Rufino Iraola Garmendia
Idazlea
Bat izatekotan, Gabon garaia da egokia kristautasunaz mintzatzeko. Lehenik, esan dezagun guregana iritsi den kristautasuna iragazki asko igaro ondoren iritsitakoa dela: testamentu zaharretik zetorren tradizioa, ondorengo filtroa ebanjelariak berak dira, gero Greziako kultura, ondoren erromatarra, Elizaren dogma… Testuinguru horretantxe ekingo diogu historia markatu zuten bi gizonen konparaketan. Jakina, pisurik handiena Jesusen aldetik egongo da, baina Sokratesek ere aztarna eta lorratz handiak utzi zituen Greziako kulturan, eta erruz eragin zuen ondorengo filosofoengan. Jesus baino 400 urte lehenago bizi izan zen.
Sokratesek ez zuen idatzirik utzi. Ikasleak arduratu ziren maisuaren ideiak hedatzeaz, bereziki Platon. Jesusek ere ez zuen ezer idatzi. Jesusen pentsamendua eta jokabidea Ebanjelioetan, kanoniko zein apokrifoetan, geratu dira txertaturik. Hitzez hitz ez dakigu Sokrates eta Jesusek zer esan zuten. Zeren bitartekoei esker iritsi zaigu haien mezua. Nolanahi ere, uste dut, inolako zalantzarik gabe uste ere, haien ideiaren eta mezuaren oinarrizkoena iritsi dela guganaino, nahiz eta tartean hainbeste interes egon batzuei komeni zaien eran gauzak interpretatzeko eta apaintzeko. Jesusen kasuan, behintzat, nabarmena da hori.
Esan behar da, bestalde, Sokratesen eta Jesusen hitzak kontzientzia-maila mitikoaren garaikoak direla. Horrek esan nahi du ezinbestekoa dela gaurko estadio arrazionalera itzultzea, irakurketa literalistatik urrundurik. Eta zer esanik ez baldin eta, batzuek dioten moduan, kontzientziaren maila trasnpertsonalaren atarian eta eredu ez-dualean gaudela onartzen badugu. Zalantzarik ez dagoena da kultur paradigma post-modernoan gaudela.
Sokratesen ama emagina omen zen. Erditzen laguntzearekin konparatzen zuen bere lana edo artea: emagina ez da erditzen, baizik eta besteari laguntzen dio erditzen. Sokratesek ere ez zuen irakasten hitzaren esanahi hertsian, baizik eta zirikatu eta gogoetan jartzen zuen jendea, bere kasa ikas zezan. Jesusek gauza bera egiten du: etengabe ari da bultzatzen ekitera. «Eman zeuok jaten», esango die, jendetza goseak ikusita.
Sokratesek esango du bakoitzaren barnean sortzen dela jakinduria. Jesus ez da isilduko, esan eta esan, barrendik berritu behar duela gizakiak, barrendik mintzatu behar dela. Sokratesek adierazten die ikasleei ahots dibinoa daramala barnean (mundu honetan zerbait garrantzizkoa egiten ari zelako kontzientzia hartzen du). Baita Jesus ere, «Aitaren (Abba) borondatea betetzera etorri da, berri ona iragartzera etorri da» (gizakia bere loturetatik askatu beharraren kontzientzia hartzen du –eta ez inor lotu, gero askok eta askok bere izenean egin duten moduan–).
Sokratesek gogor egiten zuen protesta inor heriotza-zigorrera kondenatzen parte hartu beharragatik. Jesusek ez die utziko emakumea harrika hiltzen: «Bekatutik libre dagoenak jaurti dezala lehenengo harria». Sokratesek ez ditu salatuko kontrario politikoak. Jainko berriak sortzeaz eta gaztedia galbidean ipintzeaz akusatuko dute. Jesus, aldiz, bere burua jainkotzat hartzeaz eta profeten legea hausteaz. Jesusek hitz gogorrak jaulkiko ditu salatariaren aurka. Garbi esateko, kondenatu zituzten, bata benenoa hartzera eta bestea gurutzean jostera, autoritatea molestatzen zutelako. Jesusen kasuan, batez ere autoritate erlijiosoa.
Klementzia eska zezaken. Adibidez, Pilatok nahiago izango zukeen eskuak garbi beharrik gabe Jesus askatzea, baldin eta «Zu Errege zara?», galdetu zionean beste gauza bat erantzun balio, eta ez: «Zeuk esan duzu».
Kontsekuenteak izan ziren azkeneraino. Sentitzen zutena egiten zuten, eta egiten zutena sentitzen. Injustiziaren aurka borrokatu ziren, eragiten zutenak kritikatuz, eta biktimak sokorrituz, premian zenari lagunduz. Beren mezua ez dago separatzerik haien kuraiatik. Ezin ausartagoak izan ziren bi pertsonaia enigmatiko hauek. Historian marka sakona utzi ziguten etorkizunari begira, nahiz eta beren jarraitzaileak garela diogunok kontsekuenteagoak izan bagina, munduak honezkero beste aurpegi bat behar zuen.