuko bagenu bezala eta jotzen duten abesti bakoitzaren entzuleen arabera, SGAEk abestien eskubideak kobratu.
Baina berriz ere diotsut gaian gehiegi sakondu gabeko susmoa dela soilik, ni ez bainaiz legelaria.
Horrela planteatuta SGAEren jarrerak zentzu arrastoren bat izan lezake, baina zurekin bat nentorke ziurrenik jokaera hori justua ez dela esatean, edo artisten eskubideak kudeatzeko duen monopolioa, erabiltzen dituen moduak eta abar salatzean. Hommo sampler garai hauetan autore eskubideen gaia birplanteatu beharraren kontuarekin ez hasteagatik. Zeren, azken batetan, ez al da tradizioa ez den oro plagio? Sortze prozesua remix bat? Kopiatzea maitasun adierazpen bat?