Seguran bizi da Amaia Luluaga (Ibarra, 1985). Irizarren lan egiten badu ere, denbora librean pitxiak egiten ditu: belarritakoak, eraztunak, eskumuturrekoak, lepokoak, paparreko orratzak, diademak…
Noiz hasi zinen pitxiak egiten?
Hasi-hasi, ez dakit, betidanik egin izan ditut eskulanak: fimoarekin, feltroarekin…
Eta orain zein materialekin egiten dituzu pitxiak?
Gehienbat kafe kapsulak, feltroa, koloretako aluminiozko burniak… Horiek manipulatzeko makinak ditut: hainbat trokel ditut forma ezberdinak lortzeko, kola berotzeko pistolak, eraztunen neurri ezberdinak egiteko oinarriak…
Trokelean kolore ezberdinetako feltroak jarri eta makinak nik aukeratutako formak ematen dizkie. Gero zati ezberdinak bata bestearen gainean nahi bezala muntatzea da kontua, kola beroarekin. Alanbreari, berriz, aliketa berezi batzuekin ematen diot forma.
Nonbait saltzen dituzu egiten dituzun pitxiak?
Lehen Tolosako denda batean saltzen nituen. Amasan eta Berastegin ere saldu ditut, azoka berezietan postua jarrita. Horietara nire lagun Izaro Saizarrek animatuta joan nintzen, eta bion materiala saldu genuen.
Azoken aurreko bi asteak izugarriak izan ziren. Denbora gutxian pitxi asko egin nituen, eta pixka bat nekatu egin nintzen. Normalean nire kasa, denbora dudanean, egiten ditut, eta lagunei oparitzen dizkiet, baina, azokan aukera gehiago edukitzeko, lan asko egin genuen. Gorka nire mutil-lagunak ere asko lagundu zidan, eta eskerrak!
Asko saldu al zenuen azken azoka horietan?
Bai, asko. Amasan jende gutxiago zebilen eta, tira, neurrian, baina Berastegin asko saldu genuen. Egindako lanak merezi izan zuen.
Zer saldu duzue gehien?
Nik uste nuen feltroarekin egindako pitxi gutxiago salduko genuela, eta alanbrearekin egindakoak gehiago, baina, koloreengatik edo, feltrozko pitxi gehiago saldu dugu.
Beste moduren batean saltzen hasteko asmorik ba al duzu?
Ez. Webgune batean saltzen hasteko edo modu jarraian saltzea ekar dezakeen salmentak lotura handia dakar, eta une honetan behintzat nahiago dut ez gehiegi lotu. Gustatzen zaidalako egiten dut, eta bai, dirutxo bat lortzeko bide ona da, baina, lanetik irten eta ez dut beti pitxiak egiten aritu nahi. Nork daki, agian gerora ideiaz aldatuko dut, baina, momentuz, nahiago dut horrela, azoka puntualetan eta noizean behin saldu.