Goierri osoan ziklo-kros zaletasun handia dago, baina kirol honek Ormaiztegin indar berezia izan du. Euskal Herriko probarik zaharrrena da Ormaiztegikoa, eta aurten 50 urte beteko dira lehen proba egin zutenetik. Hilaren 30ean izango da proba. Herriak bi txirrindulari handi ere eman ditu: Iñaki Maiora eta Joxe Ramon Izagirre. Ormaiztegiko probako zirkuituaren barruan eta kanpoan historia egin dute Maiora eta Izagirre ormaiztegiarrek.
Iñaki Maiorak 58 urte ditu eta bere herriko ziklo-kros probari esker zaletu zen. «Mutikotan baserritik herrira joaten nintzen lasterketa ikustera, eta gustatu egin zitzaidan: giroa, jendearen berotasuna…».
Gainera, garai hartan ez zegoen egun bezainbeste auto, eta bizikletan joaten ziren toki batetik bestera. Hala, ez da harritzekoa Maiora txirrindularia izatea. Entrenamendu saioetan herriko ikastetxearen aurretik pasatzen zen eta hura ikusita, Joxe Ramon Izagirrek haren pausoak jarraitzea erabaki zuen.
Izagirre 15 urterekin hasi zen lehiatzen, errepidean, Zegamako taldearekin. Txirrindularitza eta lana uztartzen zituen eta, arerio gogorrak zituen arren –Jokin Mujika itsasondoarra, adibidez–, lasterketa batzuk irabaztea lortu zuen. Lehena ez du sekula ahaztuko, gainera: Migel Indurain handiarekin iritsi zen helmugara eta sprinta irabazi zuen ormaiztegiarrak. Handik gutxira hasi zen ziklo-krosean.
Ordurako Maiorak hainbat bat lasterketa irabaziak zituen. 40 urte pasatu dira dagoeneko herriko proban lehenengoz parte hartu zuenetik. Bera ere errepidean aritu zen, baina beti oso argi eduki zuen ez zuela Irizar enpresako lanpostua txirrindularitzagatik utziko. Errepideko probak prestatzeak askoz ere denbora gehiago eskatzen duenez, ziklo-krosean aritzea erabaki zuen.
Maiorak ere errepidean lasterketa batzuk irabazi zituen. Gainera, Asturiasko Itzulian parte hartu zuen profesionalekin. Txomin Perurena bere taldekideak irabazi zuen lasterketa hura, besteak beste, Maiorak eskainitako laguntzari esker. Profesional mailan jarraitzea eskaini zioten, baina ezezkoa eman zuen. Ez da sekula damutu.
Izan ere, erabaki hari esker, ziklo-krosean sekulako ibilbidea osatu ahal izan zuen. Lasterketa asko irabazi zituen, Europa osoa ezagutu zuen, eta lagun asko egin zituen. Bost aldiz irabazi zuen Espainiako Txapelketa. Euskadikoa beste hainbestetan irabazi zuen eta Ormaiztegiko lasterketa, berriz, seitan. Inork ez du proba hau horrenbeste aldiz irabazi.
Izagirrek, berriz, Euskadiko Txapelketa seitan irabazi zuen eta Espainiakoa hirutan: behin afizionatutan eta birritan profesionaletan. Herriko lasterketa, ordea, behin bakarrik irabazi zuen. «Urduri» jartzen zela aitortu du. Maiorak, berriz, «arazo handien aurrean hazi» egiten dela dio.
Biek dute oso gustuko herriko lasterketa. Gainera, euren garaian «sekulako giroa» izaten zen: «Inguruko herri guztietan zeuden txirrindulariak eta bakoitza berea animatzera joaten zen: Urretxukoak eta Zumarragakoak Joxe Mari Iurrebasorekin, itsasondoarrak Jokin Mujikarekin…» Ormaiztegik, baten faltan, bi ordezkari zituen.
Maiorak jarri zuen ziklo-krosaren lehen harria Ormaiztegin. Berari ikusita egin zen txirrindulari Izagirre eta aitari ikusita egin dira txirrindulari Gorka eta Jon Izagirre Euskaltel-Euskadi taldeko profesionalak. Maiora bi gazteen jarraitzailea da. «Ikaragarrizko poza ematen dit herrian maila horretako bi txirrindulari izateak. Tourrera joaten naiz, Joxe Ramonekin, animatzera». Biak lagun onak dira eta Izagirrek Maiora maisu izan zuela dio: «Inor baino hobeto prestatzen zen eta Izuzkizak eta biok asko ikasi genuen berarekin». Biak oraindik bizikletan ibiltzen dira. Maiorak neguan bolada luzeak Kanariar Uharteetan ematen ditu eta han ere badu bizikletan ibiltzeko ohitura. Izagirre, berriz, udan ibiltzen da batez ere.
Atzera begira, garaipenik kuttunenei dagokienez, herriko lasterketa aipatu dute biek. Bestalde, Santanderren jokatu zen Espainiako Txapelketan biek urrezko domina eskuratu zutela gogoratzen dute: Maiorak profesional mailan eta Izagirrek afizionatuetan.
Baina lorpenik handiena «herrian kirol zaletasuna suspertu izana» dute. Gazte askok eurei ikusita erabaki zuen bizikletan ibiltzea. Gainera, Maiorak herriko lasterketa berreskuratu zuen lagun batzuekin batera, eta Izagirre egungo antolatzaile taldeko kidea da.
Herriko probak etorkizun oparoa duela uste du. Gainera, herrian txirrindulari gazteak daude. Katea ez da eten, beraz, Euskal Herriko ziklo-krosaren hiriburuan.
Lehenengo proba 1962an antolatu zuen Baso Txulo elkarteak
Angel Elortza zale ormaiztegiarrak jasotako datuen arabera, lehen ekitaldia Jose Luis Talamillok irabazi zuen eta ondorengo bietan Amelio Mendijur urretxuarra nagusitu zen Ormaiztegin. Biak bizikleta gainean hil ziren handik gutxira. Iñaki Maiorak 1973an irabazi zuen lehenengoz. Hamarkada erdialdean Baso Txulok proba antolatzeari utzi zion eta Ormaiztegiko Kirol Elkarteak hartu zuen ardura. 1979an Roger de Vlaeminck handia etorri zen, baina Joxe Mari Iurrebaso eta Maiora nagusitu zitzaizkion. Iurrebasok bost aldiz irabazi zuen. 1986an munduko onenek parte hartu zuten, eta De Brauwer nagusitu zen. Izagirrek 1991n irabazi zuen. 1997an ere antolatzeari utzi zioten eta 2004an Ormaiztegiko Txirrinduaren Lagunak sortu zen proba berreskuratzeko. Urte hartan Zugaitz Ayuso itsasondoarrak irabazi zuen.