Asier Eguren Corrales (Zumarraga, 1991) Ingurumen zientziak ikasten ari da Txilen, Erasmus programarekin. Urtarrilean itzuliko da jaioterrira.
Zergatik erabaki zenuen Erasmus joatea?
Beste lurralde eta kultura batzuk ezagutu eta horietaz ikasteko aukera izateko hartu nuen erabaki hau.
Zergatik Txilera?
Oso argi nuen Hego Amerikako herrialde batera etorriko nintzela. Zergatik Txile? Bere dibertsitateagatik eta paisaia aberatsengatik. Gainera, bertako herri indigenak eta ikasle mugimendu indartsua ezagutu nahi nituen.
Zer moduz moldatu zara bertan?
Oraingoz oso gustura nago, nahiz eta batzuetan esaten dutena ulertzea kostatzen zaidan. Ez dituzte «s» eta «z» bereizten, hitz propio asko dituzte, guk ere erabiltzen ditugun hitz askori beste esanahi bat eman diete… Baina irekiak dira, eta hemengo bizitzak hangoaren antza du, nahiz eta askoz lasaiago bizi diren.
Espero zenuena aurkitu al duzu?
Bai, baina unibertsitatea Euskal Herrikoaren antzekoa da. Nik espero baino antz handiagoa du. Bestalde, ikasle mugimenduak indar handia du eta herritarren zati handi bat eurekin bat dator. Izan ere, hezkuntza pribatua da ia bere osotasunean, eta askok ikasi ahal izateko bankuari dirua eskatu behar diote.
Zerk harritu zaitu gehien?
Kalean txakur asko daudela. Ondoan jartzen zaizkizu eta babesa ematen dizute: norbaitekin gurutzatzen zarenean hari zaunka egiten diote.
Zer gustatu zaizu gutxien?
Hemen, berdintasun eza Euskal Herrian baino handiagoa da: bai maila sozialen artean eta bai gizonezkoen eta emakumezkoen artean.
Valparaison bizi zara, nolakoa da hiri hori?
Hiri berezia da, itsasotik mendira luzatzen baita. Hori dela eta, behatoki asko daude. Pareta askotan marrazkiak edota errebindikazio mezuak daude. Aipagarria da ere, hiri hau kultura aldetik oso aberatsa dela: hitzaldiak, kale ikuskizunak, kontzertuak, margolariak… Gainera, Valparaisoko zenbait auzo Gizateriaren Ondare izendatu dituzte.
Nolakoak dira txiletarrak?
Festazaleak eta jatun onak dira, gu bezala. Gainera, hemen abizen euskaldun asko daude eta kaleen izen asko ere euskaldunak dira. Desberdintasunei dagokienez, gu baino irekiagoak dira, baina baita mesfidatiagoak ere. Bestalde, guk baino kirol gutxiago egiten dute.
Zer egiten duzu denbora librean?
Denbora librea Valparaiso ezagutzeko eta bertan antolatzen diren ekitaldietara joateko erabiltzen dut. Asteburuetan bidaiatu egiten dut.