– Aupa, Ibon! Aspaldiko!
– Kaixo, Koldo.
– Aizu, izan al zinen aurrekoan egindako manifestazioan? Mundiala izan zen!
– Manifestazioa? Non, baina?
– Hementxe, Legazpin. Atez atekoaren aurkakoa.
– Ez. Lan kontuak direla-eta kanpoan izan naiz hiru bat astez, baina entzun dut horri buruzko zerbait, bai. Dena den, erretiratuek pentsio igoera eskatzeko egindakoa zela zirudiela esan didate. Adinekoak nagusi! Kar, kar, kar…
– Zu, bai, zu adinekoa! 3.000 lagun bildu ginen. 3.000! Atez ateko sistema alde batera utzi, eta bosgarren edukiontziaren alde geundela adierazi genuen, argi eta garbi. Ea, orain, udal gobernuak gure iritzia kontuan hartzen duen, badu garaia eta!
– 3.000 diozu? Alajaina! Gure herria xelebrea da gero! Lan baldintzak kaskartu, enplegua erregulatzeko espedienteak ezarri, enpresak itxi… azken batean, burutik behera kaka egiten utzi, eta herriak ez du kalera irteteko adorerik izan; ez, behintzat, kopuru horretan. Eta, orain, gure ongizateari begirako sistema eraginkor eta logiko bat jarri nahi dutela-eta jendea kalera! Hau da marka!
– Zer diozu, Ibon? Atez atekoaren aldekoa al zaitugu? Bilduri bozka ematen dioten horietakoa?
– Ez politizatu kontua, mesedez. Zaborrarekin daukagun arazo larriarentzat irtenbide egokiena aurkitzea eta martxan jartzea besterik ez dut nahi, berdin dit noren ahotik datorren. Eta han eta hemen galdetzen eta informazioa biltzen jardun ondoren, argi ikusten dut atez atekoa dela biderik egokiena arazoa sakon-sakonetik bideratzen hasteko. Hortxe duzu, esaterako, Kataluniaren adibidea.
– Astoaren putza! Horiek komeni zaiena baino ez dute lau haizetara zabaltzen. Legazpin, 3.000tik gora gara sistemaren aurka gaudenak, eta iritzi berekoak dira, besteak beste, Eskoriatza eta Astigarragako bizilagun ugari ere. Manifestazioan izandakoak horiek ere.
– Baaaale. Beraz, jendetza bai, baina ez denak herrikoak, ezta?
– Eta zer demontre axola dio horrek! Inposatutako sistema honen aurka dagoen jendea zen, eta kito. Ala… ez zaizu iruditzen inposaketa izan denik?
– Baliteke. Udal gobernuak, hasiera batean, bai ala bai egin beharrekoa zela esan zuen, eta hori ez da proposamen edo iradokizun bat egiteko modua. Bat nator zurekin horretan. Jendeak badu bere iritzia emateko eskubidea. Horixe da helburua, gainera! Baina horretan ari garela iruditzen zait.
– Bai, ba… ez du ematen. Guk bosgarren edukiontziaren aukera nahi dugu. Hori baita ondo birziklatzeko modu egokiena.
– Bosgarren edukiontzia? Tira, tira, tira… Laurekin birziklatzeko borondaterik izan ez duenak zer izango du bosgarrena jarrita ere! Gainera, apustu egingo nuke manifestazioan izan ziren askok eta askok bosgarren edukiontzia zertarako den ere ez dakitela. Euren alderdi politikoak gidatuta besterik ez zirela kalera irten. Edo lan egiteko alferkeriak bultzatuta, bestela!
– Ezta pentsatu ere! Bertan ginen guztiok ondo dakigu ez dugula gure bizimodua inoren aginduetara egokitu nahi. Era bateko eta besteko zaborra noiz atera behar dugun aldez aurretik zehaztuta izatea… besterik ez genuen behar! Eta non demontre sartu, gainera, hainbeste poltsa? Eta arrainaren hondakinak, zer? Etxezuloan sartuta eduki behar al dugu eau de toilette xelebrea, udal gobernuari egokia iruditzen zaion arte?
– Ez izan aldrebesa, gizona! Ez dut uste astean behin pasako direnik horrelakoak jasotzera. Eta txarren-txarrenean, egongo dira gune berezi batzuk norbaitek etxean zerbait «traban» izanez gero, hara eraman eta botatzeko.
– Bota, bota… Kontu izan jendeak poltsak errekara edo beste bazterren batera botako ez ote dituen! Hainbeste zaildu nahi dizkigute gauzak!
– Koldo, faborez… Gauzak zaildu? Guztiok lan pixka bat eginda, ingurune hobea utziko diegu gure seme-alabei eta haien ondorengoei. Ez al du esfortzu txiki bat merezi? Kontzientziazioa da behar duguna. Zabor gutxiago sortzea, gauzak birziklatzea eta jokabide etikoagoa eta zintzoagoa izatea dira gakoa. Ezin dugu beti gure zilborrari begira egon; biderik erosoenaren bila etengabe.
– Ez daukat oso argi nor den hemen etengabe bere zilborrari begira dabilena.
– Tira, tira… Gu liskarrez liskar, eta Bizkaian ia-ia ez dakite atez atekoa zer den ere!
– Bizkaitarrak beti atzetik, badakizu!
– Horretan bat gatoz, behintzat!
(Kar, kar, kar…).