
Gorka Azkarate
Abendua beti izaten da ekitaldiz beteriko hilabetea: euskararen eguna, Santa Lutzi feria, Gabonak… Esaera zaharrak ere halaxe dio: abenduaren erdia gaua eta beste erdia… festa. Ez zaio arrazoirik falta esaerari. Pasa den asteburuan Bizkaiko bertsolari txapelketako finala jokatu zen Bilbon, eta entzun dudanez egun-pasa ederra egin zenuten kuadrilla giroan. Estiballes garaile, eta ez edonoren aurretik: Igor Elortza bera. Final hunkigarria izan zela entzun dut han eta hemen, eta transkribaturiko bertso bat edo beste irakurri ere bai. Joxe Agirreren egun bereko heriotzak ere izango zuen zerikusirik. Goian bego!
Bartzelonan harrapatu nau ni aipatu dudan gertakari sorta horrek guztiak. Aspalditik gordeta neukan agendan pasa den asteburua, eta erraza izan ez den arren (egunen batean erakutsiko dizut nire agenda, Nerea), bizpahiru eguneko oasia mantendu eta Katalunia aldera joatea lortu dut (badakizu, beti dago guztia bertan behera botako duen azken orduko txanpinoien bat hazteko aukera…). Independentzia hotsak oihartzun handia sorrarazi du azken boladan paraje horietan, sekula usteko genuena baina handiagoa. Inork ez daki zertan amaituko den kontua, baina ahots askoren arabera, atzera bueltarik ez duen bidaia hasi omen du Kataluniak. Politika kontuetan zuhurtzia da beti ezinbestekoa, baina auskalo, nork daki! Agian utopia errealitate bilaka daiteke. Gurean, bien bitartean, Jainkoaren aurrean apalik, euskal lurrean zutunik… edo horrelako zerbait, ezta? Zuk jakingo duzu hobeto, ea, azal iezadazu nola den…
Nerea Elustondo
«… asaben gomutaz, Gernikako Arbolaren azpian, herri ordezkarion aitzinan, nire aginbidea ondo betetia zin dagit» uste dut dela… Egia esan, ez daukat zure agenda ikusteko interes bereziegirik (aukeran nahiago zurekin hitz-aspertu bat egitea), baina, zin egiteren bat egina ote duzun zalantza sortu zait zure hitzak irakurrita. «Beti dago guztia bertan behera botako duen azken orduko txanpinoien bat hazteko aukera» hori, ezaguna egingo zitzaion herri mugimenduetan lanean dabilen bati baino gehiagori.
Irudipena daukat, eginbeharrak gehiegitan hartzen ditugula txanpinoitzat. Ez naiz pasibitatearen apologia egiten hasiko; nik elikatu gabe ere, nork elikatua baduen piztia baita. Denari bai esatea ere, ez dakit zenbateraino den ona, ordea. Nik ere, baditut nire pekatutxoak kontu horretan, eta beharbada horregatik, zer pentsatu ugari ematen didan gaia bihurtu zait azken bolada honetan. Zer zentzu dauka, gauzak egin behar direlako egite hutsak, egin behar den hori inongo ilusiorik gabe (askotan nekatuta eta erreta) egiten badugu? Ze ekarpen egiten du batek halakoetan? Ez ote luke besteren batek pasio gehiagorekin lan bera burutuko? Lantzen al dugu erreleboa pasatzearena? Nola?
Erantzun zehatzak baino galdera gehiago sortzen zaizkit. Baina inor ez dela ezinbestekoa onartzera derrigortzen gaitu errealitateak. Agirre ere joan zaigu, bai… Ondo bizi Joxe! Eman goraintziak Florentino eta gainerakoei!