Aitor Sarriegi
Bazekiat Madril aldean izan berri haizela. Ez diat galdetuko haize berririk bazebilen, uste diat erantzuna badakidala eta. Hemen bazirudik gauzek bere horretan jarraitzen dutela. Albistegiak ikusteak ere nazka ematen dik telebistan. Badakik, hartzen ditek gai bat (benetakoa denik ez diat ukatzen, e!) eta gainerakoak existitu ere ez dituk egiten. Etxe-kaleratzeen inguruan zebiltzak aspaldian. Duela bost urte ere izango zituan ba, kaleratuak, baina ez oraingoak bezain biktima errugabe, nonbait.
Egia dek ugaritu egin direla, baina albistegietan ikusi ditugun guztiak zaku berean sartzekoak ez direnaren susmoa askok daukagula ere esango nikek. Tragedia handia behar dik izan, norbere etxetzat hartu den txokotik kale gorrira botatzeak. Zergatik, eta, guztion zergetatik erreskatatutako bankuei neurrigabeko baldintzetan dirua itzultzeko zailtasunak izateagatik!
ERE eta greba-hotsak ere gero eta ozenago eta sarriago azaldu dituk Goierri aldean ere. Azken hamarkadetan langilearen ia paradisu izan denak ere badizkik bere zuloak, nonbait. Artean mutikoa ninduan 80ko hamarkadan, eta hura bizi izan ez genuela hamaika aldiz entzun behar izan diat. Bazirudik orain izango dugula beste aukera bat.
Hamalaugarren lansaria ere kolokan zegok beste askorentzat. Opariekin eta oporrekin lotzen diagu, gainera, urte osoko soldatatik enpresari aurreratzen diogun zati hori, eta extra ere deitzen ziotek.
Panorama ederra zetorrek urte berrirako. Hura ere, bi mila eta… hamairua. Eguberri on!
Iñaki Apalategi
Bietatik hemen eta Madrilen, kaleratuak eta kalera atera direnak. Eta arrazoi duk, kaleratutako guztiak zaku berean sartu behar ote diren… Ahal zutena baino gehiago arriskatutako bankuek bakarrik behar izan ditek erreskatea, fama denei tokatu zaien arren; eta desjabetuen aldetik, berriz, iruzur batean eroritakoen aureola denen gainean ezarri duk. Orain 10 urte alokairuaren aldeko hautua egin eta denek barrezka «etxebizitzaren prezioa ez duk inoiz jaisten, erosi ezan!» esaten ziotenari orain desjabetzeekin solidario izateko eskatzen dion zenbat zegok? Benetan bere arazoaz harago arazo bat ikusten dutenak zenbat dituk?
Bakoitzak bere diruarekin nahi zuena egiteko eskubidea omen zian… kausa efektu sekuentzia zer den ahazteraino heldu gaituk, eta kalteen errua besteek beti. Hori esanda, egia duk egoera gorri horretan dagoen jendearen zati handi bat ez dela dirua xahutzen ibili. Nire elkartasuna eta besarkadarik beroena haiei.
Eta CAFen ERE krisia. Eta esateak bertigoa eman arren, gaur egungo merkatu arauen barruan produkzio modu hau agortuta zegok. Krisia ereduarena duk, eta eredua guk hautatu dugun neurrian, gure krisia duk: ekimenik eza, talde izaera ahazterainoko norbanakotzea, pasibitatea, akatsak onartzen ez jakitea… Tamalez, krisi ekonomikoa balio krisiaren ondorio bat baino ez duk.