Medikuntzaren historian garrantzia handia izan du Luis Sanchez Granjelek. Seguran jaio zen 1920an, eta Salamancara bizitzera joan bazen ere, beti mantendu zuen harremana Segurarekin; 2002an, omenaldia egin zioten.
1920 eta 1931 urte bitartean Segurako medikua izan zenaren semea zen Luis Sanchez Granjel. Seguran, 1920ko otsailaren 26an jaio zen, eta hamaika urte zituela Salamancara (Gaztela Leon) joan zen bizitzera.
Aitaren bideari jarraituz, medikuntzaren bideari heldu zion. 1945ean Salamancako Unibertsitatean Medikuntzan lizentziatu zen, eta 1948an doktoradutza bukatu zuen Madrilen. 1987an erretiroa hartu bazuen ere, gaur egun Medikuntzaren Historiako irakasle emeritua da oraindik Salamancan.
Medikuntzaren arloan lan handia egin du Sanchez Granjelek, bai mundu akademikoan, irakaskuntzan eta ikerkuntzan. Salamancako Unibertsitatean garrantzia handiko karguak izan ditu. Euskal Herriarekin ere mantendu du harremana. Euskal Herriko adiskideen Elkarteko ohorezko kide izana da; Medikuntzaren Historiaren Euskal Elkarteko lehendakari izan zen; eta Leioako (Bizkaia) Medikuntzaren eta Zientzien Historiaren Euskal Museoko Errektoretzako kidea. Bergarako Unedeko unibertsitatean eskolak ere eman izan ditu.
Ikerketa lan ugari egin izan du eta guztiak aldizkari espezializatuetan eta monografikoetan idatzi ditu.
Segurako herriak omenaldia egin zion 2002ko maiatzaren 25ean, «bere jaioterriari erakutsi dion maitasunagatik eta ibilbide zientifiko oparoagatik». 2009an bere fondo pertsonaleko zenbait material udalari dohaintzan eman zizkion Luis Sanchez Granjelek. Harrezkeroztik, Segurako Udal Liburutegian bere lanak biltzen dituen bere izeneko armairua edo txokoa dago.