Euskarazko prentsak sekula ez du oparotasunik ezagutu diru aldetik eta, egun, krisi horri, ohitura aldaketarena gehitu zaio, gero eta gutxiago baitira egunkaria irakurtzen dutenak. Berria egunkariaren kasua da egoera horren adibideetako bat. Gorka Erostarbe eta Igor Susaeta kazetari goierritarrek gertutik ezagutzen dute gaia.
Zenbat urte daramazue ‘Berria’ egunkarian lanean?
Igor Susaeta: Egunkarian hasi nintzen ni, 2002.urtean, eta ondoren Gara egunkarian aritu nintzen. 2004ko abenduaz geroztik Berrian nago. Kirolak eta Kultura sailetan aritu naiz.
Gorka Erostarbe: 1999ko ekainean hasi nintzen Egunkarian. Itxi aurretik Kulturan eta gehigarrietan aritu nintzen, batez ere. Itxi zutenean Barkatu, ama gazteentzako gehigarria koordinatzen nuen. Berria ireki zenetik Kultura sailean aritu naiz, batez ere.
Asko aldatu al da zuen lana azken urteotan?
G.E: Twitter eta Facebook berehalakotasunari begira izugarrizkoak dira, eta pentsatzeko modua ere aldatzen ari zaigu: 140 karakteretan pentsatzen dugu. Dena den, askotan, kazetaritzan albistea publikatzen lehena izateari garrantzia handiegia ematen diogu, eta horrek gauzak behar bezala lantzeari uzteko arriskua du. Hala ere, arrisku hori lehen ere bazegoen. Bestalde, sofatik egindako kazetaritza asko dago. Kalera geroz eta gutxiago joaten gara. Krisi garai honetan, kaleko sufrimenduen berri gertuagotik emango duen kazetaritza beharrezkoa da. Iritzia ugaldu egin da eta lubakiko kazetaritza, berriz, eskastu.
I.S: Informazio asko sare sozialetatik lortzen dugu. Lehen teletipoen zain egoten ginen eta orain Twitterren zain. Hori aldatu da, baina nire ustez, izaera propioa izatea berehalakotasuna baino garrantzitsuagoa da. Diseinuarekin, eduki landuekin… erakarriko dugu jendea. Erreportaje ederrak dira jendea asebetetzen dutenak. Besteek baino baliabide gutxiago dugunez, lan berezia egin beharra dugu, izaera propioa erakutsi.
Aldaketa horretan gizartean eman den aldaketak ere eragina izan du. Irakurleei zerbait eskatzerik ba al dago?
I.S: Irakurleari ezin zaio ezer eskatu. Neurri batean behintzat, gure esku dago irakurle gehiago lortzea. Egunkaria hautatzeko orduan ohiturak asko eragiten du, eta guk produktu erakargarria eskaini behar dugu jendeak bere ohiturak aldatu ditzan. Hori da gure erronka. Edukiekin asmatu behar dugu, bereiziko gaituen zer edo zer eskaini behar dugu. Dena den, dagoeneko Berria gizartean errotua dago.
Nola ikusten duzue etorkizuna?
G.E: Papera krisian dago eta erronka zaila baina erakargarria dugu. Garai berrietara egokitzen eta hedabide modernoa izaten asmatu behar dugu. Teknologia berriak informazioa zabaltzeko tresna egokiak dira, eta kazetaritzak sare sozialetan egon behar du, baina informatzeko tresna izan behar dira; ez egoa puzteko tresna. Edukiari garrantzia eman behar zaio.
Garai nahasi samar hauetan irakurleen nahiak detektatzea garrantzitsua da. Tresna asko daude eta jendea sakabanatu egiten da, baina jendeak irakurtzen du. Belaunaldi berriak ordenagailuari itsatsita bizi dira, eta irakurle hori zertan dabilen detektatu behar da, zer interesatzen zaion jakin.
I.S: Irakurleei zer komunikabide mota nahi duten, zer eduki gustatzen zaizkien… galdetzea ere garrantzitsua da.
‘Berria’ gizartean errotuta dagoela esan duzue. Zergatik?
I.S: Euskarazkoa delako, eta kalitatezkoa. Euskarazko egunkariak bi hamarkada besterik ez ditu, eta pazientzia behar da. Denborarekin gehiago errotuko da. Ahalik eta produktu onena kaleratzeko lan egin behar dugu.
G.E: Sinplea da: hemengo informazioa euskaraz jasotzeko aukera eskaintzen duelako. Komunitate bateko kide sentiarazten gaitu eta denok dugu horren beharra.
Komunitate horretako kide izateko aukera ere ari zarete zabaltzen, besteak beste ‘Ziztada’ kanpainarekin. Zer da lortu nahi duzuena?
G.E: Komunitate horretako kide izaten eta informazioa euskaraz jasotzen jarraitu nahi badugu, Berria beharrezkoa da. Garai zailak bizi ditugu, beste behin, eta Berriak jendearengana jo behar izan du laguntza eske. Ziztada beharrezkoa du aurrera egin nahi badu.
I.S: Jendeak argi eduki dezala, ahalik eta egunkari onena egiteko konpromisoa hartu dugula. Ez dezala inork zalantzan jarri ahalegin osoa egingo dugula. Hartu eta eman.
Egunerokoaren ispilu dira egunkariak, eta denetariko albisteak ematea egokitzen zaizue kazetariei. Zein izan da zuen ibilbideko unerik gozoena eta mikatzena?
G.E: Gogorrena Egunkariaren itxiera izan zen: ezin ulertua geunden denok. Martxelo Otamendi zuzendaria kartzelatik irten zenean bertan nengoen, eta gutxitan sentitu dut halako zirrararik. Ondoren, egunkari berri bat abian jartzea tokatu zitzaigun eta hori sekulako esperientzia izan zen. Kazetaritzak jendea ezagutzeko aukera ere ematen du eta, elkarrizketatuak merezi duenean, gauza ederra da. Ruper Ordorikarekin eta Mikel Laboarekin egotea, adibidez, oso atsegina izan zen. Robert Wyatt musikari ingelesarekin ere oso gustura hitz egin nuen: nire ingelesa kaxkarra delako barkamena eskatu nion eta berak lasai egoteko esan zidan, bere euskara nire ingelesa baino okerragoa dela.
I.S: Pablo Ibarren senitartekoei elkarrizketa egin nien eta euren etxetik jota irten nintzen. Baina une hura pozgarria ere izan zen, era berean, halakorik egiteko aukera izugarria baita. Jendearen bizipenak entzutea oso atsegina eta aberasgarria da, eta kazetariok badugu horretarako aukera.
Bokaziozkoa al da kazetarien lana?
I.S: Nik irrati esatari izan nahi nuen umentan. Dena den, psikologikoki lanbide gogorra da: egungo gizartean informazio jarioa etengabea da eta deskonektatzeko ahalegin handia egin behar da.
G.E: Gurasoek oso astuna nintzela esaten dute, galdera asko egiten nituela. Aitak kazetaria edo guardia zibila izango nintzela esaten zidan. Aukeratzeko ordua heldu zenean, argi eduki nuen.