Gorka Hermosaren musika (Urretxu, 1976) erreferentzia da mundu mailan akordeoi jotzaile askorentzat. Estilo pertsonala eta berezia du, eta dagoeneko hiru disko argitaratu ditu. Gaur egun, Santanderreko musika kontserbatorioan irakaslea da.
Hermosak Urretxu-Zumarragako Lourdesko Ama ikastolan eta Garaialde Lizeoan egin zituen oinarrizko ikasketak. Musika ikasketak Secundino Esnaola musika eskolan hasi zituen. Gurutz Arrizabalagarekin hasi zen akordeoia jotzen, 12 urte zituela. Irakasle asko izan ditu ordutik, gaur akordeoia bizi bide egin duen arte.
Zure lanek zabalkunde handia dute mundu mailan. Urrian Washingtongo Martin Woldson Theater-en estreinatu zuten zure lanetako bat.
Zeelanda Berriko Grayson Masefield akordeoi jotzaileak eta Spokane Symphony orkestrak elkarrekin jo zuten Picasso´s Guernica nire lana. Jakin nuenean ezin sinetsita gelditu nintzen. Graysonek nire obra asko jo izan ditu, eta horiei esker mundu mailako lehiaketa ugari ere irabazi ditu. Egia esan, bera da nire konposizioak mundu mailan ezagutzera eman dituena, konfiantza handia du nire lanarengan. Urteekin lagun minak egin gara, eta beretzako abesti gehiago idazten jarraitzea espero dut. Luxua da horrelako musikari batek nire obrak jotzea.
Une honetan zertan zabiltza?
Kontzertu ugari eskaintzen ari naiz. Azaroan Bilboko Euskalduna jauregian jo nuen, bakarlari gisa. Gainerakoan, Parisko Lmtv-n, Torrelavegan eta Barakaldon ere izan naiz. Azken honetan, Flamenco Etxea nire diskoa aurkezten. Orain, abenduan, Bartzelonako L’Auditorira joango naiz eta Bilbon errepikatuko dut, Arriagan.
Honaino iristeko, hala ere, lan asko egin behar izan duzu.
Bai, 12 urterekin hasi nintzen akordeoia ikasten Zumarragako Secundino Esnaola musika eskolan. Ondoren, Javier Ramosen Zumarragako akademian jarraitu nuen ikasketekin. Geroago, Thierry Pailletekin eta Amaia Lizeagaren hainbat ikastaro egin nituen Irunen (Gipuzkoa). Nazioarte mailako maisu handiekin ikasteko aukera ere izan dut: Friedrich Lips, Jacques Mornet, Eric Pisani eta Elsbeth Moser, besteak beste. Goi mailako akordeoi ikasketak Gasteizko Kontserbatorioan egin nituen.
Zergatik akordeoia?
Zortzi urterekin hasi nituen solfeo ikasketak, baina ez zitzaidan gehiegi gustatzen. Denborarekin instrumentu bat ikasteko aukera sortu zitzaidan. Nire lagun minetako batek, Jon Lekuonak, akordeoia jotzen zuen, eta horregatik hasi nintzen. Pasio gehiegirik gabe, egia esan.
Nola gogoratzen dituzu hasierako urte haiek?
Hasi eta segituan gustatu zitzaidan akordeoia. Ramosekin ikasten hasi nintzen. Frantziara bidaia asko egiten genituen, lehiaketetan eta parte hartzeko. Bultzada handia izan zen hura niretzat. Garai hartan ezagutu nituen gaur egun nire lagun onak diren asko. Ordu asko ikasten genuen, baina gustura egiten genuen.
Noiz egin zenuen musikari profesional izateko pausoa?
1998an Juventudes Musicales de España lehiaketa irabazi nuen, eta saria Espainian zehar 20 kontzertu ematea izan zen. Horrek ate asko ireki zizkidan, jende askok ezagutu ninduen horri esker, eta kontzertu gehiago emateko aukera sortu zitzaidan.
Akordeoi jotzailea izateaz gainera, konpositorea ere bazara. Nola definituko zenuke zure estiloa?
Akordeoitik espero ez den musika ateratzen saiatzen naiz, beti gauza berriak bilatuz. Oso estilo ezberdinak ukitu ditut, estiloa niretzat kortse estu bat da. Zerbait esateko, musika garaikidea, rock-a, tangoa, jazz-a, flamenkoa eta euskal folklorean oinarritutako musika egiten dudala esango nuke.
Irakaslea ere bazara.
Bai, bokazio handia dut gainera. Izugarri polita iruditzen zait bizi izan ditudan esperientziak gazteei erakustea. Nire ikasleek hainbat lehiaketa irabazi dituzte, eta batzuk TVE-n, RNE-eko Radio Clasican jotzera ere iritsi dira. Musikan egiten dudan guztitik hauxe da harroen sentiarazten nauena.
Zure ibilbidea, dena den, oso luzea da. Musikari eta talde ezagun askorekin kolaborazioak ere egin dituzu.
Bai, batzuk badira. La Mari (Chambao), Luis Auseron (Radio Futura), Carlos Soto (Celtas Cortos), India Martinez, Paquito D’Rivera (Grammy irabazlea), Javier Peixoto (Madredeus), Pablo Zinger (Piazollaren piano jotzaile ohia), Ara Malikian, Jose Luis Monton eta Carmen Paris, besteak beste.
Jendaurreko emanaldi ugari ere egin dituzu. Bat aukeratzekotan, zein izango litzateke?
1998an RTVEko Orkestra Sinfonikoarekin bakarlari bezala eman nuena. Espainian, akordeoi jotzaile batek orkestra sinfoniko batekin bakarlari bezala ematen zuen lehenengo kontzertua izan zen hura. Momentu historikoa izan zen akordeoiarentzat oro har, eta pertsonalki bizipen izugarria.
Espero al zenuen musikagintzan zauden lekuraino iristea?
Inolaz ere ez. Nik akordeoi irakaslea izan nahi nuen kontserbatorio batean, baina lehenengo kontzertua eman nuenetik ez naiz gelditu. Konposatzen ere orduan hasi nintzen, baina ez nuen uste urteekin izan duten oihartzuna izango zutenik. Niretzako amets batean bizitzea bezalakoa da. Dena den, norberak zein den ezagutu eta gauzak apaltasunez hartzen jakin behar du, egunero hobetzen joateko.
Etorkizunari begira, zer asmo dituzu?
Orain nagoen bezala jarraitzea, eta pixkanaka-pixkanaka erronka handiagoei aurre egiteko gai izatea. Eta hurrengo erronka, ez da makala, apirilean aitatxo izango bainaiz.