“Jendeak denbora gehiago pasatzen du pareko bizilagunaren inguruko estereotipoak pilatzen, hura ezagutu ahal izateko harekin hizketan baino”. Joseba Sarrionandia idazleari egunkarian egin berri dioten elkarrizketa irakurtzen ari naizen bitartean, hitz horiek erakarri didate atentzioa. Ohitura, pentsamendu nahiz itxura ezberdina dutenei buruz ari da Iurretan (Bizkaia) jaiotako sortzailea. Disidenteez, homosexualez, inmigrantez, beltzez, euskaldunez… Zerrenda amaigabea baita, izan ere, gizarteko kanonetatik urruntzen direnez ari garenean.
Sarrionandiak botatako sokatik tiraka, bestelako horien guztien artean bestetasuna hezurmamitzen duten horietaz jardun nahi nuke gaur. Atzerritarrei edo etorkinei buruz ari naiz, munduko beste herrialderen batetik gurera etorri diren gizon-emakume horiei buruz.
Idazleak aipatzen duen bezala, aurreiritzi mesfidatiekin begiratu izan diegu sarritan bizimodu berri baten bila euren aberriari agur esan dioten horiei. Alfer hutsak direla, gaiztakerietarako joera dutela, Osakidetzako itxarote zerrendak loditzen dituztela… Modu askotakoak dira eguneroko eztabaidetan entzuten diren komentarioak. Horietako gehienak mingarriak, gainera.
Gai honen harira, irakurle estimatu hori, ariketa bat proposatu nahiko nizuke oraingo honetan. Oso lan erraza. Imajinatu zure baitarako lauzpabost atzerritarren aurpegiak; zure inguruan aurki ditzakezun inmigrante zenbaitenak, esan nahi dut.
Agian eliz atarian eskean egon ohi den emakume (ustez) errumaniarra etorri zaizu gogora. Edo tia Paki egundoko goxotasunez zaintzen duen Maria del Rosario dominikarra. Baliteke, baita ere, etxeko teilatua berritzen ari zaizun igeltsero kuadrillako Ahmed gogora etortzea, nahiz kaltzontziloak erostera joandakoan Maxi China supermerkatuan harrera egiten dizun txinatar argia begitantzea. Beste batek, akaso, adiskideren baten neskalagun eskoziarra ere izango zuen kontuan.
Baina gutxik imajinatuko zuen bere burua atzerritar modura, kanpotar gisa. Niri ere berdin gertatu zait!
Munduak azken urteotan hartu duen norabidea ikusita, ordea, ingurura begiratu besterik ez dago, atzerritar izatea zer den gertuago sentitzeko. Hurbilago nabarmentzeko arrotz izateak berekin daramatzan bakardade, tristura eta ametsak. Gogoratu bestela, krisiaren hatsa lepo atzean sentitzen dutelarik, kurrikuluma besapean hartuta atzerrira alde egitea erabaki duten horietaz. Ez dira gutxi dagoeneko. Ikasketa oparoen eta gogorren emaitza amaren saloiaren apaingarri ikustea baino, hilero Lanbideko bulegotik irtetean egindako asperena baino, etorkizun baten bila ospa egitea erabaki dute askok. Batzuk Alemaniara joango dira, injeniari titulua aurkezpen karta bezala hartuta; beste batzuei Rio de Janeiroko jatetxe batean lan egiteko aukera sortuko zaie; eta Estocolmoko kafetegi batean zerbitzari amaituko du baten batek.
Aspalditik bageneukan horrelako adibide ugari gure inguruan. Pentsa zenbat euskaldunek egin zuten Ameriketarako bidea joan den mendearen hasieran eta aurrekoetan. Orain, gure arbasoen joera migratzailea berriro gaurkotu denean, gure ingurukoak –edo geroni, batek daki– atzerrian lana bilatzeko atakan aurkitzear gaudenean, aztertuko al dugu etorkinekin maiz izan dugun jokabidea? Xabier Larrañaga kazetariari irakurri diot berriki, komentario xenofoboren bati aurre egiteko erabili izan dugun esaldia honako hau izan dela: «Oroitu zure aiton-amonez eta haiek erabili zuten kartoizko maletaz». «Gaur nahikoa dute beren seme-alabez, Dublineko taberna ziztrin batean platerak garbitzen ari diren horiez, gogoratzea», gaineratu du.
Atzerritarra errazago ulertzen baita atzerritarra norbera denean.