Mohamed Mjahed (Maroko, 1978) argiketaria da lanbidez. Duela urte batzuk bere enpresak Italiara bidali zuen laenra, eta Europan gelditzea erabaki zuen. Duela lau urte Zumarragako Filipinar Uharteak kaleko harategia hartu zuen.
Nongoa zara?
Marokoko hiriburutik gertu jaio nintzen: Kenitra hirian. Rabatera 40 kilometro inguru daude.
Zertan lan egiten zenuen han?
Argiketaria nintzen. Nire enpresak Italiara bidali ninduen lanera, eta ondoren Europan gelditzea erabaki nuen. Euskal Herrian soldata ona eskaini zidaten, eta bertan gelditu nintzen.
Zenbat denbora daramazu Europan?
Italian hiru hilabete bakarrik egin nituen. Ondoren, Bergarako Osintxu auzora etorri nintzen, duela zortzi bat urte.
Euskal Herriaz ezer ba al zenekien?
Bai. Izan ere, ordurako lau anaia-arreba nituen hemen. Beraiek lagundu zidaten. Euretako bat Lazkaon bizi zen, eta joan zen astean atal honetan bertan atera zen Mariela Perez ere ezaguna dut.
Argiketaria izanik, orain nolatan zabiltza harakin lanean?
Elektrizitate arloko Ordiziako enpresa batentzat lan egin nuen, baina lan eskaerak behera egin zuen eta harategi hau hartzea erabaki nuen, duela lau urte.
Zer diozu Goierriz?
Hemen bizimodua Marokon baino hobea da. Azkenaldian behera egin du, baina oraindik ondo gaude. Gainera, hemen jendeak ondo hartzen ditu etorkinak, eta osasun eta hezkuntza arloak oso onak dira. Janariari dagokionez, patata tortilla eta arraina gustatzen zaizkit. Hemengo hezetasuna, berriz, ez dut batere atsegin. Aisialdian mezkitan lan egiten dut.
Bezeroen artean bertako jendea ere ba al duzu?
Bai. Toki guztietako jendea etortzen da. Gainera, musulmanok geure erara hildako abereak bakarrik jan ditzakegunez, asko eta asko gurera etortzen dira.
Haragiaz gain, zer saltzen duzue?
Denetik pixka bat. Fruituak eta Hego Amerikako produktuak ere bai, hegoamerikarrak ere bezero onak baitira. Gainontzeko tokietan saltzen ez dituzten gauzak, eta merkataritza-guneetan garestiak direnak saltzen ditugu.
Seme-alabarik ba al duzu?
Bai. Emaztea eta hiru seme-alaba ditut.
Sarritan joaten al zarete gurasoak bisitatzera?
Urtero joaten gara, udan. Gurasoek ondo ezagutzen dute Euskal Herria, bost seme-alaba baitituzte hemen. Gurasoentzat gogorra da seme-alabak etxetik urrun izatea, baina astero deitzen diegu telefonoz eta Internet bidezko harremana ere badugu.