Iñigo Igartza
Ekonomian aditua
Aitatxo! zuk jakingo duzu, jakin beharra daukat.
– Iepa! Lasai, zer dezu?
– Zer da kondaira bat?
– Ño! Ta hori?
– Eskolan esan digute irla bat bazela, baina bat batean barku bat hurbildu ta ez dela bertan. Batzuk diote ez dela sekula bertan izan, beste batzuk, mugitu egiten dela, edo ta beste dimentsio bateko atea dela.
– Jajaja, Sandy deritzona ezta?
– Bai!
– Tira ba, ipuin bat nahi? Paul Alain eta D’Angeloren historia sekulakoa da.
Mundua itsaso zeneko historia da hau. Marinablue ontzian, Paul Alain eta D’Angelo bizi ziren. Bizitza xumea eta alaia zen beraiena. Itsaso zabalen, maiz aurkitzen zituzten beste ontzi batzuk, eta trukea izaten zen erlazio puntua.
Ontzi batzuk handiak ziren eta Europa izenekoa argi oroitzen dut. Ontzi ederra itxuran, bere oinarrian, kaskoan, zirrikituak zituen eta urak barrurako bidea egiten zuen. Bertan langile ugarik isileko lana egiten zuten, gero eta gehiago izanik eta uren kanporatzea gero ta nekezagoa.
Ontziaren goi partean, argiek dirdir ederra islatzen zuten, eta gero eta pertsona gutxiagok zuen huraxe miresteko unerik. Bitartean herdoilak zarataz jantzi ohi zuen Europaren mugimendua astuna, gero eta nabariagoa zen zarata hura. Isiltasunean, zarata hori beldurgarria zen, burdinak zurrunka egingo balu bezala.
Beste ontzi batzuk ere baziren eta Asia, inoiz ikusitako itsasontzirik astunena, jendez lepo eta handia. Batzuek itsasoa eta argiak miresten zituzten bitartean, gehienek lana gogotik eta trukean ezer gutxi jasota, gizarte denetan ditugun liburutxoen esana jarraitzen zuten, egia borobilaren jabe izango bailiran.
Ez ziren bakarrak, ordea, eta tarteka talka egiteko arriskua bizi zuten. Zentzugabea itsasoa horren handia denean. Bereziki batek, txalupatxoak bidali ohi zituen besteetara, hau eman, oparitu eta gero zirikatu eta unea iristean beren argitxoez jabetzeko. Ontzi honek, Neo izenekoak, gaixotasun kutsagarri bat zabaldu zuen laster ontzi handien artean, nahiaren sukarra izenekoa. Sukar honek argien zoragarritasuna areagotzen zuen.
Barku handi haien bidean, haietara igo nahirik, haien argiak mirestuta, Afrika txikiak, Afrika handia zatitzen zuten txalupatxoz txalupa. Hauek ere, sukar horren menpe gaixotu ziren eta denek nahi hitza oihukatzen zuten. Ezintasunaren bide malkotsua beren begirada galduetan.
Neok, denei eman zien, eta ordaina jasotzerako orduan, barkuko agintariek, ordaintzeko gaitasuna urria zela eta, itsasontziko partaide bakoitzari ahalegina eskatu zion, gero ta indartsuago, estuago eta jendea ezintasunaren atarira iritsi zen. Bitartean, barkuko goi partean bizi zirenek, argia murrizten zieten besteei.
Paul Alain eta D’Angelok justuan hartzen zuten parte barkuen arteko jolas eta trukean, eta errespetuz egiten zituzten haien sartu irtenak. Denak ziren, ordea, mundu berdinaren partaide, eta arazoak pilatzen zirenean, lurralde ukiezinera abiatzen ziren. Bertan, itsaso zabaleko lur zati bakarrean, eseri eta antzinatik jasotako legeak irakurtzen zituzten; denek onartzen zuten kodea.
Egunak pasa ziren, asteen jarraian hilabeteak, eta beharra handitu zen barkuetako jendearen artean, ia denen artean.
Paul Alain eta D’Angelok barku handien mugimendua ikusi zuten, eta pirata ontziak bailiran, irla onartua suntsiturik ikusi zuten bat batean, eta bertan onarpenaren esanahia itotzen zen.
– Baina aitatxo, zergatik kontatzen didazu piraten ipuin bat orain? Nik kondaira bat nahi nuen eta…
– Umm… irla hori, urteetan jasotako giza eskubide eta haien onarpena da, eta horri eusten ez badiogu, eta ez gera lortzen ari, nahi-ak itoko gaituela hitz egingo dugu, aberats eta boteretsuek irla hori kondaira bihurtuko dutela, egin beharrekotzat jo eta harrotuko dira, beren erabakiak denok defendatuko gaituztela. Eta orduan gure eskubideak kondaira bihurtuko dira, eta jada ezingo dugu defendatu guztion mediku eskubidea, heziketa eskubidea. Ezingo diogu inori leporatu jubilazioaren saria amaitu denik, eta orduz kanpoko lana betebehar bihurtuko da. Bata bestea zapalduko dugu eta, eta, non geratuko dira etxebizitzaren eskubidea eta bizitza duinarena?
– Eta D’Angelo ta Paul Alain? Aitatxo… negarrez?
– Bata bestearen argiaz elikatu ziren, beharrak orekaren sarean harrapatuta eta beren kanoiak trukatu zituzten arrantzarako kanaberak izateko eta denboraz gozatu ahal izateko. Une batez geldi izan ziren, eta eguzkiaren errainuez gozatu ta kontakizun hauxe gaueko zeru dirdiratiari eskaini, izarrek gauero kontatuko diguten kondaira, entzun nahi dutenentzako.
Mila esker JL Sampedro.