Zumarragako Euskadi plaza ekitaldi garrantzitsu askoren bilgune izan da
ia 100 urteko bidean.
Zumarragako Euskadi plaza ederra da benetan. Antonio Prada Zumarragako agirizainak emandako datuen arabera, Euskadi plaza 1866an egin zen. Ordura arte, udaletxea Nafarroa plazan zegoen.
Berria egiteko erabili zen lursaila Alberdi familiarena zen, udalak erosi zuen arte. Udaletxe berriaren ondoan bi etxe egin zituzten Alberditarrek: Itarte eta egun batzokia dena.
Atzeko lorategia ere eurena izan zen. Jose Antonio Alberdik ekarri zuen Amerikatik bertako sekuoia zuhaitz bikaina. Izan ere, Alberditarrak indianoak izan ziren.
Egun, Zumarragako plaza karratua da eta bere lau aldeetan arkupedun etxeak ditu, baina hasieran ez zen halakoa. Izan ere, ezkerreko eta eskuineko aldeak udaletxea baino hamar bat urte beranduago eraiki ziren. Udaletxe pareko eraikina, berriz, XX. mende erdialdekoa da. Rufino Berjerandik egin zuen.
Erdian, Filipinar Uharteak kolonizatu zituen Lopez de Legazpiren estatua dago, 1897.urtekoa. Aniceto Marinas segoviarrak egin zuen eta lan honekin Madrilen lehiaketa bat irabazi zuen.
Euskadi plaza gertakari garrantzitsu askoren lekuko izan da. 1899an, adibidez, Euskal Jaiak egin ziren. Errepublika garaian, berriz, autonomiaren aldeko ekitaldia izan zen bertan. Ekitaldi horretan Telesforo Monzon abertzaleak eta Indalecio Prieto sozialistak parte hartu zuten, besteak beste.
Egun ere toki garrantzitsua da Zumarragako plaza: larunbatero azoka egiten da, uztailaren 2an eta abuztuaren 15ean ezpata dantza egiten da…